ES | EU


2014ko Iraila 02


MASLOW-REN PIRAMIDEA: OINARRIZKO PREMIAK, SEGURTASUN PREMIAK, PREMIA SOZIALAK, AUTO-ESTIMA ETA AITORPEN PREMIAK, AUTO-ERREALIZAZIO PREMIAK

Maslow lagungarri izango zaizu pertsonen premiak identifikatzeko eta, beraz, horien arabera aritzeko

Abraham Maslow azkarra eta ikerlari ekintzailea zen. Zazpi senidetan zaharrena zen, Errusiatik iritsitako emigrante juduen semea. Diotenez, “motela eta ordenatua” zen, eta bere haurtzaroa nahiko bakartia eta zoritxarrekoa izan zen: “mutiko judu txiki bat nintzen judutarrena ez zen auzo batean. Zurien eskola bateko lehenengo beltza izatea bezalakoa zen. Bakartia eta zoritxarrekoa nintzen. Liburutegietan hazi nintzen, liburu artean”.

Bakardadeak bultzatuta, newyorktar honek ikerketan igaro zuen bere aisialdi guztia; Zuzenbidea ikasi nahi izan zuen, baina azkenean Wisconsinera joan zen psikologia ikastera. Ikasketak amaitu baino lehen, esaera zaharrari jaramon egin eta bere lehengusina Bertha Goodmanekin ezkondu zen. Orduantxe ezagutu zuen bere maisu garrantzitsuena, Harry Harlow irakaslea, eta harekin hasi zuen portaera sexualean eta primateen dominazioan oinarritutako ikerketa ildo orijinala.

Tximuekin egindako ikerketen emaitzei esker ezagutu zituen Adler, Freud, Fromm, Horney, Wertheimer, Goldstein eta abar, giza sexualitatearen ikerketan interesatu zen, eta psikologia humanistak ezagun bihurtu zuen, bereziki “Maslow-ren Premien Hierarkia” lanari eta “Giza motibazioaren teoriari” esker.

“Maslow-ren premien piramidearen” tesi zentrala hainbat esparrutan aplikatu da, baita  psikologiaz haratago ere. Funtsean dio pertsona guztiok ditugula ase beharreko oinarrizko premia batzuk eta lehen maila ase arte ezin dugula hurrengo mailara pasa. Premia oinarrizkoenak fisiologikoak dira; behin horiek ase ondoren, segurtasuna asetzea bilatuko dugu eta horrela, piramidearen azken mailara iritsi arte.

Piramideak baditu defendatzaileak, baina baita aurkako handiak ere. Dena dela, erreferentzia ona da teoria honek kontsumitzailearen portaerari nola eragiten dion ulertu nahi dutenentzat. UP Euskadi atariko beste artikulu batean ikasi genuen kontsumitzaile orok ase nahi duen  premia bat antzematean gauzatzen duela erosketa, hor sortzen baita “Guraria”. Hala, bere premiei ongien egokitzen den produktu edo zerbitzua identifikatuko du eta premia horiek asetzeko baliabideak baditu, erosi egingo du. Premiak, jakina, aldatu egingo dira pertsona batzuetatik beste batzuetara eta norberaren egoeraren arabera, baina pertsona guztien artean badago portaera patroi bat, Maslow-ren piramide ezagunean islatzen dena:

Wikipediak honela laburbiltzen ditu premia motak:

Oinarrizko premiak:

Pertsonak berekin dakartzan bakarrak dira, bizirauteko oinarrizkoak direnak. Premia fisiologikoak, alegia: gosea, egarria, aktibitatea,..

Segurtasun premiak:

Ordena eta segurtasuna ematen duen egoera bat sortu eta mantentzea bilatzen da. Esaterako, egonkortasuna eta babesa. Segurtasun fisikoarekin, lan edo enpleguarekin, diru-sarrerekin, eta abarrekin lotuta dago .

Premia sozialak:

zerikusia dute integrazioarekin, onarpenarekin, konpainiarekin eta parte-hartze sozialarekin. Komunikazio premiak ere hor sartzen dira, lan eta familia taldeak sortzea eta talde bateko kide izateko premia ere bai.

Auto-estima eta aitorpen premiak:

ego edo aitorpen premiak bezala ezagutzen dira. Bai gainerakoengandik jasotakoak (arrakasta, ospea, gainerakoen estimua sentitzea, estatusa…) eta bai norbere burua baloratu nahiz errespetatzeko premia.

Auto-errealizazio premiak:

Norbere buruaren garapena eta norbere buruarekin gustura egotea. Harmonia eta zoriona lortzea.

Marketinaren esparruan, J. F. Romero autoreak eta iritzi bereko beste batzuek diote gaur egungo egoera ekonomikoan familia askok behar luketena baino zor gehiago dituztela eta etxea galtzeko arriskuan daudela. Horregatik, azken edo azkenaurreko mailatik (auto-errealizazioa eta auto-estima) azpiko mailara jaitsi direla, hau da, segurtasuna bilatzera. Adituen ustez, informazio hori “oso baliotsua da kontsumitzaileen portaera aztertzeko, izan ere premia berriak detektatzen lagunduko digu eta azkar mugituz gero oraindik ase gabe daudenak aurkituko ditugu”.

Era berean, ekintzailetzaren arloan garrantzitsua izan liteke Piramideak negozio aukera berriak aurkitzeko aukerekin duen erlazioa. Adibide bezala jar genezake une honetan bizi dugun egoera ekonomikoa, zeinetan pertsona asko auto-errealizazio eta aitorpen mailetatik premia sozialen (Lankidetza eta Talde-lan gehiago) eta segurtasunaren (“hobe ez arriskatzea eta lanpostu finko bat bilatzea”) mailetara jaitsi baitira.

Eta zuk, urratsez urrats igoko al duzu piramide ekintzailea?

Ase itzazu oinarrizko premiak; eskuratu egonkortasun eta segurtasun apur bat; bilatu taldean lan egiteko norbait, lankidetzarako norbait, hau da, elkarrekiko ekintzailetzarako beste pertsona batzuk; lortu besteek pixka bat estima zaitzaten, baina ez denborarik galdu kanpoko aitorpen bila eta zerorrek aitortu zeure burua; orduan saiatu erabateko harmonia eta zorion maila lortzen, baina nahi duzuna egiteari utzi gabe… Jarraitu ekintzaile izaten!

Interesatzen zaizu gai hau? Badaude giza portaera azaltzen lagun diezazuketen beste hainbat teoria, esaterako, Rober Cialdini-ren psikologiaren oinarrizko 6 printzipioak: http://es.wikipedia.org/wiki/Robert_Cialdini