ES | EU


2014ko Azaroa 14


Bi egun bakarrik behar izan ditu Chicisimo aplikazioak AppStore dendako doako aplikazioen zerrendako lehen postua lortzeko. 15 egun igaro ondoren, Gabriel Aldamiz-Echevarría euskal ekintzaileak garatutako moda aplikazioak milaka deskarga lortu ditu.


Chicisimo aplikazioak goizeroko zalantza bati erantzuten laguntzen dizu: “zer jantziko dut?”. Horretarako, kontuan hartzen ditu ehunka milaka erabiltzailez osatutako komunitateak igotzen dituen proposamenak, egunero igotzen baitituzte beren look gustukoenen argazkiak. Web aplikazioak bi urte baino gehiago daramatza martxan, baina mugikorrerako bertsioa (oraingoz iOS sistema eragilerako bakarrik) pasa den urriaren 16an merkaturatu zen eta bi egunetan lehen postua lortu zuen AppleStore dendako doako aplikazioen zerrendan. Chicisimo enpresako zuzendari nagusiaren arabera, produktua nitxo zehatz batean zentratuta dago eta horixe da bere arrakastaren giltza: “gai oso zehatz bat lantzen dugu, goizero laguntzen diogu erabiltzaileari zer jantzi erabakitzen” , “teknologia oso bailagarri zaigu erabakiak hartzen laguntzeko, baina modaren esparruan ez zegoen halako tresnarik”.

Aplikazioak emakumezkoen modarako bakarrik balio du eta hainbat arroparen artean bat aukeratzen laguntzen du kolorearen edo modeloaren arabera. Horrez gain, beste erabiltzaile batzuen proposamenak aztertu daitezke arropak nola konbinatu ikusteko. Hala, alkandora gorri bat edo arkatz formako koadrodun gona bat zerekin erabili ez badakizu, aplikazioak bilaketa bat egiten du komunitateak igotako argazkien artean eta aurkitutako konbinazioak erakusten ditu. “Chicismo aplikazioan momentuan jasotzen duzu erantzuna, arropa bat aukeratze soilarekin horrelakoren bat erabiltzen duten milaka lagunen argazkiak ikusi baititzakezu, eta hortik ideiak hartu” azaldu du Gabrielek. Aplikazioan konbinazioak kategoriaka gorde daitezke, esaterako “lanera joateko look-ak” edo “ekitaldi bereziak”.

Aplikazioa doakoa da eta sortzaileek diote ez dutela negozio-eredua zehaztu, oraingoz erabiltzaile komunitatea zabaltzea baitute helburu. Hala ere, etorkizunari begira, gomendatutako piezak erosteko aukerak sartu ala ez aztertzen ari dira. Chicismo aplikazioaren weberako beta bertsioa 2012an kaleratu zen eta BEAZ zentroaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bidez) laguntza jaso zuen lehenengo faseetan.