ES | EU


2017ko Maiatza 15


Euskal enpresak fabrikazio gehigarriko proiektuak garatzen ditu Estatuko enpresa garrantzitsuenetako batzuentzat

 

3Dko inprimaketak goitik behera aldatuko ditu gure gizartearen hainbat alderdi. Oro har, teknologia hori produkzio prozesuetan edo 4.0 Industrian aplikatzen denean, fabrikazio gehigarria esaten zaio, beharbada,  beste erabilpen “ez hain profesional batzuetatik” bereizteko. Terminoak termino, erabiltzen diren teknologiak eta materialak berberak dira.

 

Duela urte batzuk “wow” efektua sortu zen fabrikazio gehigarriaren inguruan, baina harrezkero, normalizatu egin da pixkanaka. Zenbaitzuek iragarri zuten urte gutxi batzuk baino ez zirela beharko etxe guztietan 3D inprimagailuak izateko, baina, errealitatea bestelakoa da gaur egun. Inprimaketa teknologiak aurrerantz doaz eta, horrekin batera, makinen eta materialen kostuak jaisten ari dira, baina enpresa eta erabiltzaile askok oraindik ez dituzte ikusten teknologia horien potentziala eta erabilpen posibleak.

 

Tumaker izan zen bere 3D inprimagailuak fabrikatu zituen lehen euskal startupa, eta “hegalariak” izena jarri zien. 2014an ekoizten hasi zirenetik, fakturazioa bikoiztu egin dute urtez urte. 2017rako, milioi bat euro fakturatzea espero dute. Aurreikusi dute ez bakarrik gehiago salduko dutela, baina baita ere ekitaldi honetan plantilla handituko dutela, egun dauzkaten 12 langileetatik hogeira igaroz. 3Dko inprimaketa edo fabrikazio gehigarria goraldi betean dago, eta egunetik egunera merkatu nitxo eta negozio aukera gehiago sortzen dira, bereziki, 4.0 Industriarekin zerikusia duen ororen inguruan.

 

Hegalaria Vs BigFoot

Konpainiaren mugarrietako bat izan da 3D inprimagailu bat merkaturatu dutela, gai dena metro erdiko altuera eta beste hainbesteko zabalera duten piezak fabrikatzeko. Modelo horrek BigFoot du izena, eta hiru tamainatan eskuratu daiteke: 50, 87,5 eta 125 litroko edukiera dutenak. Piezen tamainaz eta edukieraz gain, BigFoot modeloak badu beste ezaugarri garrantzitsu bat: THK teknologia japoniarraz horniturik daude buruetan, eta horri esker, ordu luzez erabili daitezke mantenimendu premiarik gabe. Halere, makina horien beste bereizgarri batek, hots, Internetera konektatzeko aukerak eraman du Tumaker merkatuetako pribilegiozko posizioetara. Horri esker, urrunetik fabrikatu daitezke objektuak, agindua munduko edozein tokitatik emanda. Jon Bengoetxeak, Tumaker enpresako zuzendari nagusiak, alderdi hori azpimarratu du: “BigFoot da, gaur egun, Espainian gehien saltzen den formatu handiko inprimagailua. Bosch, Mercedes-Benz, Volkswagen eta CAF bezalako enpresek erabiltzen dute. Merkatura atera dugun makinak tamaina egokia du eta aukera ematen du zenbait material erabiltzeko, hala produkzio esparru desberdinetan sartu da. Baliozkotu dugu merkatuan, eta konektagarritasunak erreferentziazko makina bihurtu du 4.0 Industriaren barruan. Konektagarritasuna dela medio, fabrikazio deslokalizatua landu dezakegu, hau da, munduko edozein tokitatik erabil dezakegu Interneti esker. Sekulako aldaketa dakar horrek. Hardware fidagarri eta sendoa lortzeaz gain, softwarea ere asko landu dugu, Internet fabrika bihurtu ahal izateko.

