ES | EU


2017ko Maiatza 02


Satlantis enpresa sortu berri bat da, teknologiaren esparruan lan egiten duena. Getxon du egoitza, eta gainera, filial bat dauka Estatu Batuetan, zehazki, Floridan. Arestian euskal konpainia horrek 2,3 milioi euroko kontratu bat sinatu du Europar Batasunarekin, espaziora bidaltzeko behaketarako bere lehen mikro-satelitea.

Proiektu horrek iraultza eragin nahi du merkatuan, satelitearen kamerak orain artekoak baino txikiagoak izateaz gain, zehatzagoak ere badirelako planetatik 500 kilometrora informazioa bilatzeko orduan. Gainera, egun sektorean eskaintzen diren kamerak baino askoz arinagoak (8 kilo inguru) eta merkeagoak dira, eta hori mesedegarria da konpainiaren hazkunderako; dena ondo badoa, baliteke urtearen amaieran EHUren Leioako campusera joatea, asmoa baitu fabrika bat irekitzeko han.  Gai horiei eta beste batzuei buruz mintzatu da enpresako kontseilari delegatua Juan Tomás Hernani, Radio Euskadi irrati kateko “Made in Basque Country” programan egin dioten elkarrizketan.

 

Europar Batasunak esan du  27 hautagairen artetik zuek zaretela “Europako onenak”.  Zerbait egingo zenuten ondo…

 

Egia da, EBk antolatutako lehiaketa batean parte hartu dugu hainbat herrialdetako beste 27 konpainiarekin batera, eta irabazi egin dugu.

 

Miniaturazko kamera bat diseinatu duzue lurra espaziotik behatzeko…

 

Hori da, bai. Lurraren Behaketa (“Earth Observation”)  deritzon esparruak -zeinaren helburua baita espaziotik beherantz begiratzea ikusteko zer ari den gertatzen baliabide naturalekin (ura edo petrolioa) edo merkatugai edo pertsonen trafikoarekin- kamera indartsuak behar ditu, hots, sentsore anitzekoak, informazio hori guztia ahalik eta modu errazenean integratzeko. Eta horixe da Satlantis enpresak egiten duena.

 

Aipatu dituzun analisi horiek hobeto ikusten dira han goitik?

 

Pentsa litekeena gorabehera, 500 kilometroko distantzia hementxe bertan da… beraz, bai. Kontuan hartu satelite arrunt bat 36.000 kilometroko distantzian egoten dela orbitan. Horrek esan nahi du behar adinako urruntasuna lortzen dugula kalitatezko argazki bat egiteko. Beraz, han goitik, eta sentsorika egokiarekin, posible dugu aplikazio multzo hori osorik ikustea.

 

Gagozkion mini-kamerari. Suposatzen dugu probatu duzuela Lurrean, baina espazioan ere bai?

 

Espazioa da imajina litekeen ingurune erasokorrena. Demagun espazioko hutsaz ari garela: 200 graduko tenperatura aldaketa bortitzak izaten dira 90 minuturik behin, eta eguzki partikula erradioaktiboek guztiz kiskal dezakete edozein dispositiboren elektronika… Baldintza horiek Lurrean erreproduzitu behar dira, zeren diseinua aireratu baino lehen bermatu beharra baitago gai dela bizirauteko, aireratzea izugarri garestia delako. Hala, TRL6 izeneko test hori bereziki pentsatuta dago osagaiak probatzeko, eta une honetan, sistemen multzo osoa probatzen ari gara.

 

Eta noizko aurreikusi duzue mini-kameraren lehen hegaldia?

 

Espero dugu 2019aren hasieran izatea, Europar Batasuneko proiektuaren kronogramaren arabera.

 

Alderdi teknikoetan gehiegi sartu gabe, zer du berezirik zuen kamerak? Zerk bereizten du lehiakideek egindakoengandik?

 

Guk super-kamera deitzen diogu teknologia multzo honi. Lehenik eta behin, diseinu optiko oso berritzailea dauka, zeinak elkarrekin uztartzen baititu hiru lenteko joko bat eta izpien errebotea, eta horri esker, diseinua askoz konpaktuagoa da. Era berean, teknologia elektronikoen multzo bat dauka “cemos” izeneko txipetan eta teknologia horiei esker argazki matrizialak egin ditzakegu (horrelako argazkiak espazioan egiten diren lehen aldietako bat izango da). Azkenik, astrofisikaren mundutik ekarritako algoritmoak dauzka, gure enpresa Floridako Unibertsitateko Astrofisika ikerketa taldetik (AEB) sortu baitzen. Ikerlari horiek ez dute beherantz begiratzen informazio gehiago eskuratzeko, baizik eta gorantz, izarren betiereko gauerantz.

