ES | EU


2014ko Ekaina 24


LANKIDETZAN GARAI ZAILETAN. EKINTZAILETZARAKO LANKIDETZA= IRABAZTEKO LANKIDETZA. (I)

12 arrazoi lankidetzan jarduteko eta ekintzaileok bizi dugun egoera zailari aurre egiteko

Ekintzaileok ingurune aldakor batean bizi gara, aukeraz eta mehatxuz inguraturik, eta horregatik, etengabe bilatu behar ditugu denboran iraungo duten lehiakortasun abantailak, balio sorkuntza eta merkatuan finkatuko gaituen oreka.

Bizi dugun egoera zailak, globalizazioak, teknologia berrien abiadura biziak, merkatuen heldutasunak eta ezegonkortasunak, gaitasun eta ezagutza berriek… aldaketak eragiten dituzte gure izaeretan, jokabideetan eta lehiatzeko eretan. Hala, beharrezkoa den guztietan berrorientatzen ditugu gure negozioak zuzentzeko moduak, egitura, helburuak, estrategia, produktuak eta zerbitzuak.

Lehiakortasuna lortzeko prozesua zailagoa izango da pertsona bakoitzak bakarrik aurre egin beharko badie erronka eta desafioei. Gerta liteke oztopo horrek bere ahalegina ahultzea eta porrot egitea.Behar bezala lehiatzeko, garrantzitsuak dira baliabideak eta gaitasunak, baina baita ere beste pertsona, enpresa edo erakunde batzuekin sortu ditzakegun harremanak eta LANKIDETZAN jarduteko eta ELKARREKIKO EKINTZAILETZARAKO dauzkagun moduak.

Krisia, zorionez, lagungarri da lankidetza harremanak zabaltzeko, esperientzia, ideia, xede eta lan trukea errazten duten topaketak bideratzen dituelako. Mota horretako topaketak (Networking) dira ziurrenik Lehiakortasuna indartzeko tresna eraginkor eta onenak, aukera ematen dutelako lankidetza bere potentzial osoan ager dadin eta enpresa bakoitzak etorkizunerako planifikatu dituen helburuak lortu ditzan, antzeko helburuak dituzten beste profesional eta enpresa batzuekiko sinergien babespean eta elkarrekiko osagarri izanik modu eraginkor eta lehiakorrean.

Gaztelaniaz Cooperar latinezko aditz batetik dator, “cooperari”tik hain zuzen, zeinaren esanahia baita “Beste pertsona batekin edo batzuekin lan egitea helburu berbera lortzeko” (DRAE). Aditza hain erraza izanik ere, batzuetan oso zaila da jokatzea eta, negozio batera bideratutako jarduera orok bezala, bere kontzeptuak, tresnak eta teknikak ditu enpresa jardueren lehiakortasuna indartzeko eta arriskuak minimizatzeko.

Lankidetzak jatorri desberdinak izan ditzake, baina funtsean bi aipatzen dira: berezkoa eta funtzionala.

Berezkoa:

-1. Osagarritasunean oinarritutako lankidetza:

Alderdi bakoitzak besteari edo besteei falta zaiena jartzen du: altzari, lanpara eta gortina fabrikatzaileek bat egiten dute hotelak bezero bezala atzemateko.

-2. Gremio lankidetza:

Sektore bereko produktoreek, elkarrekiko lehiatzaile direnek, beren produktu edo zerbitzuak uztartzen dituzte eskaintza handiagoa eta hobea lortzeko: bi informatika negoziok ekipo, programa eta bezero potentzialen katalogoa zabaltzen dute eta kostu handiak aurreztu.

-3. Produkzio paraleloak:

Amerikana fabrikatzaile batek, galtza fabrikatzaile batek eta alkandora fabrikatzaile batek bilduma berri bat sortzen dute marka berri batekin.

-4. Integrazio bertikala:

Hari egile batek, ehundegi batek eta jantzigintza enpresa batek bat egiten dute oihalgintza prozesu osoa bertikalki integratuz aurrezki handiak lortzeko.

Funtzionala

-5. Salmentarako lankidetza:

Bi negoziok webgune partekatu bat sortzen dute denda birtual batekin. Gastuak erdibitzen dituzte eta atariaren erakarpen indarra handitu bien produktuak elkartuta.

-6. Banaketarako lankidetza:

Bi negozio edo gehiago merkatu berri batera sartzen dira merkaturatze gastuak murriztuz: ardo gazteen bodega batek, onduak egiten dituen beste batek eta patxaran ekoizle batek merkataritza ahaleginak uztar ditzakete.

-7. Lankidetza teknologikoa:

Bi enpresek beren baliabideen zati bat elkartzen dute ikerketa garesti bat egiteko unibertsitate batekin lankidetzan. Ikerketak arrakasta badu patente bat erregistratuko da bi enpresen artean eta aplikazio eremua partekatuko dute.

-8. Erosketarako lankidetza:

Produktuak merkaturatzen dituzten hainbat enpresak bat egiten dute erabiltzen dituzten ontziak batera erosteko. Prezio, zerbitzu eta ordainketa baldintza bikainak lortzen dira.

-9. Produzitzeko lankidetza:

Balio katean bata bestearen atzetik kokatuta dauden bi enpresak bat egiten dute produktu osoa eskaintzeko osagai solteak merkaturatu beharrean.

-10. Lankidetza finantzarioa:

Bere eskualdetik kanpo jarduten duen enpresa batek jomugako beste batekin lan egin dezake kapitalaren %50 jarrita; batek teknologia jarriko du (fabrikatuko dena) eta bazkideak merkatua (ezagutza eta bezero aktiboak).

-11. Administrazio lankidetza:

Zerbitzu komun bat sortzea Kudeaketa, Giza Baliabide, Nomina, Prestakuntza eta abarretako premia komunak asetzeko.

-12. Informatika:

Hainbat enpresak informatikako zerbitzu zentral bat sortzen dute zerbitzu komunak erabiltzeko. Oinarrizko zerbitzua zati berdinetan finantzatzen dute eta garapen espezifikoak ordu eta materialen arabera ordaintzen dira.