ES | EU


2017ko Iraila 11


“La Caixa”k –arrisku kapitala kudeatzeko Caixa Capital Risc erakundearen bitartez- eta Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak -Enisaren bitartez- deialdia egin dute Emprendedor XXI sariketarako, helburu honekin: hazkunde potentzial handieneko enpresa berritzaileak identifikatu, aitortu eta babestea.

Euskadin erakunde antolatzaile gisa parte hartzen du baita ere Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko SPRI Taldeak-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak.

Ekimena beraizik zuzentzen zaie hiru urte baino gutxiagoko jarduera duten negozio berritzaileei. EmprendedorXXI Sariketaren ezaugarri nagusia da Estatu osoko enpresek parte hartzen dutela, ekimena babesten baitute CaixaBankek –Espainiako finantza sektoreko bulego komertzialen sare handiena- Enisak eta ekintzaileen babes eta sustapen ekonomikoan espezializatutako tokiko eta autonomi mailako erakundeek. 2017ko edizioan lurralde mailako 135 erakundek parte hartzen dute antolakuntzan.

Nobedade gisa, aipatzekoa da hamaikagarren edizio honetan deialdia lehenengoz zabalduko dela Portugalera, iragan otsailean CaixaBankek BPIren kontrola bereganatu ondoren.

 

Sariak sektore eta lurralde bakoitzeko enpresa onenei

Aurtengo edizioan bost sari nagusi banatuko dira sektoreka: Bizitza Zientziak, Informazio Teknologiak, Negozio Digitalak, Teknologia Industrialak eta Elikadura eta Nekazaritza. Kategoria horietako irabazleek 25.000 euro eskuratuko dituzte eta aukera izango dute nazioarteko hazkunde programa batean parte hartzeko. Singularity Universityk eta negozio eskola ospetsu batek antolatzen dute nazioarteko programa hori.

Era berean, 19 sari banatuko zaizkie beren jatorrizko eremuan inpaktu handiena duten enpresei: 17 Espainian (bat autonomia erkidego bakoitzeko) eta 2 Portugalen (erdialde-iparraldean eta Lisboa-hegoaldean eta Uharteetan). Lurralde mailako irabazleei 5.000 euro emango zaizkie eta beka bat, beka horren bidez parte hartzeko enpresen hazkunderako Cambridge Unibertsitatearen (Erresuma Batua) Ignite Fast Track nazioarteko ikastaroan.

Bestalde, Israelek Espainian daukan enbaxadak berrikuntzako accesit bat emango du: Tel Aviv-Yafo Zentro Akademikoak eta Israeleko Kanpo Gaien Ministerioak elkarrekin antolatutako astebeteko prestakuntza programa bat Israelen.

2017ko deialdiak 490.000 euro inguru banatuko ditu saritan, EmprendedorXXI Sariketa delarik Espainia eta Portugaleko ekintzaileei zuzendutako zuzkidura handieneko deialdia.

Azaroaren 3ra arte aurkeztu daitezke hautagaitzak

Beren ekimenak aurkeztu nahi dituzten ekintzaileek irailaren 4tik azaroaren 3ra arteko epea daukate beren hautagaitza online aurkezteko, web orri honetan: www.emprendedorXXI.es.

Azaroan eta abenduan hautagaitzak baloratu eta finalistak hautatuko dira. 2018ko lehen hiruhilekoan egingo dira lurraldekako sari-banaketa ekitaldiak. Bestalde, EmprendedorXXI sariketaren amaierako fasea martxoaren erdi aldera ebatziko da Bartzelonan.

 

Erreferentziazko saria

EmprendedorXXI Sariak erreferentziazkoak dira Espainiako startupentzat, eta ekimen erabakigarri bihurtu dira Espainiako proiektu ekintzaile onenei behar duten bultzada emateko.

2007an sortu zenetik, 4,3 milioi euro inbertitu dira saritan eta laguntza ekintzetan, eta 289 enpresa izan dira laguntza horien onuradun. Zehazki, 2,5 milioi euro banatu dira esku-dirutan, eta 1,8 milioi euro eman dira prestakuntza-ekintza eta nazioarteko networking gisa.

