ES | EU


2014ko Iraila 18


EKINTZAILETZA SOZIALA, BEREN PROIEKTU ETA NEGOZIOEN BIDEZ MUNDUA ALDATU NAHI DUTEN PERTSONAK
Euskadik, gai horretan Europako erreferentziazko eskualdea denak, Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuak babestutako ekimen ugari sustatzen ditu

Sarri entzuten dugu jendea ekintzailetza sozialaz hitz egiten eta agian terminoen jatorri etimologikoaren erruz gaizki uler genezake kontzeptuaren esanahia.  Ekintzaile izateko modu interesgarri hori ezagutzeko, gaiari buruzko pintzelkada batzuk emango ditugu artikulu honetan.

Gaur egun ezagutzen dugun ekintzailetza soziala 90eko hamarkadan sortu zen, eta Boschee, Henton, Melville edo Walesh bezalako adituek eginiko azterlanetan du jatorria. Harrezkero, ekintzailetza soziala deitzen diogu negozio sozial bihurtu daitezkeen negozio aukerei; hots, enpresa-jarduera eta GKEen ezaugarriak konbinatzen dituzten eta pertsonen bizitza hobetzea helburu duten negozio aukerez ari gara.

Normalean, ekintzailetza soziala pertsona batek kezka batetik abiatuta hartzen dituen erabakien ondorioa da, zeinak bere kabuz edo talde bat sortuz produktuak nahiz zerbitzuak identifikatzen eta garatzen baititu premia edo arazo sozialak estaliz eta konponduz. Mota horretako ekimenek ez dute komertzialak izan beharrik edo ez dute aberastasuna sortu beharrik, baina guztiek dute ezaugarri komun bat: iraunkortasun ekonomikoa bilatzen dute, ahalegin ekintzailearen emaitza behar bezala garatu dadin denboran zehar.

Mota honetako pertsonek badute beste ezaugarri komun bat: berrikuntzarako gaitasuna eta ideia eraldatzaileak aplikatzeko erraztasuna. Bi trebezia horiek baliatuz, gizartean zuzeneko eragina duten helburuetara bideratzen dute ekimena, efektu zuzena lortuz aukeratutako kolektibo edo biztanleria taldearen gainean.  “Partekatzea” da ekintzaile sozialek ongien ezagutzen duten aditzetako bat, eta aditz hori beste pertsona batzuekin jokatzen dute, beren ezagutza, esperientzia eta baliabideak eskainiz beste ekintzaile sozial batzuek aprobetxa ditzaten, bai lurralde berean edo baita ere beste eskualde eta herrialde batzuetan, ikusmenak, talentuak eta elkartasunak ez dutelako mugarik.

Informazio eta Komunikazio Teknologia berriek, IKTek, ikaragarri erraztu dute lana partekatzeko aukera eta horregatik mundu osoan ugaritu dira Ekintzaile Sozialen sareak. Esaterako, hor dugu “Social Venture Network” (SVN). Sare horretan biltzen dira beren negozioen bidez sozialki bidezkoa eta iraunkorra izango den mundua eraikitzeko konpromisoa hartu duten liderrak. Aipatzekoa da baita ere “Ashoka” izeneko sarea, non laguntza eskaintzen baitzaie eraldaketa soziala azkartzen duten eta konponbide berritzaileak dituzten gizon-emakumeei. Pertsona horiek ikuspegi sortzaile batetik aztertzen dituzte premia sozialak, ekintzailetzarako gaitasuna dute, printzipio etiko sendoak dituzte eta beren ideiak eskala handian burutzeko asmo irmoa.  Ikuspegi horrekin, Ashoka sareak 3.000 ekintzaile sozial baino gehiagori lagundu die 71 herrialdetan.

Euskadi erreferentziazko eskualdea da Europan, ekintzailetza sozialaren esparruan jarduten duten erakunde ugari baitaude. Esaterako, EDE Fundazioak eta BBK-k “Bidera” lidergo eta ekintzailetza sozialeko proiektua jarri zuten martxan 2009an; Bidera erakundeak indartzeko eta erakundeetako pertsonen gaitasunak garatzeko ikaskuntza espazio bat da.  Bidera proiektuak hiru programa ditu: “Lidera”, ikaskuntza espazio pertsonalizatuak bultzatzen dituena; “Mentoring”, ikaskuntza prozesu pertsonal eta lagundua eskaintzen duena; eta “Innova”, besteei entzuteko eta sozialki berritzaileak diren proposamenak entzunarazteko espazioa.

Eutokia ekimenak, bestalde, ekintzailetza sozialaren kultura bultzatzen du Bilbon, metodologia berritzaileak sustatuz, ezagutza partekatuz eta enpresa proiektu sendoak hasten lagunduz, betiere “irabazi indibidual azkarra edozein preziotan lortzea helburu ez duten” negozio eta antolakuntza ereduekin lan eginez. Bereziki interesatzen zaizkie gure gizartearen erronkei aurre egin diezaieketen ideia berriak; ez dio axola erronka handiak edo txikiak diren, ezta ere arlo batekoak nahiz bestekoak diren (ingurumena, hezkuntza, enplegua, kultura, osasuna, e.a.).

Goteo sare soziala berriz finantzaketa kolektiboa lortzeko (diru ekarpenak) eta lankidetza banatuan jarduteko (zerbitzuak, azpiegiturak, mikro-atazak eta beste baliabide batzuk) sare sozial bat da, non laguntza ematen baitute “ADN irekia duten ekimenak” autonomoki garatu daitezen, gizartea etengabe hobetuko duten aukerak sortzeko eta ondasun zein baliabide komunak aberasteko. Plataforma honek “Kapital emankorra” (tantaz tantakoa) inbertitzen du prokomuna, jakintza librea edota kode irekia garatzen dituzten proiektuetan.

Gipuzkoako HUB Donostia proiektua orain ari dira eraikitzen eta, Madril, Bartzelona edo Burgos hirietako HUBen antzera, berrikuntza sozialeko zentro bat eta beren proiektu eta negozioak baliatuz mundua aldatu nahi duten pertsonen komunitate bat sortuko ditu laster. HUB nazioarteko ekintzaile eta berritzaile sozialen komunitate bat da, 31 coworking espazio ditu mundu osoan zehar eta 5.000 kide baino gehiagoko sare profesionala. Arlo anitzetako proiektu oso desberdinak lantzen dituzte: eraldaketa soziala eta iraunkortasuna, teknologia, kultura, hezkuntza, eta abar. Horrekin guztiarekin ekosistema ekintzaile propioa sortzen dute, lankidetza sareak osatuz irabazi asmorik gabeko erakundeekin, enpresekin, ikastetxeekin, GKEekin eta organismo publikoekin.

UP Euskadi hurrengo artikuluetan Euskadin gertatzen ari diren Ekintzailetza Sozialaren arloko beste esperientzia batzuk azalduko dizkizuegu, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzako SPRIren Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuak lagundutako “Ekintzailetzarako Lankidetza” programaren barruko esperientziak.