ES | EU


2016ko Martxoa 05


Zurik eta Asierrek “toki askotan ezagutu zuten elkar; eta goiz edo berandu halabeharrez elkartu behar zuten …” Informatika eta Enpresa ikasketak egin zituzten hurrenez hurren, eta horri esker elkarren osagarri bihurtu ziren elurretan sortu zen Startup bat sortzeko: “Elkarrekin eskiatzen hasi ginen, Bilbon parrandan egiten, eta, pixkanaka, gure proiektuak elkarri kontatzen…”

“Bi txakur txiki eta mendi bat”, eta komunikazio eta geo-kokapen teknologiak izan dira Tokitek enpresaren jatorria, eta baita ere pertsonen bizitza apur bat errazago egiteko sortu dituzten konponbide guztiak.

 

Asier, “geo-kokapena” kudeatzeko aplikazioak garatzen, produzitzen eta merkaturatzen hasi zineten…

Une hartan “standby” egoeran nengoen; lana utzi nuen betidanik gustatu izan zaizkidan arlo teknikoak ikasteko, eta, aldi berean, babes elkarte bateko 2 txakur txiki hartu nituen etxean. Haietako batek traumak ditu eta beldurrak ihes egitera bultzatzen du. Horregatik hasi nintzen GPS bidezko kokapen sistema bat asmatzen. Zuriki kontatu nion; berak esan zidan bazeukala aplikazio bat pertsonak mendian kokatzeko, eta egokitu zezakeela maskotak aurkitzeko nire ideiarentzat. Apur bat aztertu ondoren, jende gehiagok ere baliatu zezakeen produktu bat ateratzea pentsatu genuen.

Horrela ekin genion bideari, eta TOKITEK muntatu genuen. Maskotak aurkitzeko proiektuan zentratu ginen lehenbizi, PETLOC izenekoan, baina azkenean geldirik utzi behar izan genuen, oso zaila zelako jendearentzat erakargarri izango zen GPS merke bat egitea. Dena den, nik erabiltzen ditut gure prototipoak nire bi txakurrekin. Zailtasun tekniko hori ikusirik, beste negozio aukera batzuk bilatu genituen, ikasitakotik abiatuta. Urte horren amaieran kaleratu genuen SKITOKI (skitoki.com), arrakasta handia izan duen eski eta elurretarako aplikazio bat. Aplikazio horrek esaten dizu egun horretan nola eskiatu duzun, baita ere zerorri eta zeure lagunak non zaudeten, hala, ez daukazu deitu beharrik: estazioaren mapan ikus ditzakezu zuzenean. Aplikazioa deskargatzeko moduan dago, eta gero eta erabiltzaile gehiago ditu!

 

Zurik, orain askotariko aplikazioak garatzen dituzue: weberako eta sakelakorako, negozioentzat eta amaierako kontsumitzaileentzat…

SKITOKIz gain, baditugu ekitaldien, azoken eta jaialdien berri emateko aplikazioak. Izan ere, lagun handiak ditugu CAOSTICA elkartekoak. Bilboko gazte batzuk dira, hainbat urte daramatzatenak zinemarekin, ikusizko arteekin eta arte grafikoekin lotutako kultur jaialdiak antolatzen. Besteak beste, hainbat aldiz kolaboratu dute ZINEBI jaialdiarekin. Aplikazioak diseinatu eta kaleratu ditugu antolatu dituzten azken bi jaialdietarako: CAOSTICA 13 eta TRACKING BILBAO.

Horrez gain, BBK Live jaialdiko antolatzaileekin hitz egiten saiatu ginen iaz aplikazio bat egiteko. Badakizu MUSE taldeak jo zuela? Jarraitzaile sutsua naiz… Ezin izan genuen antolatzaileekin hitz egin, baina, hala ere, app ez ofizial bat sortu genuen, eta app ofizialak baino balorazio hobeak izan zituen. Oso harro gaude esperientzia hartaz eta sortutako aplikazioaz (Bilbao Live Festival jaialdira ere eraman genuen). Aurrerantzean ere, musika jaialdietarako aplikazioak egiten jarraitu nahi genuke, aukerarik badugu behintzat.

 

Hori bai dela ekintzaile izatea!

Zein da gaur egun zuen produktu izarra?

