ES | EU


2015ko Abendua 06


Marka bat, BANHÜS®, sortzea izan da bere proiektua. Emakumearentzako osagarriak diseinatzen ditu, kalitatea eta berrikuntza direlarik bere filosofiaren oinarria. Tamarak “denboran irauten duten diseinuak egiten ditu, balio erantsidunak eta bereziak”. Markaren zuzendari sortzailea naizenez, “senari jarraituz diseinatzen dut, eta emakume bezala beste emakume batzuen tokian jartzen naiz, estetikaz harago, nire diseinuekin ase nahi ditudan premiak identifikatzeko”.  

Tamara bere negozioa sendotzen hasi da; laguntzak behar ditu bere lanari ikusgarritasun handiagoa emateko eta merkatuan azkarrago kokatzeko; pertsona proaktiboa da eta elkarrekiko ekintzailetza, enpresa arteko lankidetza eta barnekintzailetza dira bere abiapuntuak. 

 

Tamara, 2011n hasi zinen zeure negozio-ildoa garatzen, hau da, emakumearentzako osagarriak diseinatzen eta fabrikatzen.

Hasieran ez ginen marka ezaguna, eta gure diseinuetan bilatu genuen elementu bereizgarria. Horregatik, poltsa kontzeptu berri bat garatu genuen: GIACINTA®. Emakumeok rol ugari  ditugu: amarena, langilearena… horrez gain, bidaiatzea gustatzen zaigu, eta baita ere ongi jantzita ibiltzea. Egunak luzatu egiten dira, baina, halere, iruditzen zaigu egunak ordu gutxiegi dituela. Sarritan poltsaz aldatzeko irrikaz egoten gara, eta beste batzuetan egunak egin ditzakegu poltsa berberarekin. Arazo horixe konpontzen du Giacinta poltsak. Poltsa hori beraizik pentsatuta dago kanpotik janzteko, hots, diseinuz aldatzeko eta gure gauzak poltsa batetik bestera aldatu beharrik ez izateko. Asteko egun guztietan ibil gaitezke poltsa berberarekin, baina itxura desberdina emanez.

Zergatik erosi goi-mailako kalitatezko poltsa bat, materialagatik, koloreagatik edo dena delakoagatik armairuan gordeta utzi behar badugu denboraldia amaitzen denean? Gure poltsekin, denboraldiaren amaiera jada ez da desabantaila bat.

 

Edertasunagatik eta funtzionaltasunagatik seduzitzen eta hunkitzen gaituzten produktuak sortzen dituzu. 

Giacinta lehen poltsa konbinagarri, aldagarri eta trukagarria da. Bi zati dauzka: Box, edo edukiontzi bat, eta Pakket, edo inguratzen duten heldulekuak. Urrats sinple batzuk jarraituz, oso erraza da diseinua aldatzea: kolore bakarrekoa, bi koloretakoa, helduleku luzekoa, laburrekoa… Dena alda daiteke eta zeuk erabakitzen duzu nola.

Poltsa esponentziala da; zenbat eta pieza gehiago izan, orduan eta konbinazio gehiago egin daitezke. Artikulu bakoitza bereizirik eros daiteke, baina “Giacinta Due” izeneko pack bat sortu dugu. Multzo horrek hiru pieza ditu, zeintzuei esker, bezeroek bi poltsa desberdin egin baititzakete hasierako erosketarekin. Dena den, bezero berak bigarren Giacinta Due bat erosiko balu, ez lituzke lau poltsa izango, baizik eta zortzi; zortzi konbinaketa desberdin!

Gaur egun 300 konbinazio desberdin baino gehiago egin daitezke bi akabera desberdinetan (urrea eta paladioa).

 

Horrela bada, modernitatea eta tradizioa, berrikuntza eta artisautza-lana konbinatzen dituzten produktuak lortu dituzu, hemen bertan diseinatuak eta fabrikatuak.