 

Nola du izena zuen sektoreak?

 

Sektore espaziala da.

 

Eta badu ibilbiderik Euskadin?

 

Zorionez guretzat, sektore espazialak enpresa oso garrantzitsuak dauzka Euskadin, betidanikoak gainera (SENER Taldea adibidez), eta baita ere osagaiak fabrikatzen dituzten beste hainbat talde.  Halere, sektore espazialaren barruan azpi-sektore berri bat sortu da, guk “New Space” deitzen dioguna. Multzo horretan sartzen dira dagoeneko beste merkatu batzuetan ustiatu duten teknologia orain espazioan aplikatzen hasi diren konpainiak. Beste filosofia bat da, industriala, eta produktu estandarizatua dute, hau da, ez da ingeniaritzan eta prototipo bakarrean oinarritzen. Beraz, posible dugu fabrikaren kontzeptua sartzea orain arte halakorik egon ez den sektore batean.

 

Beraz, industriaren adar bat zarete, espaziorako aplikazioetarantz zabaldu zaretena…

 

Hala da, bai.

 

Eta hori guztia norentzat? Nortzuk dira zuen bezeroak, eta batez ere, nork ordaintzen du zuen lana?

 

Satelite arrunt baten gutxieneko kostua 100 milioi euro ingurukoa da; aldiz, guk darabiltzagun kontzeptuek hamar aldiz kostu txikiagoa izango lukete. Beraz, askoz onargarriagoa eta ekonomikoagoa da guk egiten duguna, eta horrek esan nahi du sektore espaziala jendarteratu egin dela. Gure bezeroei dagokienez, gobernuak dira nagusiki, haiek deitzen baitituzte lehiaketak. Herrialde guztietako gobernuak -baita ere Nikaraguakoa, zeinak Euskadik baino sei aldiz BPG txikiagoa izanik Txinan eginiko behaketa satelite bat baitauka- eta, batez ere, potentzia handietakoak. Herrialde guztiek jakin nahi dute zer gertatzen den beren lurraldean, beren baliabideekin, jendearekin, mugimenduekin, segurtasunarekin… Hori da gure lehen merkatua.

 

Zer esan nahi duzu?

 

Ziur gaude epe laburrean merkatu komertzial bat garatuko dela, batez ere Oil&Gas edo azpiegituren sektoreko konpainiekin. Mundu osoan dauzkate instalazioak eta inbertsioak (basamortuan, oihanean, Poloan…) eta sistemak beharko dituzte denbora gutxian azpiegitura horiek babesteko eta gainbegiratzeko.

 

Bakarrik al zaudete abentura honetan?

 

Azkar iritsi nahi baduzu, zoaz bakarrik; urrun iritsi nahi baduzu, zoaz bidelagun onekin. Satlantis aliantza bat da, eta barruan dauzka Idom (konpainia honen garapenerako funtsezkoa izan den ingeniaritza), Orza, Elkarkidetza (inbertsio pribatua lortzeko babesa eman diguna), Elecnor Taldea, Telefónica, Eusko Jaurlaritza (Basque fondoaren bitartez) eta Bizkaiko Foru Aldundia (Satlantiseko ekintzaileen ideian sinetsi eta apustu sendoa egin zuen lehena). “Open Innovation” kontzeptuari jarraiki lan egiten dugu bazkide guztiekin, eta bakoitzak misio zehatz bat dauka.

 

Badirudi dena azkarregi joan dela 2014an enpresa sortu zenetik…

 

Hiru urte gogor izan dira, ate asko jo behar izan ditugu baiezkoa eman ziguten arte, eta gero beste asko etorri ziren atzetik… Hortik aurrera gauzak errazago joan dira, baina egin dugun bideak ongi islatzen du zer den ekintzailetza. Hiru urteko prozesu gogorra izan da, zeinetan dirurik gabe lan egin baitugu, baina horrek bere alde ona ere izan du, aukera eman digulako konpainia ongi definitzeko kostu gutxirekin.

 

Dena ondo badoa, fabrika bat irekiko duzue Leioa inguruan…

 

Ez da baldintzazko esaldi bat, oraintxe aritu baikara Teknologi Parkeak proiektu hori aurrera ateratzeko eskatu digun dokumentazioa osatzen. Ahalik eta gehien azkartu nahi dugu prozesua, igurikapen komertzial handiak baitaude enpresarentzat. Horregatik, puzzlearen pieza guztiak elkarren ondoan jartzen baditugu, urtearen amaieran fabrika bat izango dugu martxan, eta hori ez da inprobisatzen.