ES | EU


2015ko Iraila 17


Wegow musika aisialdiaren arloan interesatutako lankide multzo batek sustatutako startup bat da. Eduki musikalez betetako plataforma osotu bat eratu dute, zeinetan 20.000tik gora lagunek Sare Sozial bat osatzen duten informazio pertsonalizatua, produktuak eta zerbitzuak partekatzeko. Enpresaren aurreneko erronka da tresnaren funtzionaltasunak hobetzen jarraitzea eta hazten jarraitzea, “baina batez ere gure erabiltzaileak atxiki eta leialtzeko, funtsean berentzat sortu baitugu”.

Wegow hainbat lankideren ideien batuketaren emaitza da…

Nire ustez askotan gertatzen den bezala, behin eta berriro errepikatzen den egoera bat konpontzeko sortu zen Wegow…  Nire lagunak (eta orain orobat bazkideak ) eta ni hainbat kontzertutara joaten gara urtean zehar, baina nola askotan gure gustuak ezberdinak diren, azkenean kontzertu askotara joan gabe geratzen gara.

Halere, konturatu ginen biharamunean beti aurkitzen genuela kontzertura joandako ezagun baten argazkiren bat… Jakin izan bagenu joango zirela geu ere joango ginen, jakina. Premia bat identifikatu genuen hor, eta pentsatu genuen tresna bat sortzea, tresna horrek bakoitzaren gustu musikalen arabera esan diezagun zein lagun edo ezagun joango diren interesatzen zaizkigun kontzertuetara. Helburu nagusia da kontzerturik EZ galtzea norekin joan ez izatearren.

 

Orduan, tresna bat sortu zenuten zuen interes musikalak biltzeko eta hurrengo ekitaldietarako “konpainia onena” lortzeko.

Hori da. Azterketa batzuk egin genituen egiaztatzeko ez ginela egoera horretan zeuden bakarrak, jende gehiago ere bazela arazo berarekin, eta hala zela ikusi ondoren erabaki genuen aurrera egitea eta Wegow.com sortzea, hots, zuzeneko musika gustatzen zaion jendearentzat sortutako sare soziala.

Tresna bat da, erabiltzaile bakoitzaren gustu musikalak kontuan hartuta, behar adina denborarekin abisatzen diguna noiz izango diren gure artista begikoenen kontzertuak. Gainera, osagai soziala erantsi diogu: tresnak esaten dizu zure lagunen artetik nor joango den edo joango litzatekeen kontzertu horretara, eta beraz balio erantsi oso handia eskaintzen du.

Erabiltzaileek prezio onean eros ditzakete kontzertu edo jaialdietarako sarrerak, baduelako baita ere sarrerak erosteko aplikazio bat, eta sarrerak agortuta daudenean, bigarren mailako merkatua eskaintzen du, hau da, erabiltzaileen arteko salerosketa.

Gure ikuspegitik, proiektu honen balio erantsia da plataforma sozial berean batzen direla kultura musikalarekin lotutako alderdi guztiak eta sare sozialetako interakzioa. Aukera dago kontzertuen datei eta orduei buruzko oinarrizko informazioa jasotzeko, artisten biografiak kontsultatzeko, sarrerak erosteko, eta baita ere hoteletako gelak, hegaldiak edo tren eta autobus txartelak erreserbatzeko.  Labur esanda, erabiltzaileak  Wegow plataforman aurkituko du sare sozialek eta eduki musikalen plataformek eskaintzen dituzten abantaila onenak.

 

Une honetan nortzuk osatzen duzue enpresa?

Enpresak 5 bazkide ditu: Gonzalo García-Miñaur, itsas garraioaren sektoretik etorritakoa, eta ni, José María Ozamiz, Tuenti sare sozialeko departamendu komertzialean bost urte  eta erdi igaro ondoren sartu naizena abentura honetan. Alfonso Rocha, baita ere Tuenti enpresan aritua produktu-buru gisa.

