ES | EU


2015ko Otsaila 28


Ekimen honek proiektu teknologiko berriak sustatzea lortu nahi du eta proposamen honen ekimen berriak bultzatu nahi ditu, aberastasuna sor dezaten eta Bilbao – Bizkaia marka ekintzailetza teknologikoaren erreferente moduan identifikatzen lagundu dezaten

Euskal Ekintzaile Digitalen Elkartea (SUA) puntakoak diren Euskal Herriko proiektu digitalen bederatzi sustatzaileek osatzen dute, eta SUA SARIAK izeneko sarien II. edizioa deitu dute, Aldundiarekin eta Bilboko Udalarekin lankidetzan. Sarion bidez Interneten inguruko proiektu teknologiko berriak aitortu eta sustatu nahi dira, baina proiektuon asmoa izan behar da haien barruko ideia berriak balioa emango duen eta etorkizuna izango duen negozio bihurtzea; gainera, produktuak merkaturatzera eta aberastasuna eta enplegua sortzera egon behar dira bideratuta. Sariok zabalik daude interesa duten pertsona, enpresa eta erakunde guztientzat, eta haiei buruzko informazio zehatzagoa eta proiektuak aurkezteko oinarriak web honetan aurki daitezke: www.suadigital.com.

SUA SARIAK antolatzen dituzten hiru erakundeek garapenerako bideak eta laguntza eskaini nahi diete proiektu irabazleei, Euskadin —oro har— eta Bilbon eta Bizkaian —bereziki— aberastasuna sortuko duten eta gure hiria eta lurraldea ekintzailetza teknologikoaren erreferente moduan jarriko duten ekimen berriak sustatzearren. Sustatzaileek garrantzi berezia ematen diete Internet erabiltzen dutenentzat oso lagungarriak diren ekimenei.

Proiektuak aurkezteko epea martxoaren 31n amaituko da, eta saridunen izenak Bilboko Zabalgune eraikinean apirilaren 17an egingo den SUA TECH MEETING ekitaldiaren barruan ezagutaraziko dira. Antolatzaileek guztira hamar proiektu aukeratuko dituzte, eta haien sortzaileek ekitaldi horretan bertan aurkeztu eta defendatu beharko dituzte. Sua sarietako epaimahaiak, proiektu bakoitzari aurretik egindako analisia eta haien zuzeneko aurkezpenak kontuan hartuta, hiru irabazleen izenak erabakiko ditu, eta apirilaren 17ko ekitaldian bertan ezagutaraziko ditu.

Irabazleek urtebeteko egonaldia egin ahal izango dute KBI Digitalek, ekintzailetza digitaleko proiektuen sehaska aurreratuak Matiko kalean duen Bilbao Auzo Factory «Irazabal-Matiko» lantegian, eta SUAko adituen aholkularitza izango dute negozioa garatzeko.

Eragile teknologikoen elkargunea

SUA SARIAK emateko ekitaldia izateaz gainera, SUA TECH MEETINGak elkargune moduan balioko die teknologiari eta Interneti lotutako eragileei —enpresa, unibertsitate, trebakuntza-zentro, elkarte eta administrazio publikoei— nahiz ekintzailetza teknologikoan interesatutako pertsona guztiei.

SUA: Euskal Herriko Start-Upen Elkartea

Euskal Herriko Start-Upen Elkartea 2013an eratu zen, eta, gaur egun, ekonomia digitalaren arloko tamaina ertaineko bederatzi enpresak osatzen dute, sektorean finkatutako eta ondo kokatuko enpresak guztiak ere. Hauek dira elkartekideak:

  • Javier Etxebeste (Lokku)
  • Gabriel Aldamiz Echevarría (Chicisimo)
  • Tabi Vicuña (Jobartis)
  • Mikel Garcés (Goear)
  • Carlos Sánchez (Nvivo)
  • Rubén Iglesias (Conteneo)
  • Jose Antonio Paunero (Hostinet)
  • Eneko Knörr (Ludei)
  • Jon Uriarte (Ticketbis)
  • Iker Vélez de Mendizabal (idazkaria)