ES | EU


2017ko Apirila 18


Datorren maiatzaren 5ean Demo Day edo aurkezpen jardunaldi bat ospatuko da Arabako Teknologi Parkeko Eraikin Zentralean, eta orobat egingo da ekintzailetza industrial aurreratuko BIND 4.0 programaren lehen edizioaren balantzea. BIND 4.0 startupen lehenengo azeleragailu publiko-pribatua da, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadin kokatutako enpresa industrial garrantzitsuenetako batzuek elkarrekin sustatua, eta helburutzat duena Euskadiko nahiz munduko beste edozein tokitako 4.0 industriaren esparruko ekimen berritzaileak bildu eta bultzatzea.

Ekimena martxan jartzeko, Eusko Jaurlaritzak enpresa hauen laguntza izan du: ABB, CAF, CIE Automotive, Danobat Group, Euskaltel, Iberdrola, ITP, Mercedes-Benz, Michelin, Microsoft, Repsol-Petronor eta Siemens. Gero, industria arloko beste konpainia batzuek ere bat egin dute ekimenarekin, besteak beste, Fagor Ederlan, Grupo Alcor, Grupo Ulma, Maier eta NEM Solutions-ek.

BIND 4.0 lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako apustu bat da, bere bitartez Euskadira erakartzeko ekimen berritzaileak. BIND 4.0 azeleragailuak aukera ematen die startupei (4.0 industriaren esparruko proposamen berritzaileak dituzten enpresa sortu berriei) lankidetzan jarduteko autonomia erkidegoan lan egiten duten konpainia garrantzitsuenetako batzuekin eta bezero-hornitzaile harremana sortzeko haiekin. Programaren lehen deialdia joan den uztailean abiatu zen. 41 herrialdetako 257 proiektu aurkeztu ziren, eta horietatik 52 izan ziren hautatuak. Multzo horretatik Euskadiko konpainia handiek 13 startupen 18 proiektu aukeratu zituzten: Arabako bi, Bizkaiko hiru, Gipuzkoako bi, Estatuko beste bi eta atzerriko lau (Frantzia, Portugal, Polonia eta Indiakoak).Egitaraua eta esku-hartzeak

Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuorde Estíbaliz Hernáezek irekiko du jardunaldia. Aitor Urzelaik, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizartearen zuzendariak, programaren lehen deialdiaren balantzea egingo du eta bigarrena iragarriko du. Lehen edizioan aukeratutako ekimen guztiak aurkeztuko dira eta “Startupekin lan eginaz berritu” mahai-ingurua egingo da, non sustatzaileek, inbertitzaileek, tutoreek eta enpresek parte hartuko baitute.

BIND 4.0 programaren bigarren edizioa aurkezteaz gain, Demo Day honen bidez lehen deialditik ateratako proposamen berritzaileak ezagutaraziko zaizkie enpresa, inbertitzaile eta komunikabideei, zeintzuek aukera izango baitute proiektuen sustatzaileekin zuzenean harremanetan jartzeko.

Proposamenak oso esparru desberdinetakoak dira, hala nola: Gauzen Interneta, eyetracking edo begien mugimenduen jarraipena, errealitate handitua eta errealitate birtuala, big data eta data analytics, machine learning edota inprimaketa gehigarria. Esperientzia horiek sendotu egin dute Eusko Jaurlaritzaren Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Basque Industry 4.0 estrategia, zeinaren barruan diseinatu baitzen BIND 4.0, Euskadiko ekosistema ekintzailea sendotzeko eta Euskadi ekintzailetza industrial aurreratuaren mapan posizionatzeko. Euskadiko Enpresa Agentziak (SPRIk) koordinatuko du ekitaldia, BIC-Enpresa eta Berrikuntza Zentroen eta Foru Aldundien laguntzarekin.

BIND 4.0 azelerazio programa publiko-pribatu bat da, helburutzat duena 4.0 Industriako startup onenen garapena bultzatzea, eta horretarako proiektuak garatzen dituena puntako enpresa industrialekin eta laguntza-programa oso bat baliatuz. Era berean, BIND 4.0 programa aukera paregabea da industria arloko enpresentzat, lagungarri delako mundu mailako talentu onenak identifikatzeko eta eurekin harremanetan jartzeko, posible egiten duelako puntako teknologiak eskuratzea, eta etorkizuneko Ziber-industriako edo “Iraultza Industrial Adimenduneko” proiektu eta konponbideen garapena ahalbidetzen duelako.

 

EGITARAUA

10:00etan Jardunaldiaren irekiera

Estíbaliz Hernáez Laviña – Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordea

10:05 BIND 4.0 programaren lehen edizioaren aurkezpena

Aitor Urzelai – Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizartearen zuzendaria

10:20 Parte hartzen duten startupen aurkezpenak (I)

11:40 Coffee break

12:10 Parte hartzen duten startupen aurkezpenak (II)

13:10 Mahai-ingurua: “Startupekin lan eginaz berritu”

Leire Bilbao – Euskaltel;
Iñaki Pertusa – Decidata
Mentor; Bind 4.0 – Eduardo Diez-Hocheitner;
 Inbertitzailea – baieztatzeko

14:00 BIND 4.0 programaren bigarren edizioaren aurkezpena

Aitor Urzelai – Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizartearen zuzendaria

14:15 Jardunaldiaren amaiera

 


Izen emateak hemen