ES | EU


2015ko Urtarrila 21


HEBE, Estatuko Lehen “Junior Empresa” saria.

“Gure proiektua inspirazio-iturri izan liteke gure adineko beste ekintzaile gazte batzuentzat”

2014an Bizkaiko hiru ekintzailek plataforma bat sortu zuten Euskadin, ikusgarritasuna emateko modaren munduko talentu gazteek egiten duten lanari. Edu Iracheta, Eduardo Minayo eta Eider Burgosek komunikazioaren kudeaketako, design thinking arloko eta ekitaldien antolakuntzako ezagutzak eta kezkak uztartu zituzten, diseinuaren euskal sektoreari konponbide sortzaile eta berritzaileak eskaintzeko.

Urtebete geroago beren ekimenak Estatuko lehen “JUNIOR EMPRESAS” saria irabazi du!

 

Lehenik eta behin, Edu, Zorionak! Oraindik hasi ere ez zarete egin eta hezkuntza-enpresa munduak dagoeneko saritu du zuen ibilbidea.

Egia esan, gu geu harritu gara gehien sari honekin. Duela urtebete baino gutxiago eratu genuen HEBE eta, zalantzarik gabe, sariak aitortza egiten dio egin dugun lanari, baina batez ere pizgarri bat da lanean jarraitzeko. Bizkaiko modaren sektoreak bikain hartu gintuen hasieratik, esan genien ez zela gure asmoa diseinatzen erakustea, ezta gutxiagorik ere, baizik eta komunikazio bide berriak ustiatzen laguntzea beren lanaren eta talentuaren berri emateko.

 

Zer baloratu du “Junior Empresa” lehiaketako epaimahaiak sari hau emateko?

Epaimahaiak hainbat irizpide baloratu ditu, hala nola proiektuaren sormena eta bideragarritasuna, garapen maila, sostengarritasuna, erantzukizun soziala eta sustatzaile/ekintzaileek proiektuarekiko duten inplikazio maila ere bai.

 

Nola sortu zen ideia, zergatik identifikatu zenituzten Diseinua eta Moda zuen ekimenaren jomuga gisa?

Ikusi genuen modaren sektoreak potentzial handia duela Euskadin. Diseinatzaile gazteen harrobi oparoa dugu, baina ohartu ginen ez zegoela diseinatzaileak nahastu eta proiektu parte-hartzaileak sortzeko aukera ematen zuen proiektu sendorik.

HEBEn komunikazio estrategiak diseinatzen ditugu, ahotsa emateko diseinatzailez eta modako marka txikiz osatutako kolektibo honi, eta beren arteko sinergiak sortzen ditugu beren burua sustatu eta gehiago saldu dezaten.

 

Laguntza publikoa eta pribatua jaso duzue lehen urratsak emateko? 

Hilabete hauetan Zitek eta BEAZ erakundeen laguntza jaso dugu nagusiki. Lehenengoak egunero laguntzen digu, gure jarduera garatzeko espazio bat ematen digulako; BEAZek, berriz, beso zabalik hartu gaitu bere egoitzan, hasi ginenetik antolatu ditugun ekitaldi guztietan.

Hala ere, oraindik zaila da komunikabideetan txoko bat lortzea gure proiektuaren berri emateko, zeina inspirazio-iturri izan baitaiteke gure adineko beste gazte batzuentzat.

 

Nolako hazkundea izatea nahiko zenukete? Norantz bideratu nahi duzue?

Azken hilabeteotan modaren sektoreak irakaskuntzan izan dezakeen gaitasuna aztertzen ari gara. Moda gai da norberaren talentua eta sormena ustiatzeko, izan ere artea eta komunikazio gaitasuna nahasten dituen adierazpide garrantzitsuenetako bat da.

Horregatik, 2015ean hainbat workshop egingo ditugu Euskadiko museo ezagunenetan modaren bitartez sormena ustiatzeko.

 

Krisia eta moda bateragarriak al dira? 

Azken urteotan krisiak gogor kolpatu ditu profesionalak eta familiak. Aldi berean, teknologiak aldatu egin du gure bizimodua eta beraz baita ere gure kontsumo ohiturak. Hala, krisiaren eraginez saltoki fisikoak itxi dira, baina horrekin batera merkataritza elektronikoa globalki garatu da.

Argi dago bere produktuak ekoizten eta merkaturatzen dituen diseinatzaile batek ezin dituela eskaini produkzioa deslokalizatzen duten eta “low cost” modaren kontzeptua errotu duten marka handien prezioak. Hala ere, teknologia berriei esker askoz errazagoa da jomuga publikoarengana iristea oso kostu baxuan, eta horrek aukera ematen die produkzio txikia duten diseinatzaile guztiei mundu osoan saltzeko web orri baten bitartez.

 

Euskadi Sormenaren eta Diseinuaren erreferente bihurtzen ari da. Zer behar da orain ideia hori sustraitzeko? 

Duela ez asko UNESCOk “Diseinuaren Hiria” izendapena eman zion Bilbori. Argi dago Euskadik potentzial handia duela arlo horretan; lehenik eta behin, geuk sinetsi behar dugu, eta, bigarrenik, erakundeek industria sortzaileak babestu behar dituzte.

 

Badakizu ikastetxeetan materia gris ugari dagoela eta balioa eman behar zaiola horri. Zer gomendatzen diezu zuek bezalako kezkak dituzten gazteei beren proiektu ekintzaileak aurrera eramateko? 

Ausartu daitezela. Unibertsitatean garrantzia ematen zaio batez besteko nota ona ateratzeari, uste delako espediente ona lagungarria zaiola ikasleari ikasketak amaitutakoan kontratu bat lortzeko, eta ez zaie hainbeste laguntzen ikasten duten hori ikasgeletatik kanpo aplikatzen eta negozio bati ekiten.

Une honetan ikasketak amaitu dituen 22 urteko ikasle bat egoera guztiz ziurgabean dago, eta eskarmentua eskatzen zaio lanpostu bat eskuratzeko.

Horregatik, ikasleek ausart jokatu behar dute eta beldurra galdu, gai izan behar dute nahi duten hura egiteko eta egiten dakitena eta gustatzen zaiena probatzeko; ireki ditzatela bide berriak, ordu asko sar ditzatela eta batez ere ez diezaietela jaramonik egin ezinezkoa dela esaten dietenei.

 

Eskerrik asko, Edu. Eta Zorionak berriro!

+info: www.hebebilbao.com