ES | EU


2014ko Iraila 25


“GARAI ZAILETAN” KONTRATATZEA. MUNDUA EZ DELAKO GELDITZEN KRISIAGATIK: AITZITIK, AZKARRAGO DOA!
Gure negozioan kontratatu beharko genituzkeen pertsonak identifikatzeko pistak. Elkarrekiko ekintzailetza eta Barne-ekintzailetza: lan kontratazioaren alternatibak

Ekintzaile gehienek, lehenago edo beranduago, beste pertsona batzuen premia izaten dute beren negozioetan, dela jarduera anitzak garatzeko edo dela posizionamendu eta errentagarritasun helburuak erdiesteko.

Proiektu bati ekitean, baliabide ekonomikoak mugatuak izan ohi dira eta horietako batzuk kontratuak, soldatak, gizarte segurantza, nominak eta beste hainbat gastu ordaintzeko erabili beharrak bi aldiz pentsarazten digu norbait kontratatzearen premia. “Garai zail hauetan, dena maldan gora egiten zaigu”; egoera sozio-ekonomiko txarrak are gehiago zailtzen du sorkuntza faserako langileak kontratatzea, kostu horiek konpromiso handia baitira eta kolokan jar baitezakete negozioaren hasierako oreka.

Baina mundua ez da gelditzen krisiagatik; aitzitik, esan liteke aldaketak azkartzen dituela. Beraz, hor daude merkatuko aukerak, pixkanaka planteatzen diren premia ugariei erantzun lehiakorra emango dien norbaiten zain. Norbait hori ZU ZEU izan zaitezke; jada jakingo duzu premia bati nola erantzun eta beste pertsona batzuk hartzen badituzu, lehiakortasunez lan egin ahal izango duzu.

Gainera, pentsatu al duzu ongi prestatutako zenbat gaztek duten une honetan “ekintzara pasatzeko” gogoa?

UP Euskadi webguneko beste artikulu batean aipatu genuen gaur egun badagoela “Mini Job” deiturikoak sustatzeko aukera: soldata baxuko eta ordu gutxiko kontratuak dira, pisu handia dutenak Alemania bezalako ekonomietan.

Bada azkenik beste kontu bat, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa; kontuan hartu behar duzu Eusko Jaurlaritzak nahiz beste erakunde batzuek hainbat laguntza eta akuilu ematen dituztela pertsonak kontratatzeko, ekintzailearen bidea hain gogorra izan ez dadin. Esaterako:

http://www.lanbide.net

http://www.spri.eu

Nola identifikatu gure negozioan kontratatu beharko genituzkeen pertsonak?

Gure negoziorako pertsona egokienak nortzuk izan daitezkeen jakin baino lehen, hainbat alderdi ezagutu behar dira.

Lehena eta garrantzitsuena, ez dezagun ahaztu kontratazio bat inbertsio bat dela eta, beraz, arriskuak dituela. Horregatik, prozesua ahalik eta modu metodiko eta neurgarrienean egin behar genuke, arrisku posibleak albait txikienak izan daitezen.

Kontratatu ditzakegun pertsonak bide desberdinetatik irits daitezke guganaino, adibidez:

1- C.V. bat bidali digute beren zerbitzuak espontaneoki eskainiz

2- Gure webgunean eskatu diegu lan bila dabiltzanei curriculumak bidaltzeko

3- Enplegu eskaintza bat argitaratu dugu komunikabide batean edo poltsa profesionalen bidez

4- Lanbideko, Enpleguaren Euskal Zerbitzuko, bulegorik hurbilenera joan gara

5- Ikastetxe eta prestakuntza zentroekin harremanetan jarri gara gure premien berri emateko

6- Enpresa erakundeei gure negozioan sar litezkeen pertsonen berri eman diegu

7- Gure ingurukoei kontratazio posible baten berri eman diegu

Eta jakina,

8- Gure ingurukoak izan daitezke: senideak, lagunak, adiskideak…

Modu bakoitzaren abantailak edo desabantailak baloratzen hasi gabe, hurbil dauzkagun pertsonak gure negozioan sartzeak badu alderdi on bat, zeren aldez aurretik ezagutzen baititugu bakoitzaren testuinguru pertsonal eta profesionalak, eta hala, aurreikusi dezakegu nola erreakzionatuko duten eguneroko egoeretan. Argi dago arriskuetako bat izan daitekeela gatazkak sortzea lan ingurunean eta horrek eragin handia izan dezakeela harreman pertsonaletan; horregatik, neurri zorrotzak hartu beharko ditugu.

Gure ingurukoak ez diren hautagaiak ebaluatzea erabakitzen badugu, kontratatu nahi ditugunei buruzko zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta txikiagoak izango dira harreman profesionalean sor daitezkeen bateraezintasunak. Hala, komenigarria litzateke kontuan hartzea ERREFERENTZIAK eta GOMENDIOAK, bereziki bete behar den profilaren ezaugarriak ongi ezagutzen dituzten sektoreko beste negozioek egindakoak.

Giza baliabideen argotean “kanpoko erreklutamendua” deitzen zaio ezezagunak erakartzeari, eta abantaila handiak ditu:

9- “Zerotik hasita sortu” dezakegu harreman profesionala, ekintza marko zehatz bat ezarriz.

10- Era berean, zure negoziora iristen den pertsonak “zerotik” editatu dezake bere lanbidea, aurretik egin dituen akatsak saihestuz eta baztertuz.

11- “Kanpoko” pertsonek gureaz bestelako ikuspegia eta ideiak dituzte eta hori aberasgarria da.

12- Aurretiazko esperientzia profesionala badute, estrategikoki eta teknikoki interesgarria den ezagutza ekar dezakete.

Zure negoziora giza kapitala erakartzeko beste modu bat ELKARREKIKO EKINTZAILETZA eta BARNE-EKINTZAILETZA sustatzea da.

13- Elkarrekiko ekintzailetza deitzen zaio modu kolaboratiboan ekiteari, zu bezala ekintzaileak diren beste pertsona batzuk identifikatu (eremu produktibo desberdinetakoak izan arren) eta elkar osatzeari negozio jarduera batean edo gehiagotan. Horrela, energiak batuz emaitzak biderkatuko dituzue.

14- Barne-ekintzailetza da lehendik existitzen den negozio baten barnean egiten den jarduera ekintzailea, langileei zuzendua dagoena eta enplegua sendotzea eta antolakundearen lehiakortasuna sustatzea helburu duena. Oro har barne-ekintzailetzak zerikusia du produktu/zerbitzu estrategia berritzearekin, negozio edo produktu gama berri bat abiaraztearekin, produktu kontzeptu berriak garatzearekin edo produktu eta zerbitzu bati ezaugarri berriak ematearekin. Hori lortzeko, erakundeko pertsonen talentua mobilizatu behar da aukera eta erronka estrategiko berriak bilatu ditzaten.

15- Bisitatu astero UP Euskadi web orria edo harpidetu zaitez buletin informatibora eta ezagutu zure negozioa elikatzen eta lankidetzarako zein elkarrekiko ekintzailetzarako pertsonak eta enpresak identifikatzen lagunduko dizuten jardunaldiak, ekitaldiak, ikastaroak, e.a.