ES | EU


2014ko Iraila 30


LIDERGOA ETA EKINTZAILETZA: HAINBAT GILTZARRI NEGOZIOA ONGI JOAN DAKIZUN

Proiektu batekin bat egin duten pertsona guztiek beren kezka eta premiak izaten dituzte: kezka eta premia horiek ezagutu eta atendituz gero, ahaleginak lerrokatuko dituzu eta emaitza hobeak lortu

Lidergoa da zenbait lagunek duten gaitasuna besteekin komunikatzeko, edo besteen emozioetan eragina izateko, zuzentzen laguntzeko, ideiak partekatzeko, helburu komunen inguruan elkartzeko eta helburu horiek lorrarazteko.

Sarritan Lidergoa eta Liderra kontzeptuak nahasten ditugu, baina guztiz desberdinak dira, izan ere lidertzat jotzen ditugu besteen aurretik doazenak, lehen postuak lortzen dituztenak eta oro har bakarrik “lehiatzen” direnak.

Lider bat ez da “agintzen duen nagusia”; nagusi baten menpe dauden pertsonek agintzen uzten diote nagusi horri, baina baliteke bere edo bere erakundeko ideiak ez partekatzea eta, beraz, kasu horretan ez dira lidergoaren printzipioak beteko: helburu komunetarako emozioen lerrokatze positiboa, lankidetza bideratzen duena eta taldearen balio eta aktiborik onenak eszenara ateratzen dituena.

Hala, kasu batzuetan, lider lana ongi egiten dutenak ez dira eszenara ateratzen, taldeko beste pertsona batzuei uzten dietelako ekintzen protagonismoa kasu bakoitzerako diseinatutako estrategiaren arabera.

Ekintzailetzaren arloan, beren proiektuetako lider izateko gaitasun egokiak dituztenek ongi zaintzen dituzte xehetasun txikienak ere, negozioa interesgarria izan dadin lantaldeko pertsona GUZTIENTZAT, zeren horrela estimuluz eta motibazioz lan egingo baitute, emaitzak hobetuko dituzten taldeko helburuei begira. Ez dute indarrik xahutuko botere kontrolatzailea, manipulatzailea eta pertsonak menperatzen dituena garatzen; aitzitik, agerian geratuko dira lidergoaren ezaugarri nagusiak: sentikortasuna, enpatia, segurtasuna, integritatea, justizia, ausardia eta jakituria, eta horrek ez dio inola ere zuhurtasunik, diziplinarik ezta ere errespeturik galaraziko.

Garai zailak dira ekintzaile izateko eta horregatik garrantzitsua da gure giza kapitalarekin lan egitea, beren premiak aseko dituzten erantzunak eskainiz.

Eta zein dira premia horiek?

Bakoitzak bereak ditu, baina hauek dira ohikoenak:

  • Laneko segurtasuna/segurtasun profesionala
  • Taldeko, negozioko, helburuetako kide izatearen sentimendua
  • Errekonozimendu pertsonal eta profesionala
  • Bizi kalitatea, lan eta familia bizitza bateratzea
  • Prestakuntza, garapena eta…
  • Nola ez… diru zitala!

Pertsonentzako prestakuntza eskaintzen duen Dale Carnegie nazioarteko konpainiak Lidergorako “Urrezko liburua” kaleratu du, non hainbat aholku ematen baititu lehen arau hauetatik abiatuta:

1. Ez kritikatu, ez gaitzetsi, ez kexatu

2. Erakutsi benetako estimua

3. Esnatu grina bizia gainerakoengan

4. Azaldu gainerakoenganako benetako interesa

5. Irribarre egin

6. Gogoan izan pertsona bakoitzaren izena hizkuntzak duen soinurik gozo eta garrantzitsuena dela pertsona horrentzat.

7. Izan entzule ona. Animatu gainerakoak beren buruez hitz egitera.

8. Hitz egin beti besteari interesatzen zaionaren arabera.

9. Garrantzitsu sentiarazi besteak.

Erraza dela uste duzu?

Ez pentsa, zaila da!

Lan egin ingurukoekin eta Barne-ekintzailetzarako eszenatoki egoki bat sortzen lagunduko duzu.

Ekintzailetzaren Euskal Sistemak lagun zaitzake ibilbide horretan.

Bisitatu UP Euskadi webgunea eta irakurri gure edukiak; zure jarduera eta emaitzak hobetzen lagunduko dizuten hainbat tresna ezagutuko dituzu: Negozioak Sortzeko informazioa, Barne-ekintzailetza, Enpresen Hazkundea eta Sendotzea; Laguntzen eta Diru-laguntzen deialdiak, Lan Topaketak, Ekitaldiak, Jardunaldiak, Prestakuntza, Tailerrak eta zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste hainbat jarduera ere bai: http://www.spri.eus/up-euskadi