Gure produktuak Made in Spain dira %100ean, diseinua, materialak eta fabrikazioa bertan egiten direlako.  Guretzat oso garrantzitsua da koherentzia mantentzea eskaini nahi dugun horretan. Hala ere, nola lortu gure poltsak fabrikatuko dituzten artisauak, kontuan izanik poltsa horien balio erantsia berrikuntza dela? Luzaroan ibili ginen Estatu osoko artisautza fabrikak bisitatzen. Produktua mimoz tratatuko zuten pertsona egokiak nahi genituen, bezeroari akabera onena emateko. Azkenik, aurkitu genuen baldintza guztiak biltzen zituen bat, gure ideia kontatu genion, konfidentzialtasun kontratu bat sinatu eta lanean hasi ginen. Zoragarria izan da fabrikazioaren fase guztiak ikustea, miresgarria delarik artisauen trebetasuna eta arreta. 

 

Lehen begiratuan sinpleak dirudite, baina produktu bakoitzaren atzean ikerketa ordu asko daude: materialak, formak, akaberak… 

Niretzat oso garrantzitsua zen lehen begiratuan poltsa on baten itxura izatea. Diseinuagatik gustatu behar du, ikusten denagatik, alegia. Eta gero datoz eskaintzen dituen aukera guztiak. Hasierako diseinuak bi pieza ditu, Box bat eta Pakket bat. Hala ere, garrantzitsua iruditu zitzaidan artikulu-bilduma zabaltzea elkarren artean konbinatu ahal izateko; frogatu behar nuen teknikoki posible zela pieza bakoitzeko modelo desberdinak elkartrukatzea, aurreragorako utzi gabe. Erakutsi behar nuen beste diseinu batzuekin ere funtzionatuko zuela, hau da, Giacinta unibertsoan sartuko ziren modelo eta pieza berriekin, esaterako krisketekin. Krisketek zenbait Pakket modelotan begi-bistan gelditzen diren batuneak estaltzeko balio dute, eta bitxi txikiak izanik, bere estetikaren parte dira. Horixe izan zen gure erronka handiena, erraz jarri eta kentzeko modukoak izatea, baina aldi berean ez zitezela erori. Hilabete ugari pasa genituen proba-akats prozesuan, eta azkenean lortu genituen krisket egokiak.

Gure bezeroek ikusi behar dute erosten ari diren poltsak espero dutena baino gehiago eskainiko diela. Packaging berezi bat, eskainitako mezu batekin. Eta jakina, bakarra den poltsa bat: artikulu bakoitzak zinezkotasun ziurtagiri zenbakitua dauka.

 

2011tik gaur arte egindako bide ekintzaile honetan izan duzu erakunde zenbaiten laguntza… Zer eman dizu horrek zure proiektua garatzeko? 

Proiektu berri bakoitzean enpresa guztietan errepikatzen diren hainbat prozesu egin behar dira. Hala ere, marka bat sortu nahi baduzu produktu berritzaile baten bidez, etapa horietako batzuek prozesua luzatzen dute ezinbestean, eta jakina, inbertsio handiagoak egin behar izaten dira: marka eta patentea OEPMen erregistratzea, goi-mailako kalitatedun materialak erostea diseinuak fabrikatzeko, enpresaren egitura mantentzea diseinuen ikerketa eta garapen fasean… Bi hitzetan: inbertsio handia. Gure kasuan, gaur egun arte behintzat, geure baliabideekin moldatu gara.

Hala ere, zenbait laguntza eskuratu ditugu, eta programetan parte hartu dugu. Hasieran funtsezkoa izan zen Bizkaiko Foru Aldundiak enpresa sortzeko ematen duen laguntza, bai ekonomikoki, eta baita ere prestakuntza aldetik. Izan ere, laguntza eskuratu ahal izateko ezinbesteko baldintza da 3 hilabeteko prestakuntza ikastaro bat egitea. Laguntzen dizute negozio plana idazten, imajinatu ere egiten ez genituen gaiak arretaz aztertzen (marketina, finantzak)…

 

Bestalde, SPRIren “+Digitala” eta “e-commerce txekea” programetan ere parte hartu genuen gure web orria garatzeko. Kasu honetan, unerik egokienean iritsi zen laguntza. Hala ere, online aroa bizi-bizirik dago, oso azkar egiten du aurrera, eta denbora gutxian berriz inbertitu beharko dugu diseinu berriak egiteko, bestela modaz kanpo geldituko gara. Gure webeko eduki guztiak eta funtzionamendua kontrolatzen saiatzen gara, ahal den neurrian geu arduratzen garelako ahalik eta irudi eguneratuena transmititzeaz. Ez da erraza, eta ordu askotako dedikazioa eskatzen digu.

