ES | EU


2017ko Uztaila 17


Urtearen lehen sei hilabeteetan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak eta SPRI Taldeak 300.000 eurotik gorako laguntzak eman dizkiete Arabako startupen 17 ekintzailetza-proiekturi. BIC Araba zentroak kudeatuko dituen enpresa-ekimen horietako gehienek zerikusia dute ingeniaritzarekin, baina baita ere beste sektore batzuekin, hala nola, sektore aeroespazialarekin, bio-teknologiarekin edo EIKTekin (Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak).

 

 

BIC-Araba Enpresa eta Berrikuntza Zentro bat da, zeinetan Eusko Jaurlaritza eta SPRI Taldea bazkide maioritarioak diren eta zeinetan Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak ere parte hartzen duten. BIC-Araba Europar Batasuneko DG XVI (Eskualde Politiken Zuzendaritza Nagusia) erakundeak homologatuta dago eta Europako Enpresa eta Berrikuntza Zentroen Sareko (E.B.N.) eta Estatuko CEEI sareko (ANCES) kide da.

 

 

Laguntza horiek Ekintzaile programaren bitartez tramitatu dira, zeinaren bidez babesa ematen baita enpresa-ideia bat heldutasun fasera iritsi dadin BIC zentro batean, eta ideia, azkenean, enpresa bihurtzen bada, aukera dago maileguak eskuratzeko baldintza abantailatsuetan. Pertsona fisikoei, mikro-enpresei, ETEei eta enpresa industrial handiei edo haiekin lotutako zerbitzu enpresei zuzentzen zaie.

 

 

 

Azken urtean gehienbat 20.000 euroko laguntzak eman dira proiektuko, baina izan da 25.000 eurorainoko laguntza jaso duenik ere. Ekimen horiek zerikusia dute espezializazio adimenduneko RIS3 estrategiarekin eta Basque Industry 4.0 programarekin: dronak diseinatzeko proiektuak; pertsonen iritziak irakurtzen eta produktuak gomendatzen dituzten eCommerce plataformak; hiriko hondakin solidoen errautsak tratatzeko proiektuak; potentzia erdiko aero-sorgailuak sorkuntza banaturako eta autokontsumorako; medikuntza arloko aplikazio mugikorrak garatzeko proiektuak; supermerkatuetako orga eta saskien jarraipena egiteko edo kontsumitzaileen emozioak identifikatzeko garapen teknologikoak; eta datuen analisirako business intelligence proiektuak.

 

 

SPRI Taldeak hainbat tresna eskaintzen ditu ekintzailetzari laguntzeko, eta tresna horiek 5,8 milioi euroko zuzkidura dute aurten. Horien artean aipatzekoa da BIND 4.0 programa, 4.0 Industriako startup onenak erakartzeko nazioarteko lehen ekimena. Hain zuzen ere, uztailean jarri da martxan 4.0 industriako startupentzako euskal azeleragailu publiko-pribatu horren bigarren edizioa, mundu osoko enpresa gorakorren talentua eta berrikuntza erakartzeko eta, bide horretatik, euskal industria-sarearen zerbitzura jartzeko.

 

 

Oraingo honetan, industria sektoreko punta-puntako 27 enpresak parte hartuko dute BIND 4.0 ekimenean. Izen handiko 12 enpresa berrik erabaki dute programaren edizio honetan parte hartzea, startupen euskal azeleragailu publiko-pribatuak lehen edizioan izandako arrakastak bultzatuta.

 

 

AERNNOVA, Alegria Activity, Arcelor Mittal, BATZ, Bridgestone, Cikautxo, Elay, Grupo Elecnor,  Gestamp, RPK, SENER eta Sidenor dira BIND 4.0 ekimenean parte hartzea erabaki duten trakzio-konpainia berriak. Hona hemen ekintzailetza industrial aurreratuko programa honen lehen edizioan izena eman zutenak: ABB, CAF, CIE Automotive, Danobat Group, Euskaltel, Fagor Ederlan, Grupo Maier, Grupo Alcor, Grupo ULMA, Iberdrola, ITP, Mercedes-Benz Vitoria, Michelin, NEM Solutions eta Repsol-Petronor. Multzo horri beste 12 gehitu zaizkionez, aurten 27 parte-hartzaile izango dira guztira.

 

 

 

 

Baina hori ez da izan BIND 4.0 programaren lorpen bakarra. Lehen urteko (2016) emaitza onek 4.0 sektoreko bi erraldoiren arreta erakarri dute: Google eta Amazon. Hala, bigarren deialdi honetan, Google eta Amazon bazkide teknologikoen artean egongo dira lehenengoan parte hartu zuten beste bi handirekin batera: Microsoft eta Siemens. Partner teknologiko gisa, lau enpresa handi horiek tutore taldea indartu eta BIND 4.0 programako prestakuntza-programa aberastuko dute. Gainera, hobaridun produktu eta zerbitzuak eskainiko dituzte eta laguntza teknologikoa emango diete aukeratutako startupei.