Hilabete batzuetan hainbat aplikazio mota landu genituen, era askotako premiak asetzeko: pertsonen kokapena, txikizkako saltokien eskaintzak, ekitaldi agendak, interes puntuak erakusten dituzten mapak… Santurtziko Udalera joan ginen hauteskundeak baino lehen, hangoa bainaiz ni, eta menpekotasuna duten pertsonak kokatzeko zerbitzu bat aurkeztu genien.

Asko gustatu zitzaien ideia, eta nola diren gauzak!, bilera hartan gurekin egon zen zinegotzia alkate da orain. Berak erakutsi zigun Udalek badutela hori baino premia handiago bat: hiritarrekiko komunikazioa. Hala, Hiritarrak eta Udalak lotzeko zerbitzu bat sortzen hasi ginen, eta UDALTOKI jarri diogu izena (udaltoki.com).

 

Egia da, gaur egun “parte-hartzea” da erakundeei eta hiritarroi gehien interesatzen zaigun gaietako bat.

Gauza bat argi ikusi genuen: jendeak jarrera apatikoa du politikarekiko eta erakundeekiko. Kontu larria da, eragina baitu gure eguneroko bizitzan; denok izan nahi genuke konfiantza gehiago gobernatzen gaituztenengan, eta hobeto jakin nahi genuke nola hartzen dituzten erabakiak.

Ikusi duguna da lau urterik behin bozkatzen dugula, baina legegintzaldian zehar ez dugula parte hartzen gure herriaren erabakietan. Horregatik, “Udaltoki” funtsezko elementu bihurtu nahi dugu hiritarren parte-hartzean eta Udalen arteko komunikazioan. Balio dezala jakiteko zein erabaki hartzen diren gure herrian, sakelakoan abisu bat jasotzeko interes publikoko zerbait gertatzen denean, zuzenean kontsulta gaitzatela sakelakoan eta aukera eman diezagutela bozkatzeko…

 

Beraz, Udalak eta bestelako toki-erakundeak dira zuen jomuga-bezero nagusiak…

Gure helburua da, Santurtziko udalean izandako lehen bilera haren ondoren, UDALTOKI ahalik eta udal gehienetara eramatea, Bilbo Handikoetara eta ingurukoetara, nagusiki. Egon gara Barakaldon, Bilbon, Getxon, Portugaleten… baina baita ere herri txikiagoetan, besteak beste Sondikan, Balmasedan eta Arrigorriagan.

Gure ustez, UDALTOKIk asetzen dituen premiak ez ditu beste inork asetzen une honetan, hala nola hiritarren parte-hartzea; kontuan izan behar da, gainera, une honetan gai hori bultzada handia jasotzen ari dela Europatik, Smart City proiektuen barruan.

 

Proiektu hori heltzen denerako izango dituzue beste batzuk buruan, ziur.

Ideia mordo bat dauzkagu apuntatuta UDALTOKI sendotzen denerako. Esaterako, asko interesatzen zaigu maskoten edo menpekotasuna duten pertsonen lokalizazioa, gure ustez oraindik ez baitago behar bezala landuta. Nik gustura edukiko nukeen halako bat aitonarentzat, dementziaren hasiera diagnostikatu ziotenean kalera irteten zelako bakarrik. Komeniko zitzaigukeen sakelakoan mezu bat jasotzea etxetik ateratzen zenean, gainean egoteko…

 

Lokalizazio kontuez beste, gustatuko litzaiguke gai industrialetan sartzea, izan ere, esperientzia zabala dugu sektore horretan, eta badauzkagu ideiak prozesu industrialak optimizatzeko eta monitorizatzeko.

 

Merkatu desberdinetarako produktu onak garatzea, produzitzea eta merkaturatzea. Zalantzarik gabe, bi pertsona gutxitxo dira hainbeste erronkarentzat…

Gogo eta ideia gehiegi dauzkagu, eta gainezka egoten gara askotan. Momenturen batean partner bat bilatu beharko dugu hazteko eta urrunago iristeko, beste enpresa bat gurea teknologikoki osatzeko, edo merkatu berriak irekitzeko.

Esaterako, bazkide batzuk hartu ditugu berriki, gelditzen zaigun denbora libre urrian mendiko abenturazko lasterketen zuzeneko jarraipena egingo duen nazioarteko proiektu bat garatzeko. Ez digu denbora asko kentzen, garapen komertziala gure bazkideek egiten dutelako, eta guk software prototipoa bakarrik egiten dugu, pixkanaka probatzeko.

 

Info+: www.tokitek.com