ES | EU


2017ko Iraila 22


Europako Batzordeak ekintzailetza soziala bultzatzeko 20 ekimen aztertu ditu.

 

Ekintzailetza sozialak berrikuntza sozialean oinarritutako konponbideak eskaintzen ditu erronka handientzat, hala nola, hauentzat: langabezia, kolektibo kalteberen integrazio soziala edota zerbitzu sozialak eskuratzeko aukera. Enpresa-ehun hori, batez ere, tokian tokiko agente txikiz osaturik dago, baina eredua gero eta gehiago ari da zabaltzen Europan barrena eta, gainera, frogatu du orobat lagungarri dela hazkunde sostengarria lortzeko.

 

Europako Batzordeak 2015ean eginiko txosten baten arabera, bederatzi herrialdetan inkestatutako 1.000 enpresa sozialek 6.000 eurotik gora sortu zituzten, zerbitzuak eta produktuak eskainiz 870 milioi erabiltzaile ingururi, eta 500.000 enplegu berri sortu zituzten, batik bat bazterkeria arriskuan zeuden pertsonentzat. Zenbakiek erakusten dute enpresek gaitasuna dutela irabazi soziala sortzeko, baina baita ere garapen ekonomiko ekitatiboago bat lortzeko.

 

Europako Batzordeak Social Business Initiative programa jarri du martxan ekintzailetza soziala bultzatzeko, eta programa horren markoan argitaratu da Boosting Social Enterprise Development txostena, enpresa sozial berriak bultzatzeko jardunbide egokien bilduma. Azterlanak –deskargatzeko moduan dagoenak- jarraitu beharreko ikaskuntzak eta giltzarriak azaltzen ditu adibide horietatik abiatuta.

 

Martxan jarri beharreko ekintzen artean aipatzekoak dira agente desberdinen arteko kolaborazio estrategikoak, enpresa sozialak, agentzia publikoak eta sektore pribatuko erakundeak konektatzen dituztenak, ahalik eta modu errealenean erantzuteko eragile desberdinen beharrizanei. Era berean, interesa piztu behar da horrelako ekimenen aldera eta ikusgarritasuna eman, duten garrantzia aitortuz Estatu mailako estrategien bitartez.

 

Finantzaketari dagokionez, 20 kasu arrakastatsuek dioten bezala, garrantzitsua da sektore publikoaren babes ekonomikoa, baina laguntza eman behar da finantzaketa pribatua erakartzeko, inbertitzaile eta banku askok uste dutelako enpresa sozialak bezero arriskutsuak direla. Era berean, badira beste hainbat estrategia inpaktu handia izan dezaketenak epe luzera, esaterako, hezkuntza sistemako ekintzailetza sozialarekin lotutako gaitasunak bultzatzea eta hub-ak, azeleragailuak edo haztegi espezifikoak sortzea.

 

Txostenak sakon aztertzen ditu ekintzailetza soziala bultzatzeko 20 adibide horiek. Hona hemen horietako batzuk: El Hueco tokiko haztegia, Sorian kokatua dagoena eta helburutzat duena lurraldea berpiztea; Portugal Inovaçao Social izeneko estatu mailako estrategia, zeinak gobernuaren agenda politikoan kokatu baitu ekintzailetza soziala; eta Britainia Handiko Big Potential izeneko programa, kredituak ematen dizkiena inpaktu handia lor dezaketen enpresa sozialei.