ES | EU


2017ko Iraila 07


Aurtengo azoka urriaren 27tik 29ra egingo da.

 

Teknologia sortzaileekin lotutako topaketa jendetsuenak badu bere bertsioa Bilbon. Zorrozaurren urtero egiten den azoka horretan ikusgai egoten dira kode irekiaren filosofian, esperimentazioan eta Do It Yourself joeran oinarritutako azken sorkuntzak. Aurten Maker Faire Bilbao azokaren bosgarren edizioa egingo da urriaren 27tik 29ra, eta dagoeneko zabalik dago Call for Projects deialdia asteburu horretan parte hartu nahi duten ekimenentzat.

 

Deialdia beraizik zuzentzen zaie teknologia berriak modu sortzailean (beti ere ikuspegi zabal batetik ulertuta) darabiltzaten proposamenei. Hala, era askotako proiektuek dute beren tokia azokan, esaterako, robotikakoek, 3D inprimaketakoek, dronek, Arduinorekin eginiko garapenek, e-oihalaren sektorekoek, bio-teknologiakoek, new media artearen arlokoek, DIY arkitekturakoek edota teknologia sozialetakoek. Topaketaren atarian proiektuak aurkezteko epea zabalik egongo da irailaren 30era arte, eta profesionalei nahiz amateurrei zuzentzen zaie.

 

“Maker Faire mundura zabalik dagoen leiho bat da. Aukera ematen digu ikusteko zer gertatuko den azken muga teknologikoan, baina hainbat urteko aurrerapenarekin”, azaldu du Karim Asry-k, Bilboko azoka antolatzen duen Open Espazioko zuzendari sortzaileak, “tresna paregabea da berrikuntza maila hobetzeko eta ezagutza gizarte osoari transferitzeko”. Ekitaldi hori munduko 200 hiri baino gehiagotan egiten da urtero, eta helburutzat du sorkuntza teknologiko berritzaileenak partekatzea, publiko guztientzako moduko jarduera ludiko eta dibulgatzaileen bitartez.

 

Aurten 150 jarduera inguru egingo dira Maker Faire Bilbao ekitaldian, besteak beste, tailerrak, erakusketak, hitzaldiak eta jolasak. Nahiz eta programazioa oraindik ez dagoen itxita, hona hemen asteburuan egingo diren jarduera batzuk: dron lasterketak, 3D inprimagailu erraldoiak, haurrentzako teknologia tailerrak eta nazioarteko adituek emandako hitzaldiak.

 

Open Espazioak antolatzen du topaketa, eta Open Espazioa MITeko Center for Bits and Atoms sorkuntza eta fabrikazio digitaleko laborategi-sareko kide da Fab Lab Bilbaoren bitartez. Bilbao Ekintzak, Beazek eta BBK-k babesten dute Maker Faire Bilbao azoka.