Baina laguntzak ez dira ekonomikoak bakarrik. Innobasque-k prestakuntza ematen digu “Brunch & Learn” edo “Innobasque-ren astearteak” ekitaldiekin. SPRIk jardunaldiak egiten ditu beste herrialde batzuekin (adibidez Intergune+), nazioarteko merkataritzak nola funtzionatzen duen erakusteko. Bilboko Merkataritza Ganberak ere laguntza bikaina ematen du nazioartekotzeko, baina halere ez da nahikoa. Hor dago EEN (Enterprise Europe Network) sarea ere. Eurek kudeatutako kontaktu bati esker, gure marka eta diseinuak Holandako plataforma batean daude duela hainbat hilabetetatik, zeinak luxuzko marka berriei laguntzen baitie.

  

Badakigu, halaber, beste ekintzaile eta enpresa batzuen laguntza izan duzula aurrera egiteko.

2014tik emakumezko enpresarien “MET Community” komunitateko kidea naiz (taldeko fundatzailea Bilbokoa da). Nazioarteko sare bat da eta lelo benetan motibatzailea du: “Besteei lagunduz, neure buruari laguntzen diot”. Horrelaxe funtzionatzen dugu. Gure onena ematen saiatzen gara, behar dutenentzat onuragarri izan dadin. Gustatuko zitzaidakeen talde horretan egotea hasi nintzenean, bidean egindako akats asko saihestuko nituzkeen agian.

Lantalde handi bat ez baduzu, horixe zen nire kasua, ezin duzu zure egunerokotasunean itxi, ez duzulako ikusten muga horietatik kanpo dagoena. Ekintzailetzaren ekosistema oso zabala da, eta funtsezkoa da beste enpresari batzuekin harremanetan jartzea. Gaur egun hain hedatuta dagoen networking-az ari naiz: zurea osatzen duten eta zure ekintzailetzako gaitasunak handitzen dituzten beste sektore eta eremu batzuetako pertsonekin harremanetan jartzea, egoeraren arabera. Horrek ere dedikazioa eskaintzen du jakina, denbora eman behar zaio, zeren sarritan halako topaketak lanaldi ordutegietatik kanpo egiten dira, eta hala, lanaldiak bukaezinak egiten zaizkigu. Baina badu beste alderdi bat ere, kontaktu zirkulu hori oso garrantzitsua eta lagungarria izan delako egoera askotan.

 

Hain globalizatuta dagoen ingurune batean ez da erraza lehiatzea. Aztertu al dituzu lankidetza modu berriak? Adibidez, elkarrekiko ekintzailetza, barnekintzailetza, partzuergoak… 

Uste dut oso formula interesgarriak direla. Erne nago eta aktiboa naiz zentzu horretan.  Uste dut ekarpen handiak egin diezazkiedala beste proiektu batzuei, eta aldi berean, beste pertsona batzuek ere egin diezazkioketela nireari. Uste dut urteotan neureganatu dudan esperientzia beste esparru batzuetan ere aplikatu daitekeela, eta gustatuko litzaidake ezagutu ditudan pertsona batzuekin lan egin ahal izatea egunen batean: diseinatzaileak, ekintzaileak, enpresariak… ziur nago nire osagarri paregabeak izango liratekeela. Era berean, enpresa handiren batekin kolaboratu edo lan egin nahi nuke, nire sormena aske uzteko tamaina handiko proiektuetan.

 


Bisitatu webgune hau: www.banhus.es