ES | EU


2017ko Maiatza 27


ZITEK programaren helburua da UPV/EHUren Bizkaiko campuseko unibertsitate-komunitateko ikasleei laguntzea negozio bat edo enpresa bat sortzen. Esparru horretan, bada proiektu bat MBAe3 (Ekintzailetza eta Enpresen Zuzendaritza Masterra) masterraren barruan sortua, nazioarteko bidea hartua duena eta ostatu bila dabiltzan truke programetako ikasleei gauzak errazteko sortu dena: “Swift Flats”. Proiektuak laguntza jaso du BEAZ eta SPRI erakundeen bidez eta “Erasmus Advisor” eta “Happy Erasmus Bilbao” elkarteen bitartez. 

Asier Ramos, Egoitz Aranceta, Sergio Romero eta Alexander Ramos dira talde sortzaileko kideak, eta arestian irabazi dituzte “Coinvierte” saria eta Tenerifeko “Mentor Day” azeleragailuaren “Pitch Combat” txapelketa.

 

SwiftFlats ekimenak oso planteamendu berritzailea du; beste itzuli bat eman die alokairuko webek eskaini ohi dituzten zerbitzuei, eta erabaki du oso publiko zehatz batengana zuzentzea: Erasmus ikasleengana. Nola sortu zen ideia-konbinaketa hori?

Swiftflats ekimenaren sortzaileetako batzuen esperientzia pertsonaletik sortu zen; asko mugitu behar izan genuen atzerrian ikasten jarraitzeko. Izugarri zaila egin zitzaigun kalitatezko ostatua bilatzea; horretan ari ginela eta merkatu-azterketa bat egin eta gero… erabaki genuen jauzi egitea ! Swiftflats guk geuk bizitako oztopoaren isla baino ez da; beti esan izan dugu eta hemendik aurrera ere esango dugu, bi helburu ditugula:

  • Gure asmoa da ikasle guztiak izan daitezela truke programetako ikasle, hala nahi badute behintzat (horixe baita pertsona batek bere bizitza akademikoan izan dezakeen esperientziarik onena), gainera, laster ikusiko dute gure aurpegi sozialena.
  • Ez gara geldituko, harik eta bermatu arte Erasmus edo trukeko ikasle guztiek (ez gara programa zehatz horretan bakarrik zentratzen eta, gainera, 40 programa ofizial baino gehiago daude) badutela kalitatezko eta prezio oneko ostatu bat hirian.

 

Zuen enpresa MBAe3 masterraren baitan sortu zen. Beti nahi izan duzue horrelako proiekturen bat gauzatu ala masterrean zeundetela otu zitzaizuen ideia eta erabaki zenuten aurrera eramatea?

Esan bezala, Swiftflats esperientzia pertsonal batetik sortu zen, baina horrezaz gain, prozesu bat ere bada, Asier Ramos, Egoitz Aranceta, Sergio Romero eta Alexander Ramosek osatutako lantaldeak bizi izan duena. MBAe3 baino lehen beste enpresa bat sortu genuen, ikasleentzako low-cost bidaia agentzia bat. “Ikastravelling” du izena, eta gaur egun martxan jarraitzen du, baina beste pertsona batzuen zuzendaritzapean.

Kasu honetan, Alexander Ramosek argi dauka erantzuna: “Ekosistema ekintzaile batean bazaude, zure abenturak zentzua hartzen du, eta gogoz murgiltzen zara abentura horretan. Dena den, ekintzaile petoa naiz berez, eta ez dut uste Swiftflats izango denik sortuko dudan azken enpresa…”

 

Duela hiru hilabete eskas eratu duzue enpresa. Zenbat lagun zaudete lantaldean gaur egun?

7 lagunek osatzen dugu Swiftflats lantaldea. 4 sortzaileoz gain, badira beste hiru langile, Euskal Herriko Unibertsitateko fakultate desberdinetako ikasleak hirurak, inpaktu handiko lana egiteaz gain, ekarpen handia egiten diotenak proiektuari beren ideiekin eta operazioekin.

Datozen 3 urteetan 20 lanpostu sortuko ditugu, batzuk bulegoan, beste batzuk merkataritza arloan, eta beste zenbait plataformaren kudeaketarako operazioetan.

 

Gaur egun ordezkariak dituzue Espainian eta Mexikon, baina hizketan ari zarete negozioa beste herrialde batzuetara ere zabaltzeko. Nola ikusten duzue enpresaren etorkizuna 5 urte barru?

Merkatuan oso harrera ona izan dugu orain arte. Egia da une honetan Espainiako 8 hiritan eta Mexikoko hirutan gaudela. Gure ibilbide orriaren jomuga Amerikan dago; Mexiko (dagoeneko webean daukaguna), eta Kolonbia (negoziatzen gabiltza hornitzaile oso garrantzitsu batekin) bezalako herrialdeak laster agertuko dira gure plataforman, ostatua eskaintzeko ikasleentzat.

Geure buruarekin zintzoak izanda eta oinak lurrean jarrita, uste dugu 5 urte barru presentzia izan dezakegula Europako herrialde garrantzitsuenetan eta gailurrera irits gaitezkeela Latinoamerikan, non erreferente izan nahi baitugu ikasleentzat.

Gure nahia litzateke 5 urte barru ostatu bila dabiltzan ikasleak gure plataformara iristea, badakitelako edozein hiri hautatuta ere, aukerak emango dizkiegula behar dutena eskuratzeko.

