ES | EU


2017ko Ekaina 21


Koop SF34 ekimenak aniztasunean hezteko proiektu bat bultzatzen du hainbat eskolarekin batera.

 

Mikro-enpresa sozialen Koop SF34 haztegia proiektu bat garatzen ari da, zeinaren helburua baita Bilboko kultura-aniztasuna aprobetxatzea enpatia eta lankidetza baloreak txertatzeko haurren artean. Ekimen horren bidez tailerrak antolatzen dira Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, jatorri desberdinetako neska-mutilak elkarrekin nahasteko.

 

“Proiektuak elkarrekin batzen ditu ikasle guztiak, lehiakortasun gabeko ingurune batean elkarreragin dezaten, aniztasuna ardatz hartuta eta jarduerak aitzakia gisa erabilita”, azaldu du Georges Belingak, Koop SF34 haztegiaren fundatzaileetako batek. Ekimen horren helburua da margo, musika, kirol eta dantza tailerrak antolatzea, eta lau hizkuntza desberdinetan garatzea: euskaraz, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz. Mikro-enpresen haztegiko ekintzaile sozialek -esperientzia zabala dutenak esparru horietan- emango dituzte eskolak, eta baita ere irakasleek.

 

Une honetan, akordioak lortu nahi dituzte ekimenean parte hartu nahi duten Bizkaiko enpresekin, hezkuntza eredu desberdinetako ikastetxe pribatuekin nahiz eskola publikoekin. Kooperatibak Harrobia Lanbide Ikastola fundazioaren laguntza du, eta bere asmoa da tailerrak datorren ikasturtean abiaraztea. Helburua da kultura-aniztasuna balioan jartzea eta lankidetzan ikasteko espazioak sortzea, jatorri desberdinetako neska-mutilek aukera izan dezaten elkarrekin nahasteko eta helduek sortutako estereotipoak hausteko.

 

“Azterlan askok frogatu dute ikasleei kultura anitzeko espazio bat eskaintzea lagungarri dela pentsamendu kritikoa eta arazoak konpontzeko gaitasunak garatzeko, eta beste alderdi batzuk ere hobetzen direla, adibidez motibazioa eta konfiantza” adierazi du Georges Belingak, “bestalde, aniztasunik bizi ez duten ikasleek zailtasunak izaten dituzte beren antzekoak ez direnak ulertzeko, energia asko xahutzen baitute nahigabe aktibatzen diren estereotipoen aurka borrokatzen”.

 

Koop SF34 Saharaz azpiko herrialdeetako ekintzaileek bultzatutako mikro-enpresen haztegi bat da, eta Bilboko San Frantzisko auzoan kokatuta dago. 2015aren amaieran sortu zenetik hainbat ekimen garatu ditu: esaterako, Afrikanized Commerce, Afrikara esportatzen duten euskal enpresei laguntzeko proiektua; Sildofaya, musika taldeentzako produkzio-etxea; arte martzialen gimnasio bat eta hizkuntza eskola bat.