ES | EU


2014ko Iraila 04


ERAIKI ZURE “NORTASUN KORPORATIBOA”, HOTS, ZURE NEGOZIOAREN EDUKIA ETA MOLDEA, GIZARTEAK ETA MERKATUAK EDUKI ETA MOLDE HORREN ARABERA EZAGUTU ZAITZATEN

“Nortasun Korporatiboaren Eskuliburuak” zure negozioan zaintzen ditu komunikatu nahi dituzun baloreen eta jomuga publikoak jasotzen dituen mezuen arteko koherentzia bilatzen duten detaileak

Up Euskadiren aurreko artikulu batean azaldu genuen negozio baten “Ikusizko Nortasuna” “Logotipo” bat sortzea baino askoz ere gehiago dela, izan ere zure jarduerarekin batera agertzen diren elementu grafikoen (txartelak, paperak eta komunikazioa, bulegoen itxura, langileak, e.a.) helburua da “Markaren Irudi” egokia lortzea, eta horrek erabakiko du nola ikusiko dituen merkatuak gure negozioaren, produktuen eta zerbitzuen oinarrizko ezaugarriak.

“Markaren Irudia” ez da izaten zuk proiektatu nahi duzuna, baizik eta merkatuak zure negozioaz jasotzen duena, bezeroek zure enpresa, produktu edo zerbitzuaz ikusten dutena. Hala, zure “Nortasun Korporatiboa” eraikitzea proposatzen dizugu, proiektatzen duzunaren eta jomuga merkatuak jasotzen duenaren arteko oreka eta koherentzia lortzeko behar dituzun detaile guztiak identifikatzeko.

Nortasun Korporatiboaz ari gara aipatu ditugun detaile guztiak kontu handiz zaintzeko plangintza bat egiten dugunean, hots, informazio estatikoaz gain, inguruarekiko elkarreragina kontuan hartzen dugunean. Zenbait negoziok muturreraino lantzen dute alor hau, eta gutxieneko izendatzaile komunak bermatzeko xedez, protokoloak eta prozedurak ezartzen dituzte ahalik eta esparru gehienetan. Horretarako sortzen da “nortasun korporatiboaren eskuliburua”, eman nahi den irudi enpresarial edo sozialaren filosofiarekin bat datorrena.

Eskuliburu korporatiboko ildoak lagungarri dira helburu hauek lortzeko:

  • -“Nortasun korporatiboa eraikitzeko”
  • -Jarraitu edo transmititu nahi den enpresa kultura definitzeko
  • -Gure indar-guneak argi identifikatzeko eta aukerak lantzeko
  • -Gure balioaren eta baloreen berri emateko, aldeko iritziak sortuz
  • -Lantaldeko kide izatearen sentipena indartzeko
  • -Zure negozioko pertsonak helburu komunen inguruan elkartzeko
  • -Akziodun eta preskriptoreen aurrean irudi egokia emateko
  • -Gure sektore edo esparruan lidergoa lortzeko eta mantentzeko
  • -Proiektu, produktu eta zerbitzu berrien sorkuntza bultzatzeko
  • -Publizitate arloan egindako ahalegina osatzeko

Eskuliburu korporatibo on bat estrategia korporatiboaren emaitza eta laburpena izan liteke edo alderantziz ere bai, hots, estrategia bat ezartzeko lehen urratsa: estrategia korporatiboa negozio baten zuzendaritzak behar bezala landutako dokumentu bat da, helburu handiagoak edo hobeak lortzera bideratua modu zuzen eta antolatuan, jomuga orokor eta zehatz, lorgarri eta koherente, neurgarri eta, beraz, kudeagarrietara zuzendutako ekintza prozesu baten bidez.

Eta estrategia korporatibo horrek Ekintza Plan bat izango du, hots, hainbat helburu eta jomuga  lortzen lagunduko duen tresna, jakinik jomuga eta helburu horiek lantaldeko pertsona bakoitzari esleitu zaizkiola, behar bezala identifikatu direla eta argi eta modu errealista batean adostu direla.