ES | EU


2014ko Ekaina 23


LANKIDETZAN GARAI ZAILETAN. EKINTZAILETZARAKO LANKIDETZA = IRABAZTEKO LANKIDETZA

8 lankidetza eredu ekintzaileok bizi dugun egoera zailari aurre egiteko

Ekintzaileen arteko lankidetza prozesuak era askotakoak izan daitezke; etorkizunean arrakasta izateko osagai nagusia da konbentziturik egotea Irabazi-Irabazi harremanak finkatu aurretik. Argi dago inor ez dela elkarlanean arituko okerrera joateko edo dirua galtzeko, baina zoritxarrez horrelakoak gerta daitezke gutxieneko baldintzak kontuan hartzen ez baditugu.

Elkarrekiko ekintzailetzan murgiltzeko oso garrantzitsua da behar bezala identifikatzea alderdien egoerari ongien egokitzen zaion lankidetza mota eta ongi ezagutzea lankidetza hori eraikitzera eraman gaituzten arrazoiak, zeina berezkoa edo funtzionaltasunak eragindakoa izan baitaiteke.

Hala, hasteko kontu handiz aukeratuko dugu jarraitu beharreko eredua, lankidetzaren bitartez lehiakortasuna indartuko duena abiaraziko dugulako: Ikus ditzagun ezagunenetako batzuk:

1. Joint-Venture edo ekimen bateratua

Bi ekintzailek edo enpresak hirugarren bat sortzen dute jarduera bat garatzeko.

2. Azpi-kontratazioa

Enpresa batek beste bati enkargatzen dio zerbitzuaren zati bat edo zerbitzu osoa. Kontratista eta laguntzaile edo azpi-kontratista bezala jokatzen dute, baina kasu askotan, produkziorako konpromisoaz haratago, lankidetza hitzarmenak egin daitezke diseinurako, prozesuetarako, kalitatearen kudeaketarako, e.a.

3. Lizentziak

Lizentziaren bidez, negozio batek aukera ematen dio beste bati jabetza industrialeko eskubideak erabiltzeko, dagozkion kontraprestazio ekonomikoen truke. Eskubide horien artean daude patenteak, merkatuko markak, diseinuak, know-howa, egile eskubideak, e.a.

4. Spin-off-a edo erlauntza

Eredu hau sortzen da enpresa batek plantillan daukan langile multzo bati beste bat sortzeko aukera, bidea eta babesa ematen dionean, lehen langile zirenak autonomo edo enpresari bihurtzen direlarik.

5. Frankizia

Akordio honen bidez negozio batek eskubidea ematen die beste batzuei lehendik merkatuan arrakasta izan duten produktu edo zerbitzuak merkaturatzeko edo fabrikatzeko, dagozkien jarraibideak markatuz eta egunero lagunduz martxan jartzen den unetik aurrera.

6. Oinarrizko lankidetza akordioak

Helburu komunak lortzeko aliantzak, sarritan, lekukotasun bezala, akzio gutxi batzuk (%5 baino gutxiago) trukatuz egiten dena.

7. Partzuergoak

Lan edo proiektu komunak garatzea dute helburu, baina alderdiek independentzia mantentzen dute eta koordinazio organo baten bidez finkatzen dira estrategia eta operatiba bateratuak. Esportaziorako asko erabiltzen diren formulak dira.

8. Sareak

Lankidetza mota honetan parte-hartzaile kopuru handia elkartzen da, eta networking topaketen bidez, akordio desberdinak eta lankidetza mota desberdinak sortzen dira. Balio dute baita ere harremanetan jartzeko ekintzaileak eta enpresa sendoak, erakundeak edo instituzioak.

Edozein dela ere lankidetzara zaramatzan arrazoia, ongi aztertu zure premiak eta ezarri epe labur, ertain eta luzerako helburuak, zure ekimena sendotu dadin eta lehiakorra izan dadin. Azkenik, izan baikorra eta ez izan beldurrik “lehiakideekin” akordioak adosteko; ziurrenik bi alderdien artean merkatu kuotaren %0,000001 hartuko duzue; beraz, zergatik ez duzue lankidetzan jarduteko modua bilatzen, ahaleginak batuz emaitzak biderkatzeko?

Bisitatu astero UP Euskadi web orria edo harpidetu zaitez buletin informatibora eta ezagutu zure negozioa elikatzen eta lankidetzako giza kapitala identifikatzen lagunduko dizuten jardunaldiak, ekitaldiak, ikastaroak, e.a.