ES | EU


2014ko Azaroa 05


Azken asteotan Euskadiren arreta ekonomiko eta instituzionala Mexikora zuzenduta egon da. Euskadik historikoki etengabeko harreman sozial eta ekonomikoak izan ditu Mexikorekin eta une honetan aukera-gune garrantzitsuenetako bat bihurtu da euskal enpresentzat.

Merkatu iparramerikar handi horrek eskaintzen dituen aukerak esploratu eta identifikatzeko, euskal erakundeak –Urkullu Lehendakaria buru izan delarik eta berari laguntzen Arantza Tapia, Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun sailburua eta Alex Arriola, SPRIko zuzendaria- Mexikora joan dira gure enpresekin hainbat topaketa eta negoziaketa egitera posizionamendu egoki bat lortzen laguntzeko.

Energia, automozioa, aeronautika… horiek dira aukera handienak eskaintzen dituzten sektoreetako batzuk, baina ez bakarrik esparru horietan lan egiten duten enpresa ertain eta handientzat, baita ere negozio txiki eta ekintzaileentzat, baldin eta prest badaude beren talentua eramateko ezagutza teknologikoen eta zerbitzu laguntzaileen beharra duen eta epe luzera lehiakortasuna garatzeko konpromisoa hartu duen jomuga hartarantz. Aipatzekoa da halaber ekintzaileentzat estrategikoak izan daitezkeen eta eragin sozial handia ekarri dezaketen bi sektorek izan duten eboluzioa: osasuna eta hezkuntza.

Mexikoko ekintzaile ekosistemari dagokionez, badira herrialde horretan milaka negozio ia baliabiderik gabe aurrera ateratzen direnak biziraupenezko ekonomia batean, zeinak posible egiten baitu ideia berritzaileak azkar garatzea izan daitekeen haztegi onenean: adbertsitatean alegia, une zailek sormena zorroztu ohi dutelako eta emaitzetara bideratutako lehiakortasun kultura sustatu ohi dutelako.

Ekintzaileei laguntzen dieten ekintzaileak

Eta eskalagarritasun eta aplikazio global handiagoko ideiak dituzten ekintzaileentzat, badaude negozioak azkartzeko eta hazteko laguntzak ematen dituzten antolakundeak, zeintzuetan beste ekintzaile batzuek beren “expertise” eta kapitala ere ematen baitute. Halakoa da adibidez Naranya, hiru jarduera-ildo dituena Arturo Galván zuzendari nagusiak artikulu batean azaldu zuen bezala (Laura Velak “DineroenImagen.com” aldizkarian argitaratua).

Naranya Labs azeleragailuan ekintzaileek badute ostatua eta baita ere beren negozio plana indartzen laguntzen dien tutore sare bat. Gainera, azeleragailuari esker gainditu egiten dute Galvánek “Herioaren Ibarra” deitzen duen lehenbiziko urtea, zeinetan 10 enpresatik 9 “hil egiten baitira finantza baliabide ezagatik, baina batez ere tutoretza, networking eta harreman faltagatik”.

Laguntasun eskaintza osatzeko Naranya Knowledge ildoa dute, bereziki sortu zena ekosistemaren ezagutza babesteko, eta baita ere Naranya Ventures inbertsio funtsa, “etapa goiztiarretan inbertitzeko sortua, batez ere azeleratuak izan ondoren”. Ekintzaile mexikarrek eta han instalatu nahi duten beste herrialde bateko ekintzaileek eska ditzakete Naranya erakundeak eskaintzen dituen zerbitzuak. Era berean, atzerriko enpresek beren negozioei hazten lagunduko dieten ekintzaileak eta talentua aurkituko dituzte.

Badirudi gaur egun funts globalei asko interesatzen zaiela Mexiko, hango enpresak eta hango ekintzaileak; herrialdearen garapen sozioekonomikoa, herrialdeak azken aldian jasan dituen aldaketak eta egiten ari den erreforma handiak oso erakargarriak dira atzerriko inbertsiogileentzat, zeintzuek aukera gehiago eta hobeak sortu baititzakete negozioak jaio, sendotu eta proiektatu daitezen.