ES | EU


2014ko Abendua 16


Ekintzaile guztiok ezagutu edo pairatu dugu inoiz “Elevator Pitch” delakoa edo “Igogailuko Hitzaldia”. Up! Euskadi programako”Zure negoziorako baliabide ekonomikoen bila zabiltza?” artikuluan azaldu genuen moduan, biziki garrantzitsua da norbere ideiak eta proiektuak zehatz eta egoki aurkeztea hala balizko bazkide, inbertsiogile eta bezeroei nola kanpoko finantzatzaileei.

 

Ikasi behar dugu gure proiektuak labur azaltzen eta ongi azpimarratzen bideragarri eta denboran sostengarri egiten dituzten baldintza garrantzitsuenak, gure hizketakideek argi eta garbi ulertu ditzaten. Nola egiten da hori?: “Elevator Pitch” delakoa praktikatuz.
“Igogailuko hitzaldia edo elkarrizketa” deitzen zaio, denbora-tarte zehatz eta doia eskaintzen duelako ideia, negozio edo proiektu baten funtsa azaltzeko balizko bezero, inbertsiogile edo akziodunei; hau da, nola laburbilduko zenuke pertsona horietako bati esan behar diozun guztia igogailu batean harekin topo egin eta bere interesa piztu nahi bazenu?
Komunikazio-formatu labur baina zehatz eta erabakigarri horren jatorria ezagutzeko, XIX. mende erdi aldera jo behar dugu. Ordura arte igogailuek ez zuten gehiegi eboluzionatu Egipto zaharrean asmatu zirenetik, nahiz eta kontrastatzeko moduko lehen erreferentzia Arkimedesek eman zuen kristo aurreko 250 urte inguruan. Elisha Otis izeneko ekintzaile bat kezkaturik zegoen sokak eteten zirenean gertatzen ziren istripu hilgarriekin, eta 1852an auto-galgatze sistema bat diseinatu zuen gida-lanak egiten zituzten barra batzuen gainean instalatzeko.
Elisha-k PREMIA bat identifikatu zuen eta bere talentua aplikatu zuen arazoa konpondu zezakeen BERRIKUNTZA bat bilatzeko. Baina proiektu eta ideia ekintzaileekin sarri gertatzen den bezala, aurkezpenak egitean talka egin zuen merkatuaren eszeptizismoarekin eta ia ez zuen emaitzarik lortu.
Urtebete geroago Otis-ek New Yorkeko Erakusketa Zentroko Kristalezko Jauregia alokatu zuen. Egitura ireki bat eraiki zuen eta haren barnean igogailu bat instalatu zuen. Sartu, hiru solairuko garaierara igo eta aizkorakada batez soka moztu zuen… Plataforma lurreraino erori zen eta ikusleak ikaratu egin ziren, baina zorionez aktibatu egin zen bere galgatze-sistema eraginkorra eta ez zen ezer gertatu. Harri eta zur, entzuleek gure ekintzailearen hitz gutxi batzuk baino ez zituzten entzun: “Dena ondo, jaun-andreok. Dena ondo…”
Behera iritsitakoan, Elisha Otis balizko bezeroen informazio eskaerak jasotzen hasi zen, zeharo txundituta gelditu baitziren halako erakustaldiarekin. Bere negozioa garatzen hasi zen eta eraikuntzaren sektorea irauli zuen, ordutik aurrera biderkatu egin baitzen etxe-orratz handien eraikuntza.
Gure “Igogailuko Hitzaldietan”, entzuleen ARRETA erakarri behar dugu, hitz gutxi batzuekin  beren INTERESA piztu,  gehiago jakiteko DESIOA sortu eta AKZIORA igaro une bakoitzerako egokiak diren pertsonekin… Ezaguna egiten zaizu? AIDA teknika da, UP! EusKadiko beste artikulu batean aipatu genuena.