ES | EU


2014ko Abendua 01


  • Javier Martín: “Ekintzaileak jendea bere proiektuan inplikatzeko duen gaitasuna”, horixe da CrowdFunding bidezko finantzaketaren arrakastarako giltza. 

Crowdfundingarekiko bere lehen kontaktua 2006an  hasi zen, “Interneten burbuila” ren ondoren sortzen ari ziren startup askok zituzten premiak aztertu ondoren. Javier Martín toledarra da arlo honetan esperientzia gehien –bai bereak bai inorenak- duen pertsonetako bat. Horietako asko hitzaldi, ikastaro eta mentoring saioetan eskaintzen ditu, eta Loogic.com atarian duen StartUps  y Negocios blogaren bitartez ere bai.

 

Javierren iritziz,  “Crowdfundingaren oinarria konfiantza da, dirua dutenek ideiak dituztenengan duten konfiantza, eta elkarrekin egiten dute lan proiektu bat aurrera ateratzeko”. Berarekin hitz egin dugu eta datu interesgarriak eman dizkigu proiektuak finantzatzeko formula ezagunenetako honen inguruan.

 

Javier, zure ibilbide profesionalean jarduera soziala eta ekintzailetza uztartu dituzu. Horiek al dira crowdfunding kontzeptuaren oinarrian dauden ideia kulturalak?

Zalantzarik gabe, crowdfundingean elkartzen dira nire bizitza profesional eta pertsonalean garatu ditudan hainbat alderdi, esaterako, aisialdiko hezkuntzarako YMCA GKEan lan egin nuen eta orain boluntario gisa laguntzen jarraitzen dut. Asko gustatzen zait eta izugarri betetzen nau… Niretzat oso garrantzitsua da ekintzaileon lanak osagai sozial bat izatea, hau da, onura ekonomikoaz gain, jendearen bizitza hobetzen lagunduko duen onura bilatzea.


Startupentzako munduko lehenengoetako crowdfunding plataforma bat martxen jartzen lagundu zenuen: Seedquick

Seedquick martxan jartzean, aurreratu egin gintzaizkion gure garaiari. 2010ean oraindik ez zegoen baldintza egokirik crowdfundinga garatzeko, ez behintzat orain garatzen ari den neurri berean. Plataforma abiatu genuenean harrera ona izan zuen ekintzaile, enpresa eta erakundeen artean, baina ezin izan genion eman ekimen berritzaile batek behar  duen bultzada, merkatuak oraindik ez baitzuen ezagutzen crowdfundinga.

Orain beste aukera bat eman nahi diogu; merkatuko baldintzak askoz ere hobeak dira eta guk ere hobeto ezagutzen dugu crowdfundinga. Horregatik uste dugu oraingoan ekarpen handia egin ahal izango diogula beren proiektuak finantzatzeko bide tradizionaletatik kanpo crowdfundingaren alternatiba bilatzen duen pertsona askori.


Zein erronka ditu Seedquick plataformak esku artean?

Gure erronka nagusia da baliagarri izatea beren enpresentzako finantzaketa iturri alternatiboak bilatzen dituzten ekintzaileentzat. Zorionez, crowdfundingak gero eta emaitza hobeak ematen ditu, eta gero eta ezagunagoa da jende artean.  Erreferentzia izan nahi dugu beren enpresentzat finantzaketa bila dabiltzan pertsona guztientzat, eta baita ere parte hartzeko proiektu berrien bila dabiltzan inbertsiogileentzat. Hori lortzeko, ahalik eta azkarren izan nahi ditugu lehen kasu arrakastatsuak, hazten lagunduko diotelako zehazki gure plataformari eta oro har crowdfundingari.


Zuk zeuk ere proiektu pertsonal ugari atera dituzu aurrera crowdfundingari esker…

Crowdfundinga erabili izan dut neure proiektuak finantzatzeko, eta horregatik dakit tresna bikaina dela, eta ez soilik finantzen arloan, baita ere balio duelako negozio ideiak baliozkotzeko eta jendea ekintzaileen proiektuetan inplikarazteko.  “Emprender Ligero” liburua (http://www.lanzanos.com/proyectos/emprender-ligero/) idazteko egin nuen nire lehenengo crowdfunding kanpaina, eta horren ondoren “Inversión en Startups” (http://www.lanzanos.com/proyectos/guia-loogic-inversion-startups-2014/) izeneko gida egin nuen, arrakasta itzela izan zuena.