Swiftflats ez da ostatu bilatzaile bat; ez gara “booking” zerbitzu bat, ez dugu erreserbarik egiten beste plataforma batzuk bezala: oso hilabete gutxi daramatzagu merkatuan, baina dagoeneko iraultza txiki bat eragin dugu sektorean… Esperientzia osoak saltzen dizkiegu ikasleei, eta esperientzia horiek iritsi baino askoz lehenagotik hasten dira eta hiria utzi arte irauten dute.

Hemendik gutxira irekiko dugu truke ikasleentzako munduko lehen sare soziala, eta horrela sortuko dugu ikasle-komunitate handiena, non ikasleek ostatu erreserbak kudeatzeaz gain, aukera izango duten informazioa biltzeko eta ikasle batek behar dituen zerbitzu guztiak jasotzeko, eta hori guztia mundu mailan.

Bestalde, aukera emango diegu ikasleei gure markaren enbaxadore izateko eta dirua irabazteko eurentzat oso sinpleak diren ekintzekin. Baina ez dugu nahi gurpila hor gelditzerik. Horregatik, parte hartzeko moduko hezkuntza arloko proiektuak bilatuko ditugu, hau da, saiatuko gara laguntza ematen haurrak hezteko baliabiderik ez duten herrialde eta pertsonei, dohaintzak eginez. Swiftflats ekimenak ikasleei itzuli nahi die eurak ematen digutena.

 

SwiftFlats ekimenaren alderdi erakargarrienetako bat da zerbitzu integrala ematen diozuela bezeroari. Zer sartuko da zerbitzu horretan alokairuan dagoen pertsona batentzat? …Eta zer, jabe batentzat?

Une honetan ikasleek oinarrizko zerbitzu bat daukate, ostatua erreserbatzeko; jabearekin harremanetan jartzen dugu, guk egiaztatutako logela bat izan dezan, eta jabeari ez zaio ordainketarik iristen, harik eta ikaslea heldu eta logelaren oniritzia ematen digun arte… Baina, gainera, “premium” zerbitzu bat ere badugu; kasu honetan ikasleak jasotzen ditugu jomuga hirian, iristen diren tokian –aireportuan, geltokian- eta beren logelara eramaten ditugu. Han ongietorri paketea jasotzen dute, behar dituzten zerbitzu guztiekin: SIM txartela, hiriari buruzko informazioa, garraio txartela…

Jabeek ez dute ezertaz arduratu beharrik; gu geu joaten gara etxebizitzetara, egiaztatu egiten ditugu, geuk sortzen ditugu iragarkiak eta geuk jartzen ditugu plataforman. Posta elektronikoz ebazten ditugu ostatua erreserbatzeko ikasleen eskaerak. E-postan bertan onartu edo baztertu dezakete erreserba (48 ordu dauzkate horretarako). Horrek arintasuna ematen dio erreserba prozesuari, eta ikasleek ez dute denbora gehiegi galtzen.

Jabeek erreserbak “itxi” besterik ez dute egiten.

 

Zuen produktuaren beste alderdi aipagarrienetako bat da eskaintzen duen segurtasuna, bai Erasmus ikasleentzat eta bai etxeak alokatzen dituzten jabeentzat. Nolako bermeak eskaintzen ditu plataformak?

Ordainketa da bi alderdien arazo handiena: jabeek errentagarritasuna atera nahi diote etxeari, ikasleek berriz kalitatezko ostatua lortu nahi dute, baina inori ez zaio gustatzen dirua aurreratzea edo galtzea.

Gure sistemarekin, ikasleak dirua aurreratzen du (Swiftflats-i), baina kopuru hori ez zaio entregatzen jabeari, harik eta ikasleak egiaztatu arte dena behar bezala dagoela –nahiz eta etxeak lehenagotik egiaztatuta dauden, segurtasun hori ematen diegu bi alderdiei.

Plataforman erakusten da zer duen etxeak; horrela, ikasleak plataformatik ikus dezake etxearen kokapena, konexioak, logelen egoera… Gardenak gara %100ean!

 

SwiftFlats ekimenak “Coinvierte” saria irabazi du eta orobat txapelduna izan da “Mentor Day Azeleragailuan”. Zuen ustez gazteek badute behar adina laguntza beren proiektuak garatzeko?

Swiftflats-ek “Coinvierte” saria eta Tenerifeko“Mentor Day” azeleragailuaren “pitch combat” txapelketa (oso gomendagarria azeleratu nahi duen edozein startupentzat) irabazi ditu, baina sari horiek lantalde osoak eginiko lanaren emaitza besterik ez dira.

Gure iritziz, badaude ekintzaileentzako laguntzak, baina batez ere behar dena da produktu on bat eta norbere ametsagatik borrokatzeko gogoa. Euskal Herriko Unibertsitatean badugu, adibidez, ZITEK eta antzeko erakundeen laguntza; ez digute zuzenean dirurik ematen, baina laguntza ematen digute bulegoa prezio merkean eskainiz, doako jardunaldi profesionalak antolatuz, etengabeko laguntasuna eta aholkularitza emanez…

ZITEK programaz gain, badugu orobat MBAe3 masterra; irakasleak eta adituak beti daude prest laguntzeko, eta ikusgarritasuna eta harremanak ematen dizkigute. Masterreko zuzendariak sekulako ekintzaileak dira.

Azkenik, uste dut badagoela arazo bat laguntza ekonomiko handiagoak eskuratzeko: gu fakturazio fasean gaude, eta iritsi zaigu momentua azeleragailu, “business angel” edo antzekoengana joateko, gure enpresa benetan azeleratu dadin. Baliteke Bizkaian, eta oro har Euskadin, inbertsio funts indartsuagoak behar izatea.

+info: www.swiftflats.com