ES | EU


2017ko Ekaina 13


Lantegi Batuak antolakundeak lankidetzan jardun du 8 enpresarekin, eta 30 enplegu sortu ditu.

 

Lantegi Batuak-ek Crusoe Treasure urpeko upategiarekin sinatu du bere aliantza programako azken lankidetza akordioa. “Bajoelagua Factory” enpresak bultzatutako proiektu bat da eta proiektu horren bidez Plentzian kokatutako arrezife artifizial batean zahartzen dituzte ardo botilak, aldi berean urpeko birsorkuntza biologikoari lagunduz. Lankidetza horretan, Lantegi Batuak-ek logistikan duen esperientzia zabala jartzen du, eta bertako langileak arduratzen dira ardo botilak ontziratzeaz, gordetzeaz eta banatzeaz.

 

Lantegi Batuak-en lankidetza programan aliantzak egiten dira enpresa eta ekintzaile berriekin, bi helbururekin: laguntza ematea proiektua martxan jartzeko edo garatzeko eta lan aukera berriak sortzea antolakundean lan egiten dutenentzat, hots, ezgaitasunak dituzten pertsonentzat. “Lantegi Batuak-etik produkziorako bitartekoak ematen dizkiegu negozio-proiektua martxan jar dezaten, gure produkzio-fabriken, logistikaren, finantzaketaren eta industrian dugun 30 urtetik gorako esperientziaren bidez”, azaldu du Borja Cazalisek, Lantegi Batuak-eko Berrikuntza eta Negozio Proiektu Berrien Garapeneko arduradunak.

 

Orobat kolaboratzen dugu Blinkers-ekin. Blinkers bizikleten segurtasuna hobetzen duen konponbide bat da, eta horretarako, norabidea eta galga markatzen dituzten argi multzo bat erabiltzen du. Proiektu hori Javier Fernández de Alegría arabarrak zuzentzen duen eta Suitzan kokatuta dagoen ekintzaile talde batek sortu du, eta Lantegi Batuak-ekin adostutako lankidetzaren bidez, azken horrek kudeatzen du balio kate osoa: lehengaiak erostea, produktua mihiztatzea, packaging-a eta bidalketa pertsonalizatua. “Saiatzen gara win-win formatuan lan egiten, helburu bikoitza bilatzen dugulako: ekintzaileak bere negozioa martxan jar dezala eta Lantegi Batuak-ek lanpostu berriak sor ditzala” adierazi du Borja Cazalisek.

 

Lankidetza-ildo hori 2015ean sortu zenetik, irabazi asmorik gabeko erakundeak zortzi akordio lortu ditu. 450.000 euroko inbertsioa egin du akordio horiek aurrera eramateko, eta 30 lanpostu berri sortu ditu. “Une honetan, heltze-gradu desberdinetan dauden 10 proiektu aztertzen ari gara, eta uste dugu proiektu horietatik 50 edo 80 lanpostu berri sor daitezkeela” azaldu du Lantegi Batuak-eko Berrikuntza arduradunak.