2016ko edizioan 33 enpresa lehiatu ziren Euskadin eta CounterCraft izan zen irabazlea. Sozietate horrek garatzen duen produktuak elkarrekin uztartzen ditu kontra-inteligentzia klasikoaren gaitasun eta teknikak eta mundu digitalera egokitzen ditu.

Bere hamar urteko historian, 5.210 enpresa sortu berrik parte hartu dute EmprendedorXXI Sariketan, eta 257tik gora enpresari, inbertitzaile eta ekintzailetzarekin lotutako erakunde igaro dira lehiaketako batzorde eta epaimahaietatik.

 

Caixa Capital Risc erakundeari buruz

 

Caixa Capital Risc “La Caixa” Fundazioko sozietate bat da, arrisku kapitaleko enpresak kudeatzen dituena. Hazkunde potentzial handiko enpresa espainiar berritzaileen lehen etapetan inbertitzen du, laguntasuna ematen dielarik hazkundearen etapa desberdinetan.

 

Erakunde kudeatzailea esparru anitzetako inbertitzaile espezialista bat da, gorakortzat dituen sektoreetan zentratzen dena: Bizitza Zientziak, Teknologia eta Arlo Digitala eta Industriarako Teknologiak. Caixa Capital Risc sozietateak 195 milioi eurotik gorako bolumena kudeatzen du 8 inbertsio funtsen bitartez, eta 170 konpainia ditu bere enpresa-zorroan.

 

Inbertsio jarduerarekin batera, hainbat ekintza garatzen ditu Espainia osoko ekintzaileei laguntzeko. EmprendedorXXI ekimenaren bitartez, “la Caixa” taldeak ekintza ugari bultzatzen ditu potentzial handiko enpresa berriei prestakuntza eta ikusgarritasuna emateko, eta, aldi berean, balio erantsidun kontaktuak sortzeko.

 

SPRIri buruz

 

SPRI Taldea Eusko Jaurlaritzaren enpresa garapenerako agentzia da, Euskadiko enpresa sarearen zerbitzura dago eta euskal enpresak laguntzea eta bultzatzea da bere helburua, edozein dela ere enpresa horien tamaina, sektorea nahiz kokapena. Euskal enpresen lehiakortasuna babestea, bultzatzea eta sustatzea du xede, bide horretatik, aberastasuna sortuz Euskadin eta herritarren ongizate maila hobetuz, giza garapen iraunkorra indartuta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Sustapenerako Politikaren arloan. Euskal enpresek SPRI Taldean dauzkate behar dituzten tresnak nazioartekotzeko, ekiteko, finantzatzeko, lurzoru industriala aurkitzeko, teknologia berriak aplikatzeko, berritzeko edota Industria berrian, hots, Basque Industry 4.0 testuinguruan, sartzeko. Gainera, Eusko Jaurlaritzak agentzia honi eman dio atzerriko inbertsioak erakartzeko eta ahalbidetzeko ardura, Invest in the Basque Country zerbitzuaren bitartez.

 

Ekintzailetza arloan, SPRI Taldeak ekintzaileei laguntzen die Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hedaturik dagoen Enpresa eta Berrikuntza Zentroen (EBZ) sarearen bidez. Hona hemen zentroen sare horrek eskaintzen diena: finantza arloko laguntza, proiektuak garatzeko kokaleku bat eta zentroetako profesionalen tutoretza, ez bakarrik hasierako fasean, baina baita ere ideia heltzen denean, eta ekimena bideragarria bada, enpresa bihurtu arteko fase osoan.

 

ENISAri buruz

ENISA enpresa publiko bat da, Industria eta Enpresa Txiki eta Ertainen Zuzendaritzaren bitartez, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioari atxikirik dagoena. 1982tik aktiboki parte hartzen du Espainiako ETEek eta ekintzaileek sustatzen dituzten proiektu bideragarri eta berritzaileen finantzaketan.

ENISAk finantzaketa ematen du mailegu parte-hartzaileak eskainiz. 5.000 enpresa inguru babestu ditu 830 milioi euro baino gehiagorekin.