 

Gaur egun, produkzio sektoreko hainbat esparrutan erabiltzen dira Tumaker inprimagailuak. “Historikoki, 3Dko inprimaketa prototipo azkarrak egiteko erabili izan da. Metodo tradizionalekin denbora gehiago behar zen, eta garestiagoa zen gainera. Lehen hilabeteak behar ziren, baina fabrikazio gehigarriari esker, orain nahikoa da ordu gutxi batzuekin. Prototipoak egiteko aukeraz gain, inork espero ez zuen tokietaraino eraman dugu 3Dko inprimaketa. Adibidez, Europako okela enpresa handiena den El Pozo konpainiak Tumaker darabil makinen mantenimendurako engranajeak fabrikatzeko. Lehen neurrira egin behar izaten zituzten, eta denbora asko behar da horretarako; orain, ordea, ia denbora errealean egin dezakete. Beste konpainia batzuek termokonformaturako moldeak egiten dituzte. Duela gutxira arte zurezko moldeak egiten zituzten. Orain, Tumaker produktuei esker, kostuen %96 aurrezten dute, eta lehen aste batzuetan egiten zena, orain ordu gutxitan egin dezakete. Orobat posizionatu gara automozio sektorerako tresnerian. 3Dko inprimaketaz betetzen ari gara inork sekula imajinatuko ez zituzkeen txokoak” azpimarratu du Bengoetxeak.

 

Oiartzungo konpainiak ziurtatu duenez, hiru urtetan, Tumaker inprimagailuek beren lekua lortu dute Euskadiko hamar enpresa garrantzitsuenetatik zortzitan. Presentzia handia dute baita ere Euskadiko hezkuntza arloan, adibidez, “Lanbide Heziketako ikastetxeetan, edo Deustu, Mondragon eta EHU unibertsitateetan”. “Euskaditik kanpo ere merkaturatu ditugu inprimagailuak, esaterako, Murtzian, Levanten, Katalunian, Madrilen, eta ipar zonalde guztian. Toki horietako batzuetan bertako partner-ekin lan egiten dugu, haiek laguntzen digutelarik Tumaker ezagutzera ematen. Egia esan, jende asko hurbildu zaigu inprimagailuak erosi edo alokatzeko, baina kontu handiz hautatzen ditugu bezeroak. Saiatzen gara esperientzia ona eskaintzen, eta ez badugu beretzako konponbide onik ikusten, nahiago dugu aurrera ez jarraitzea” azaldu du Tumaker enpresako arduradunak.

 

Metalean inprimitzea

Inprimagailuez eta eskaintzen dituzten prestazioez harago, Tumaker enpresak beti bereizi nahi izan du beste batzuengandik erosleei eskainiz ez bakarrik zerbitzu pertsonalizatu bat, baina baita ere fabrikazio gehigarrian duen esperientzia, beren premien araberako konponbide egokienak emateko. “3D inprimagailuek ia edozein material erabiliz egin ditzakete piezak. Polimeroak, compositeak, metala, buztina, kristala… baina guk material teknikoak eta ez teknikoak bereizten ditugu. Adibidez, PLA bioplastikoa estandar bat da, eta asko erabiltzen da arazo gutxi ematen dituelako. Baina zenbait enpresak bestelako materialak behar izaten dituzte, adibidez objektuen inpaktuak edo marruskadura jasan behar dutenak, tenperatura altuak ongi jasaten dituztenak edo aire librean narriatzen ez direnak. Kasu horietan, material teknikoagoak erabiltzen dira, beraizik pentsatuta daudenak horrelako arazoak konpontzeko. Baina ongi ezagutu behar dira beren kualitateak. Adibidez, nylonak edo poliamidak ongi jasaten dituzte tenperatura altuak eta kolpeak, baina pieza handi bat fabrikatuz gero, nylonak uzkurtzeko joera du, eta hori arazo izan daiteke. Material bakoitzak bere mugak ditu. Horretan datza gure ekarpena, hau da, bezeroari azaltzen diogu zeintzuk diren material bakoitzaren gaitasunak, ongi aukeratu dezan eta aukeraketa horrek eragina izan dezan enpresaren produktibitatean. Lehenik eta behin galdetzen diogu nolako objektua egin nahi duen eta zertarako erabiliko duen. Gero, aholkuak eta konponbideak ematen dizkiogu. Eta konpainiek asko baloratzen dute hori” adierazi du Tumaker enpresako zuzendari nagusiak. “Enpresa batean inprimagailu bat muntatzen dugunean, saioak egiten ditugu barruko departamenduek beren premiak partekatu ditzaten, eta askotan, horrelako saioetan deskubritzen da makinei erabilpen berriak eman dakizkiekeela beste esparru batzuetan ere.  Batzuetan, inprimagailu bat erosi beharrean, lauzpabost erosten dituzte azkenean” aitortu du Bengoetxeak.

