ES | EU


2014ko Abuztua 26


EKINTZAILE BAKOITZAREN BERTUTEAK ETA DENEK BETE BEHARREKO “LAU ARAUAK”: PLANGINTZA, ZUHURTASUNA, PERTSEBERANTZIA ETA PAZIENTZIA

Landu zure “bertuteak”, ezinbestekoak direnak negozio jarduera abiarazteko, hazteko eta sendotzeko

Historian zehar, “bertuteek” markatu izan dituzte pertsonen izaerak eta baita ere beren ekintzen emaitzak. Esan genezake bi taldetan banatzen direla: infusoak eta naturalak. “Infusoak” dira jainkozko jatorria dutenak eta “naturalak edo moralak”, berriz,  ekintza onak etengabe ezagutu eta aplikatzearen emaitza. Testamendu Zaharreko “Jakituriaren Liburuak” eta beste testu historiko batzuek bereizketak egin dituzte bertute infusoen artean: teologalak (fedea, itxaropena, karitatea) eta kardinalak (neurritasuna, zuhurtasuna, justizia eta indarra). Azken horiek lehenago aipatuak zituzten Platon, Aristoteles edo Sokrates bezalako filosofo handiek eta ezinbesteko oinarritzat jotzen zituzten beste edozein bertute garatzeko.

Bertute terminoak (latinezko virtus, -utis) hainbat esanahi ditu eta hauek dira garrantzitsuenak: “gauzen  jarduera edo indarra eraginak sortzeko”, “indarra edo ausardia”, “aldartearen integritatea eta bizitzaren ontasuna” eta “ekintza bertutetsua edo jokatzeko modu zuzena”. Bertuteak, beraz, identifikatu beharreko oinarrizko printzipioak dira eta ekintzaile baten bizitzan zutabe garrantzitsu izan daitezke negozio jarduera oro abiarazteko, hazteko eta sendotzeko.

Ekintzaileok beti gaude arduratuta, aurrera eraman nahi ditugu gure kezka profesionalak eta horregatik denbora asko ematen dugu ideiak lantzen, garrantzi berezia hartzen duelarik izaera berritzaile eta bereizleak.  Badakigu halaber prestakuntza espezifiko egokiak lagunduko digula ideia horiei balioa ematen eta garatzen. Era berean, badakigu gure produktu eta zerbitzuen kalitateak eta marketin egokiak erabakiko dutela gure asmoen arrakasta edo porrota. Baita ere pentsatuko dugu finantzaketa dela gure negozioaren giltzarrietako bat. Eta ziur bidean sortuko zaizkigun arazo eta gabeziak behar bezala konponduko duten pertsonak eta zerbitzuak kontratatuko eta azpikontratatuko ditugula, baina pentsatu duzu zure denbora eskaini eta gogo guztia jar dezakezula “zure bertuteak” lantzeko?

Argi dago ideiak, bereizketa, berrikuntza, prestakuntza, finantzaketa, kontratazioak… oso garrantzitsuak direla ekintzaile izateko, baina osagarriak baino ez dira izango ez badituzu “ekintzaileen 4 arauak” ezagutzen eta etengabe, modu naturalean aplikatzen. Plangintza, Zuhurtasuna, Pertseberantzia eta Pazientzia

Plangintza

Burutik pasatzen zaizkizun ideia guztiek planifikatzeko modukoak izan behar dute, ezin baduzu planifikatu ezin izango duzu exekutatu. “Garrantzitsuena ez da plana, plangintza baizik” (Graeme Edwards). Irudikatu zure urrats guztiak eta deskribatu paperean; antolatu eta dosifikatu fase txikitan edo epetan, emaitza txikiekin neurtu ahal izateko. “Exekutatzen diren ekintza txikiak planeatzen diren handiak baino hobeak dira ” (George E. Marshall).

Zuhurtasuna

Negozio espektatibei buruzko azterlan bat egitean bereziki zuhurra izan behar duzu aurreikuspenekin; izan zuhurra erosketa erabakietan, salmenta espektatibetan, harreman komertzialetan, zure sentimenduetan. “Zuhurra dena moderatua da; moderatua dena konstantea da; konstantea dena izukaitza da; izukaitza denak ez du tristurarik; tristurarik ez duena zoriontsua da; beraz, zuhurra dena zoriontsu da”.  (Seneka) ez da zuhurtasuna patxadarekin nahastu behar, negozioetan urratsak eman behar baitira: “Nahastu zuhurtasuna erokeria aletxo batekin”. (Quinto Horacio Flaco)

Pertseberantzia

“Gizon orok eskubidea du bere lana zalantzan jartzeko eta tarteka bertan behera uzteko; ahaztea da egin ezin duen bakarra”. (Paulo Coelho) Jarduera ekintzaileak dirauen bitartean, sarritan ez duzu emaitzarik ikusiko eta horrek indargetu egin lezake aurrera egiteko behar duzun akuilua. Elikatu pertseberantzia ilusio dosi handi batekin. “Garaipena, gaur erraza dirudiena, inork ikusi gabeko garaipen txiki askoren emaitza da”. (Paulo Coelho).

Pazientzia

Gogoan duzu UP Euskadi atariko “Banbu japoniarraren lezioa” artikulua? Proiektu bakoitzak, negozio bakoitzak, denbora eta zaintza behar ditu; zure pazientziak mila eta bat egoera gainditu beharko ditu, pazientzia beharko duzu aurrera jarraitzeko; eta pazientziarekin batera bere lagunik onena ere bai: pertseberantzia. Zure printzipio ekintzaileen artean, kontuan hartu Txinako bi esaera zahar hauek: “Zazpi aldiz erortzen bazara, zortzitan zutitu beharko duzu” eta “Erortzea onartuta dago. Zutitzea derrigorrezkoa da”.