Alejandro Vázquez-Guillén, Tuenti enpresako negozio garapeneko eta salmentako presidenteorde ohia, geroago sartu zena bazkide gisa; bere esperientzia eta ibilbide profesionala oso aberasgarria izango zaizkigu Wegow.com ataria garatzeko. Eta, azkenik, Guillermo Delclaux, gaur egun Fortress Invesment Group enpresako kreditu funtsen presidenteordea.

Eguneroko lantaldeari dagokionez, bertan daude Enrique Beitia, marketin arduraduna, Uxue Peroneille Community Manager karguan, Felipe Salazar garapenean, Mauricio Morales produktu aholkulari gisa, eta neu.  Horiez gain, bi diseinatzaile grafiko ere aritzen dira gurekin.

 

WeGow izenak ondo ematen du. Zer esan nahi du?

Ingelesezko “Goazen” hitzetik dator, gure leloa hauxe baita: “Ez galdu sekula berriro kontzerturik norekin joan ez daukazulako”.  Eta etorkizunean nazioartean zabaldu nahi dugunez, errazena da edozein herrialdetan erreplikatzeko.

 

Bilboko Irazabal-Matiko Auzo Factory eraikinean zaudete, toki ona sareko proiektuak garatzeko

Bai, uste dugu Auzo Factory  leku perfektua dela guretzat. Ekintzailetza-ekosistema baten barruan gaude puntu berean dauden beste startup batzuekin, eta, beraz, ideiak, zalantzak, kezkak, eta abar partekatu ditzakegu.

Eskerrak eman nahi dizkiegu bai Bilboko Udalari eta baita ere Bizkaiko Foru Aldundiari eman diguten laguntzagatik; hasieratik lagundu digute, behar genuen guztia eman digute, eta hasten ari zarenean erraztasun guztiak zaizkizu biziki premiazkoak eta estimagarriak!

 

Badituzue erregistratuta  20.000 lagun inguru. Zeintzuk dira orain zuen hurrengo erronkak?

Une honetan tresna findu nahi dugu hazten jarraitzeko, baina batez ere bezeroak atxikitzeko eta leialtzeko, funtsean berentzat sortu baitugu sarea.

Erabiltzaile kopuruari dagokionez, egia da oso datu garrantzitsua dela, baina batez ere esperientzian eta Wegow sarearekiko nahiz gainerako erabiltzaileekiko elkarreraginean zentratu gara. Horregatik, erabiltzaileek proposatutako funtzionaltasun berriak eman dizkiogu plataformari.

 

Zorionez, baduzue esperientzia negozio bat hazteko prozesuan. Baina proiektua sendotzen lagunduko dizueten beste ekintzaile eta langile batzuen beharra ere izango duzue.

Hasiera guztiak dira zailak, baina, bestalde, lantaldeko kide batzuek eta bazkideok ere badaukagu geure esperientzia startup-etan, zortea izan baikenuen hasieratik bizi ahal izateko seguru asko Estatuko ekintzailetza-eredu onenetako bat den “Tuenti” sare sozialaren sorrera, hazkunde eta eraldaketa prozesua osoa.

Tamaina honetako proiektu bati ekiterakoan finantzaketa izaten da beste kezka-iturri handi bat. Gure kasuan, eta beste askorenean ere, bazkideen kapital urriarekin hasi ginen eta gero Euskadiko erakunde publikoen laguntza jaso genuen. Gero, orobat jaso dugu Enisak ekintzaile gazteei ematen dien finantzaketa.

Laguntza horiek bultzada handia emango digute Wegow garatzeko eta hurrengo mailara eramateko, eta fase horretan hazi egingo gara beste ekintzaile batzuen eta langileen laguntzarekin, eta baita ere hazkunde horretan aukeraren bat ikusten duten inbertitzaileen finantzaketarekin.

 

Info+: WeGow.com