 

4.0 Industriak, eta bereziki automozio edo aeronautika sektoreek gero eta gehiago eskatzen dituzte metalez egindako fabrikazio gehigarriko konponbideak. Azken hilabeteotan, Tumaker enpresak inprimaketa-material berriekin esperimentatu du, hala nola, nano-zuntzekin (CIC NanoGUNErekin lankidetzan) edota moldeatu ondoren labean sartzen diren buztinekin (EHUrekin lankidetzan). Bengoetxeak adierazi du metala dutela begimiran, baina hainbat muga dituela: “Metalaz fabrikatu ahal izateko teknologiaren oinarriak jartzen ari gara. Geure teknologia propioa garatzen ari gara, uste dugulako metalezko piezen 3Dko inprimaketa izango dela hurrengo iraultza handia. Dagoeneko badaude metalean inprimatzen duten makinak, baina edozein teknologiaren hastapenetan gertatu ohi dena gertatzen ari zaigu, alegia, kostuak handiegiak direla. Tumaker enpresan hasieratik erabaki genuen toki guztietara eraman nahi genuela fabrikazio gehigarria, baina ETE eta enpresentzako ahalik eta modu irisgarrienean. Makinak ekonomikoki eskuragarriak izan behar dira, kalitatezkoak eta erabiltzeko errazak. Alderdi horiek lantzen ari gara, eta lortzen dugunean aterako dugu teknologia merkatura, ez lehenago”.

 

Euskal startupa hertsiki loturik dago Fabrikazio Aurreratuaren kontzeptuarekin, ADNan idatzita baitarama teknologia eta berrikuntzarako duen zaletasuna. Dena dela, Jon Bengoetxea bezalako ekintzaile batzuk kezkaturik daude 4.0 Industria kontzeptuaren goraldiagatik eta ugaritu egin direlako horrelako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak: “Azken hilabeteotan ematen du enpresa guztiek egiten dutela 4.0 Industriarekin lotutako zerbait, eta hori arazoa izan liteke horrelako zerbitzuak eskatzen dituzten enpresentzat, zaila izan baitaiteke benetan balioa duten proposamenak bereiztea. Ekintzaileen eta enpresarien esku dago baliozko proposamenak eskaintzea, gero merkatuak baliozkotu ditzan”.

 

Dirudienez, hemendik gutxira ahoz aho ibiliko da Tumaker enpresaren izena. Konpainiaren etorkizuneko erronkak dira hardwarea eta softwarea hobetzen jarraitzea, material berriak ikertzea, eta nazioartekotze prozesuari ekitea, begirada jarrita Alemaniako eta Frantziako merkatuetan. Halere, lanean jarraituko du enpresei ikusarazteko zein komenigarria den fabrikazio gehigarria erabiltzea prototipoak egiteko prozesuetan eta produkzioan. Aldi berean, negozio nitxo berriak bilatuko ditu, teknologia honek asko baitauka oraindik esateko.  “Tumaker oraindik ez da iritsi izango den horretara. Merkatua sortu nahian gabiltza 3Dko inprimaketarekin, baina nahiko zaila da saltzeko, enpresek ez dituztelako gauzak erosten erostearren. Erakutsi behar diezu erosiko duten hori baliagarria eta produktiboa izango dela. Eta horretan lanean jarraituko dugu” aurreratu du Jon Bengoetxeak.