Orain beste crowdfunding kanpaina bat egiten ari naiz,  eta laguntza eskatzen ari naiz ekintzaileak eta inbertsiogileak harremanetan jarriko dituen ekitaldi handi bat egiteko, gero topaketari buruzko liburu bat idatzi eta horrekin ekintzaileei finantzaketa bilatzen laguntzeko beren enpresentzat: http://www.lanzanos.com/proyectos/smart-money


Crowfundinga sarritan finantzaketa tresna arrakastatsu bezala aurkezten da, baina proiektu gehienek ez dituzte lortzen martxan jartzeko behar dituzten gutxieneko baliabideak. Zeintzuk dira zure ustez porrotaren arrazoi nagusiak?

Nik egiaztatu dut proiektu askok lortzen dutela behar duten finantzaketa, bai behintzat bide arrunten bidez bilatzen dutenek baino askoz gehiagok. Arrakastaren giltzei dagokienez, azpimarratu nahi nuke ekintzaileak gaitasuna izan behar duela jendea bere proiektuan inplikatzeko. Ordainsarietan oinarritutako crowdfundingaz ari bagara, oso garrantzitsua da garatu nahi den proiektua ongi azaltzen duen bideo on bat edukitzea. Era berean, ongi definitu behar dira kanpainari lagunduko dioten pertsonek jasoko dituzten ordainsariak, eta batez ere zabalkunde-lan ona egin behar da jende askok ezagutu dezan proiektua eta kolaboratu dezan.


Crowdfunding bidez finantzatutako zein proiektu egin zaizkizu deigarrien? Aipatu  batzuk.

Eredugarritzat jarriko nuke “Pressy” crowdfunding kanpaina: https://www.kickstarter.com/projects/556341540/pressy-the-almighty-android-button Merezi du arretaz ikustea, crowdfunding kanpaina bat nola muntatu behar den ikasteko.

Euskadiko ekintzaile batek eginiko crowdfunding kanpaina ere azpimarratuko nuke, ongi ezagutzen dut eta: https://www.indiegogo.com/projects/wattio-live-in-a-smarthome. Oso adierazgarria iruditzen zait, argi erakusten duelako nolako proiekzioa lor dezakeen enpresa batek crowdfunding bidez finantzatu ondoren. Kasu honetan, enpresak lortu du bere produktuak Amazon eta Leroy Merlín dendetan saltzea.

Rewalk enpresak eginiko Equity Crowdfunding kanpainak ere merezi du: https://www.ourcrowd.com/rewalk_robotics . Espainian, berriz, HEMAV enpresarena aipatuko nuke: https://spain.crowdcube.com/proyecto-crowdfunding/hemav-16935

Amaitzeko, abentura espazial propioa izan nahi duen ekintzaile talde baten kanpaina gomendatuko nuke, jende askoren laguntza lortu baitute crowdfundingaren bitartez. http://copsub.com/


Zein oinarrizko aholku emango zenizkieke ekintzaileei beren proiektua Crowfunding plataforma batean aurkezteko?

Gorago aipatutako guztiez gain, beste bi emango nizkieke:

lehenik eta behin, funtsezkoa iruditzen zait jendea ekintzailearen proiektuan inplikaraztea. Horregatik, ekintzaileak eskuzabala izan behar du, jendea berarekin eskuzabala izatea espero duen bezalaxe.

Eta zalantzarik gabe, funtsezkoa da ekintzailea buru-belarri murgiltzea crowdfundingean, kanpainak irauten duen denbora guztian; horregatik gomendatzen diot ongi prestatu dadila, eta batez ere kanpainan zentratu dadila, enpresako edo proiektuko beste alderdi batzuek ez dezaten oztopatu haren garapena.