ES | EU


2017ko Ekaina 28


Datorren uztailaren 5ean jarriko da abian BIND 4.0 programaren nazioarteko bigarren deialdia. Eusko Jaurlaritzak eta Euskadin finkatutako entzute eta izen handiko industriako enpresa trakziogile ugarik bultzatu dute sturp-en azeleraziorako ekimen publiko-pribatu hau. Ekintzailetasun-programan honek berebiziko arrakasta lortu zuen iaz, lehen edizioan, eta horren adierazle, 2016an ekimena gidatu zuten konpainiei beste hamabi gehitu zaizkie; horrenbestez, aurten punta-puntako 27 enpresa ariko dira orpoz orpo lanean ekimen berritzaile honen deialdian hautatutako startup-ekin.

 

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua datorren asteazkenean, uztailak 5, elkartuko da aurten partaide izango diren 27 enpresekin (2016ko hamabostekin eta aurten programan esku hartzea erabaki duten beste hamabiekin), eta ondoren, BIND 4.0 programaren 2. deialdia abiaraziko du nazioarte osoari begira.

 

Bilera Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko eraikin nagusian izango da, eta bertan programaren deialdi honen berrikuntza nagusiak jakinaraziko zaizkie enpresei. Berrikuntzen artean, mundu mailako enpresa oso garrantzitsuk BIND 4.0 ekimenean parte hartzea erabaki dute “partner” teknologiko gisa. Hala, bi horiek bat egingo dute lehendik dauden beste bi enpresa nagusiekin; hau da, Siemens eta Microsoftekin.

 

Ondoren, goizeko 11:00etan, deialdia egingo da komunikabideen aurrean. Sailburuaz gain, Eusko Jaurlaritzaren aldetik agerraldian izango dira Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea, Estibaliz Hernaez, SPRI Taldeko zuzendari nagusia, Alex Arriola, eta Ekintzailetzaren zuzendaria, Aitor Urzelai.

 

27 enpresa trakziogile handi

 

AERNNOVA, Alegria Activity, Arcelor Mittal, BATZ, Bridgestone, Cikautxo, Elay, Elecnor Taldea, Gestamp, RPK, SENER eta Sidenor dira BIND 4.0 programarekin bat egin duten hamabi konpainia trakziogile handiak. Herrialdea eraikitzeko apustu estrategiko honen bidez ekintzailetasun aurreratuaren munduko mapan lekua hartzen ari da Euskadi, eta bost kontinentetan indarra hartzen ari diren enpresetako talenturik eta sortzailerik onenak erakartzen hasi da.

 

Ekintzailetasun aurreratuko ekimen honen lehen edizioan hauek izan ziren partaideak: ABB, CAF, CIE Automotive, Danobat Group, Euskaltel, Fagor Ederlan, Maier Taldea, Alcor Taldea, ULMA Taldea, Iberdrola, ITP, Mercedes-Benz Gasteiz, Michelin, NEM Solutions eta Repsol-Petronor. Beraz, dagoeneko 27 dira ekimen publiko-pribatu berritzaile honetan parte hartuko duten industriako 27 sinadurak.

 

Startup enpresen azeleraziorako beste programa batzuen aldean BIND 4.0-ren bereizgarria da publiko-pribatua dela, eta mailarik altueneko industria-bezeroei startup-etan sartzea bermatzen dien mundu mailako lehena dela. SPRI Taldeak, Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, koordinatzen du programa hau, Enpresa eta Berrikuntza Zentroen eta Foru Aldundien laguntzarekin.

 

Lehen deialdiaren datuak

 

Europa, Afrika, Amerika eta Asiako 41 herrialdetako 257 enpresa aurkeztu ziren guztira BIND 4.0 programaren lehen edizioan, eta horietatik hamaika startup aukeratu zituzten azkenean programaren sustatzaileek. Hamaika enpresa horiek hainbat soluzio berritzaile garatu zituzten ‘ad hoc’ Euskadin finkatutako hamabost industria-konpainia handientzat. Guztira 16 proiektu teknologiko berritzaile landu zituzten, eta 50.000 euroko batez besteko fakturazioa lortu zuten.

 

BIND 4.0 programaren bigarren edizioaren deialdia, adierazi dugunez, uztailaren 5ean abiatuko da nazioartean eta irailaren 15era arte izango da martxan; oraingo honetan ere startup onenak erakartzea izango da xedea.