ES | EU


2017ko Uztaila 20


Bi euskal gazte ekintzailek garatu dute proiektu hori.

 

Naiz Fit aplikazioak sakelakoarekin ateratako bi argazki –aurretik eta saiheska- baino ez ditu behar zure taila zein den jakiteko eta taila hori arropa marka desberdinetara egokitzeko. Borja Cembrero eta Sara López ekintzaileek bultzatutako proiektu horrek 2017ko Yuzz Donostia – San Sebastián lehiaketa irabazi du, eta abuztuaren hasiera aldera merkaturatuko dute lehen bertsioa.

 

“Gero eta arropa gehiago erosten da Internetez, baina erosleek arazo bat izaten dute, ez baitakite zein taila duten arropa bakoitzerako. Erosleak erositakoa itzuli behar izaten du, eta erosketa-esperientzia txarra bihurtzen da” azaldu du Borja Cembrerok, Naiz Fit enpresako zuzendari nagusiak. “Erabiltzaileek eta markek nabaritutako premia horretatik sortu ginen gu”. Aplikazioak ikusmen konputazionaleko algoritmoak erabiltzen ditu gorputzaren neurriak ateratzeko argazki baten bidez.

 

Sistema horrekin taila zehatza lortzen da. Aplikazioak datu-base bat du pieza guztien neurriak erregistratzeko eta datu-base horrekin alderatuta jakin daiteke pieza bat datorren tailarekin. “Oraingoz 6.000 erreferentzia dauzkagu, baina 50.000tik gora pieza izan nahi ditugu, gurekin kolaboratzen duten markek saltzen dituzten guztiak, alegia” adierazi du Borja Cembrerok. Zerbitzuak online erosteko web orriko botoi bat erabiliko du; hori aktibatuz gero, artikulu bakoitzeko taila egokienak markatuko ditu. Asmoa da guztiz doakoa izan dadila erosleentzat eta markek ehuneko bat ordain dezatela Naiz Fit zerbitzua erabiliz eginiko salmenta bakoitzeko.

 

Proiektua garapen-fase aurreratuan dago, eta abuztuaren hasieran merkaturatuko dute lehen prototipoa Zergatik arropa markarekin, nahiz eta marka gehiago sartuko dituzten hurrengo asteetan. “Prototipo honekin metrikak jasoko ditugu eta ikusiko dugu nolako inpaktua daukan, hau da, zein neurritaraino murrizten diren itzulketak eta handitzen diren salmentak” adierazi du Sara Lópezek, Naiz Fit enpresako marketin eta komunikazioko arduradunak. Fase hori doakoa izango da arropa markentzat, eta martxan egongo da urriaren amaierara arte. “Datorren urtetik aurrera, helburua da nazioartean zabaltzea, oso proiektu eskalagarria baita; saiatuko gara aplikazioari funtzionaltasun gehiago sartzen (adibidez, gustuen araberako gomendioak) eta balioa erantsi dezakeen guztia hobetzen” azaldu du Sara Lópezek.