ES | EU


2014ko Urria 28


Gazteen Euskal Behatokiak ‘Enpresagintza gaztea Euskadin 2013’ argitaratu du, gazteek enpresagintzan duten esperientziaren eta gaiarekiko iritzien argazkia

Gazteen Euskal Behatokiaren “Enpresagintza gaztea Euskadin 2013” (pdf, 6 Mb) argitalpen berriak Euskadiko enpresagintzaren egoeraren azterketa zehatza egiten du eta fenomeno horrek azken hiru urteetan izan duen bilakaerari ere so egiten dio. Honela, Euskadiko gazteek eta enpresagintzak duten harremana argitzen ahalegintzen da.

Ikerketa honek EAEko 20 eta 34 urte bitarteko gazteen lagin adierazgarriari eginiko inkestaren informazioa biltzen du. Inkestak 2013an telefono bidez egin ziren.

Txostenean bildutako informazioa bi bloketan dago banatuta:

Lehenengo blokeak EAEko 20 eta 34 urte arteko biztanleek enpresagintzaren aurrean duten jarrera orokorra zehazten du, eta ondoko arlo hauek aintzat hartzen ditu: inguruneko baldintza formalak (legeak, dekretuak, laguntzak) zein informalak (balioak, kultura), eta enpresagintzarekin duten harremana.

Bigarren blokeak Euskadin noiz edo behin negozio bat abian jarri duten gazteen esperientzia deskribatzen du: martxan ipini dituzten ekimenen ezaugarriak, jasotako aholkularitza, bideragarritasuna eta negozioen antzinatasuna, hazi-kapitala eta jardueraren jarraitasunarekiko konfidantza.

Ikerketak lurralde historikoen, adin-taldeen eta sexuen araberako informazioa eskeintzen du; baita landa-lanarako galdetegia ere.