ES | EU


2015ko Iraila 08


Agudezia tailerrak 80 enpresa proiektu baino gehiago sustatu ditu. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Arabako campusak 2006tik antolatzen du tailer hori Inizia programaren barruan.

  

Azken 10 urteotan 80tik gora enpresa proiektu bultzatu dira Agudezia tailerretan, denak ere UPV/EHUko Arabako campuseko fakultateetako (Filologia/Letrak, Ingeniaritza, Farmazia/Nutrizioa, Enpresa edo Kirol Zientziak) ikasleek, ikasle ohiek, irakasleek eta ikerlariek garatuak A+g Consultores de Gestión aholkularitzaren laguntzarekin.

Ekintzailetza arloko proiektu berri horiek sektore mota oso desberdinetakoak dira: energia berriztagarriak, prestakuntza, softwarea, nutrizioa, domotika, onlineko dendak, garraioa, editorialak, itzulpen zerbitzuak, ingurumen kudeaketa, jatetxeak, e.a.

Hona hemen Agudezia tailerretan sortu diren enpresa garrantzitsuenetako batzuk: UN-Diet Elikadura Osasuneko Unitatea; erabilpen medikoko eta albaitaritza arloko I+MED ingeniaritza medikoa; eta kirolari aplikatutako Baigene genetika konpainia.

Horiez gain, Agudezia tailerretan bestelako enpresa batzuk ere sortu dira, esaterako Biomimetiks, biomimetikan oinarritutako berrikuntzako aholkularitza; Oboid, Android sisteman oinarritutako interfaze industrialen garapena; Nutriaktive, kirol entrenamenduetarako aholkularitza; Vibike eta Capital Bikes bizikleta establezimenduak; Ad Hoc Desarrollo Sostenible aholkularitza eta Zulaika hizkuntza eskola.

 

Bizikiro ikuspegia

80tik gora proiektu horiei laguntzeko, “A+g Consultores de Gestión” aholkularitza-zerbitzua Bizikiro ikuspegia erabiliz hurbiltzen da ekintzailetza esperientziara, enpresa organismo bizi bezala ulertuz.

Gainera, laguntza-tresna berritzaileak ere eskaintzen ditu, adibidez, A+g (Anticipación+Gestión) panela, zeinak laguntza eta orientazioa ematen baitu negozioen garapen prozesurako (kasu honetan enbrioi fasean daudenak), eta baita ere enpresa kudeaketan gaitzeko eta lehen erabaki estrategikoak hartzeko.

Talde laneko dinamika desberdinak konbinatuz, proiektuen aurrerapenak erakutsiz eta harremanak eginaz benetako ekintzaileekin eta Euskadiko ekintzailetza ekosistemarekin lotutako eragileekin, ekimen bakoitzak laguntza indibidualizatua jasotzen du enpresen kudeaketan esperientzia handia duten profesionalen eskutik.

A+g-ren aholkularitzaren bitartez, Agudezia tailerretako ekintzaileek aukera izan dute ideia on bat negozio proiektu bihurtzeko prozesuan murgiltzeko, zeren kontzeptuak teorikoki definitzeaz harago ideia martxan jarri baitute balizko bezeroak konbentzitzen saiatuz, lankidetzak hasiz edo hornitzaileen erreakzio posibleak aztertuz.

Agudezia tailerrak indartu egin dira duela gutxi, UPV/EHUko Arabako Campuseko Errektoreordetzak eta Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroak lankidetza hitzarmen bat sinatu baitute ekintzaileak sustatzeko, aholkatzeko eta laguntzeko, eta campusean, Inizia programaren barruan, oinarri teknologikoko enpresak sortzeko.

  

A+g-ri buruz:

A+g Consultores de Gestión 7 bazkidez osatutako kooperatiba bat da, enpresen kudeaketarako zerbitzu profesionalak ematen dituena, aholkularitzaren kontzeptu tradizionalaz harago (ez dute egiten kontabilitaterik, ez nominarik, ez fiskalitaterik eta beren lanaren emaitza ez dira diagnostikoak edo txostenak).  20 urte baino gehiagoko ibilbidea dute eta era guztietako sektoreetako (industrialak, zerbitzuak, merkataritza, lehen sektorekoak…) ETE eta mikroETEekin garatutako “kopilotu” esperientzia ugari pilatu dituzte. A+g-k metodologia propioa eta kudeaketa tresna sinpleak erabiltzen ditu, espreski pentsaturik eta egokiturik daudenak enpresen kudeaketa profesionaltasun handiagoz landu nahi duten antolakundeentzat edo erronka berriei aurre egin eta kudeaketa eredu bat behar duten ETEentzat (zuzendaritza-taldeen ondorengotza prozesuak, negozio ereduaren berregituraketa edo birplanteamendua, e.a.).  Metodologia eta tresna horiei beste elementu bat erantsi behar zaie: enpresa organismo bizi bezala ikustea, eta enpresei kudeaketa bizia sustatzen duen espazio bat eskaintzea. Espazio horretan enpresa-kultura sustatzen da eta antolakunde ororen etorkizunerako funtsezkoak diren hiru erronka bultzatzen dira: berrikuntza, komunikazioa eta parte-hartzea.

 

Info+: www.amasg.com