ES | EU


2014ko Urria 01


Mapplas mugikorrerako aplikazioak tokian tokiko aplikazio onenak eskaintzen ditu, lengoaia naturalaren prozesamendua eta informazio geografikoko sistemak konbinatzen dituen sistema berritzaile bat erabiliz. Hala, hiri berri batera iristean erabiltzaileak garraioari, zerbitzuei eta aisialdiari buruzko aplikazioak kontsultatu ditzake begirada bakar batean. Mapplas startup-a 2013an sortu zen Bic Berrilan haztegiaren barruan.

Zer da Mapplas?

Mapplas tokian tokiko aplikazioen bilatzaile bat da, kokapenean oinarritua dagoena. Inguruko aplikazio mugikor onenak erakusten ditu, norberaren kokalekuaren arabera. Esaterako, erabiltzailea Donostian badago, garraioari, farmaziei, aisialdiari, pintxo ibilbideei eta beste hainbat gairi buruzko aplikazioak erakutsiko dizkio, sarritan ez turistek, ez bertakoek ezagutzen ez dituztenak. Gaur egun aplikazioen merkatuak jolas eta aplikazio potoloz josiak daude, adibidez, Facebook, Twitter… eta tokiko garatzaile gehienek ez dute ikusgarritasunik. Horregatik sortu genuen Mapplas, uste dugulako oso baliagarriak diren aplikazio asko daudela hiri batera iristen denarentzat.

Nola aukeratzen dituzue tokiko aplikazio horiek?

Lengoaia naturalaren prozesamendua eta informazio geokokatuko sistemak konbinatzen ditugu horretarako. Goi-mailako bi teknologia horiek nahastuz puntako zerbait lortu dugu; badaude antzeko gauzak egiten dituzten zerbitzu komertzial gehiago ere, baina ez dira hain eraginkorrak. Oraintsu argitaratu ditugu bi API gure webean, eta hor, latitudea eta longitudea konbinatuz, edonork jakin dezake zein aplikazio lortu daitezkeen toki desberdinetan. Argitaratu egin dugu garatzaileek emaitza horiek erabil ditzaten beren aplikazioetan; esaterako, jatetxe gida batek gomendatu diezazkizuke eskaintza gastronomikoari buruzko aplikazioak, edo tokiko egunkari batek inguruko aplikazio baliagarriak. Gu txikiak gara eta ezin dugu aplikatu teknologi hau bururatzen zaigun toki guztietan, beraz, horixe da beste batzuek ere gure teknologia erabiltzeko modurik onena.

Badira kokapenean oinarritutako aplikazio gehiago. Zergatik da Mapplas besteak baino hobea?

Gure bereizgarria da ia inork uztartu ez dituen bi teknologia uztartu ditugula. Lengoaia naturalaren prozesamendua da bat, eta informazio geografikoko sistemak bestea. Lengoaia naturala prozesatzeko erabiltzen diren algoritmoak oro har generalistak izaten dira, hots pertsonen izenak, agertzen diren konpainiak, datak, eta abar detektatzen dituzte. Gu kokapenean soilik zentratzen gara. Testuinguru berean “La Concha”, “San Sebastián” eta “Zurriola” agertzen badira, aplikazio gehienek hirurak bereizirik tratatzen dituzte eta bakoitza zer den esaten saiatzen dira, baina jakina, “La Concha” asko daude munduan eta beste hainbeste “San Sebastián”. Guk testua aztertzen dugu kokapenean oinarriturik, eta hala, ziur jakin dezakegu erabiltzaileak “San Sebastián” idazten denean gureaz ari dela, Donostiaz. Esan bezala, bi teknologiak -lengoaia naturalaren prozesamendua eta informazio geografikoko sistemak- uztartuz lortu dugu hori.

CICtourGUNE zentroarekin batera proiektu bat jarri duzue abian tokiko aplikazioak sortzeko. Zertan datza proiektu hori?

CICtourGUNE zentroak The App Makr izeneko web tresna bat garatu du, zeinaren bidez aplikazio mugikor propioak garatu baitaitezke erakutsi nahi den informazioa erantsiz. Informazio mordoa daukagu webgunea duten saltokiei buruz, eta indarrak batu ditugu. Sakelakorako prestatuta ez dauden Gipuzkoako saltokien webak bisitatu ditugu, informaziorik garrantzitsuena erauzi eta aplikazio bat sortu dugu automatikoki, sakelakotik ere bisitatzeko moduan jartzeko. Asmoa da Gipuzkoan 2.600 aplikazio berri sortzea. Tokian tokiko negozio mordoa hartu ditugu: jatetxeak, mertzeriak, ostatu txikiak… eta haiei buruzko informazioa egokitu dugu sakelakoan behar bezala ikus dadin. Hori egin ondoren, posta elektronikoz bidali diegu web orriaren esteka saltokiei. Eduki nahi badute, alta hartzea besterik ez dute, eta orduan aukera izango dute gauzak eransteko, aldatzeko, ezabatzeko, informazio gehiago sartzeko, e.a. Erakutsi nahi duten guztia ikusgai jartzeko.

Zergatik egin duzue proiektu hori?

Ohartu ginen bertako negozio oso gutxik dauzkatela sakelakora egokitutako webak. Algoritmo batzuk egin genituen aurkitzen genituen Gipuzkoako negozioen web orri guztietara sartzeko eta ohartu ginen 150 inguru zirela sakelakoetan ongi ikusten zirenak. Eta hori ez da Gipuzkoan bakarrik gertatzen, baita Bizkaian eta Araban ere. Konturatu ginen urrats handi bat eman behar zela, eta guk tokiko aplikazioak bilatzen ditugunez, interesatzen zaigu aplikazio horiek ugaritzea. Ekimenaren helburua da tokiko merkataritzari laguntzea, web tradizionaletik sakelakorako trantsizio hori egin dezan.