ES | EU


2017ko Iraila 07


Duela ia urtebete, “Acutronic Robotics” multinazional suitzarrak bere gain hartu zuen Arabako “Erle Robotics” startuparen kontrola, zeina robotika arloko mundu mailako eragile garrantzitsuenetako bat baita gaur egun. Orain SONY multinazionala sartu da proiektuan bazkide gisa, bere berrikuntza fundazioaren bitartez.

SONY erraldoiaren sarrera ahalbidetzeko, lehen finantzaketa erronda bat egin da, milioi askotako operazio bat, alegia. Erronda horri esker posible izango da Víctor eta David Mayoral anaiek sortutako “Erle Robotics” euskal startuparen teknologia azkartzea.

Elektronikarekin lotutako multinazional handiek interesa erakutsi dute H-ROS sistema eragilean. Sistema eragile horrek Estatu Batuetako Pentagonoaren finantzaketa jaso zuen bere garaian, eta badirudi osagai robotikoentzako mundu mailako estandar bihurtuko dela; plataforma horri esker, hardware osagaien (elkarrekin funtzionatzeko eta behin eta berriro konfiguratzeko modukoak) mundu mailako ekosistema komun bat sortuko da, eta aukera egongo da osagai horiek robot batetik bestera aldatzeko. H-ROS plataformaren bidez posible izango da sistema robotikoak azkar eta erraz eraikitzea, estandar industrial eta komertzial berrienak betez.

Víctor Mayoralek –“Acutronic Robotics” enpresako eta Euskadiko “Erle Robotics” filialeko kontseilari delegatuak- azaldu duenez, “azkenaldian eginiko aurrerapenei esker frogatu dugu gure ideiak bikain lerrokatzen direla multinazional handien ikuspegiarekin. Euskadin egiten dugun lanak proiekzio handia du, eta interesa sortzen du mundu osoan. Espero dugu lan honek aukera gehiago, kapitala eta talentua erakarriko dituela Euskadira eta Espainiara. Tokiko eta erkidegoko erakundeen babesa funtsezkoa izan da garapen fase honetan”.

 

Gasteizko lantaldea hazi egingo da
Víctor Mayoralek iragarri duenez, SONYk eginiko inbertsioari esker “Gasteizko lantaldeak hazten jarraituko du, eta berritzen jarraituko dugu robotika modularraren eta robotikari aplikatutako adimen artifizialaren arloetan”.

Berrikuntza gehienak roboten entrenamenduan zentratzen dira eta nerbio-sisteman kokatutako egitura neuro-biologikoa imitatzen duten adimen artifizialeko teknikak darabiltzate. “Gure robotak maskota bat balira bezala entrenatzen ditugu. Gure ingeniariek robotak hezten dituzte sarien edota zigorren bitartez, beren funtzioa betetzeko moduaren arabera”.

“Gure teknologia modularra denez, robotikan orain arte aplikatu ezin ziren konponbideak eskain ditzakegu. Portaera adimendunagoak lortu ditugu, ingurune aldakor eta dinamikoetara hobeto egokitzen direnak, eta espero dugu horrela eraikiko ditugula zeregin interesgarriagoak egiteko gai diren robotak. Gure konponbideekin irtenbidea eman nahi diegu gaur egun robotika arloan existitzen diren arazo handietako batzuei” adierazi du Víctor Mayoralek.

 

“Erle Robotics” eta “Acutronic Robotics” enpresei buruz

Acutronic Robotics” enpresak Zurichen (Suitza) du egoitza, eta bulegoak ditu Bilbon, Gasteizen eta Estatu Batuetan; gaur egun, munduko liderretako bat da robotikarako konponbide modularren sektorean. Taldeak bazkide garrantzitsuak dauzka, hala nola “Acutronic” zehaztasun handiko eremu industrialean esperientzia handia duen enpresa (abiazioa, garraioa, espazioa, defentsa, dispositibo elektronikoak…).

SONY “Acutronic Robotics” enpresaren kapitalean sartu ondoren, Victor Mayoral arabarrak eta Carlos Uraga bizkaitarrak jarraituko dute konpainiako kontseilari delegatu izaten. Datozen hilabeteetan baliteke elektronikaren edo finantzen munduetako konpainia berriak sartzea enpresaren kapitalean.

 

Erle Roboticsenpresa 2013aren amaieran sortu zuten Gasteizen bi ekintzaile gaztek, 24 eta 21 urteko Victor eta David Mayoralek. Bi anaiek esperientzia dute, hurrenez hurren, ingeniaritza, telekomunikazio eta informatikaren sektorean eta enpresa administrazioaren munduan.

Konpainia berria ikerketa eta hezkuntzari egokitutako kostu baxuko dron txikien diseinuan eta fabrikazioan espezializatu da, eta sistema eragile librea (Linux) erabiltzen dute horretarako.

“Erle Robotics” enpresa nazioarteko potentzial handieneko 15 startup robotikoen artean aukeratua izan zen Robot Launch 2015 lehiaketan. Gaur egun, goi-mailako kualifikaziodun 15 profesional enplegatzen ditu.

 

+info: www.erlerobotics.com