ES | EU


2015ko Urria 26


Skuibo Bilboko enpresa gazte bat da, sostengarritasuna, artisautza eta moda konbinatzen dituena. Alfredo Álvarez eta Federico Nider dira proiektu honen sustatzaileak, biak hala biak diseinuaren sektoreko prestakuntza jaso dutenak eta bat egitea erabaki dutenak, osagarri bakarrak diseinatu eta fabrikatzeko, kamioi eta traktoreetako pneumatikoetatik ateratako kautxuzko kamerak berrerabiliz. Materialaz gain, Skuiboren poltsa eta motxilen diseinua eta joskera ere originalak dira, erabat eskuz egiten dituztelako Bilbon duten tailerrean. Horregatik, pieza bakoitza bakarra eta errepika-ezina da.

 

Alfredo, nola sortu zen ekimena? Nondik etorri zitzaizuen inspirazioa?
Federicori bururatu zitzaion pneumatikoak berrerabiltzeko ideia Afrikara egin zuen bidaia batean. Han ikusi zuen pneumatikoen kamerak gauza asko egiteko berrerabiltzen zirela: poltsa gogor eta iraunkorrak, sandaliak…

Lehen prototipoa edo modeloa duela lau urte egin genuen, Federicok jakin nahi izan zuelako nola berrerabili zaharkitutako material eta objektuak modu original batean eta nola eman bigarren aukera bat, betiere berak hain gustuko dituen diseinu organiko eta minimalistetatik abiatuta.

Urte batzuk igarotakoan eta behin ikusi ondoren motxilak bere ingurukoen artean sortzen zuen ikusmina, pentsatu zuen munduari erakustea bere diseinuak eta berrerabilpenerako duen afizioa. 2013an erabaki genuen elkarrekin abiaraztea diseinu original eta material berrerabiliekin eginiko osagarrien marka bat, bion ezagutzak eta lan egiteko moduak batuz eta, hasieran, Internetez saltzeko asmoz.

 

Federico, zuek diozuenez, pieza bakoitza “bakarra eta errepika-ezina” da; lan berezia, inondik ere…
Produktuen sorkuntza-prozesu berezia da Skuibo enpresaren nortasun ezaugarri nagusia. Jatorrizko materialaren ezaugarri fisikoak aprobetxatzen ditugu eta xehetasun txikienak ere zaintzen ditugu prozesu horretan. Pieza bakoitza bakarra da; erabilitako gurpil-azal beretik ekoizten direnez, diseinuak materialaren ezaugarri, testura eta tentsio zehatzetara egokitu behar du.

Emaitza bezala, forma organiko eta minimalistak dituzten motxila eta poltsak lortzen ditugu, ukitu eskultoriko batekin. Gainera oso funtzionalak dira, kautxuaren propietate guztiak dituztelako, hau da, iragangaitzak dira, iraunkorrak eta garbitzeko errazak. Formak, berriz, anatomikoak dira, eta hiru dimentsiotako ehun-geruza bat dute gorputzarekiko kontaktua leuntzeko. Itxura oso berezia dute kolore, distira eta forma aldetik.

 

Ez dirudi oso erraza denik pneumatiko zahar bat horren produktu erabilgarri eta funtzional bihurtzea.
Zein produkzio prozesu darabilzue?
Prozesua erabilitako pneumatikoen biltegi batean hasten da, han aukeratzen ditugu berrerabiliko ditugun kamerak. Ez da lan erraza; kontuan hartu behar dira kameraren tamaina, egoera, forma eta beste hainbat alderdi, izan ere, produktuen diseinua materialaren ezaugarri naturaletan oinarritzen da.

Ondoren, ezin hobeto garbitzen ditugu presiopeko urarekin, josteko moduan utzi arte. Modelo bakoitzarentzat lehenagotik sortuta dauzkagun patroi industrialak erabiliz, behar ditugun piezak ebakitzen ditugu, eta gero banan-banan josi eta heldulekuak, forruak eta barnealdeko patrikak eransten dizkiegu (kalitate handiko beste material batzuekin eginak, esaterako, Kordura, Hiru dimentsiotako Oihala…).

 

Motxila eta poltsekin hasi zarete, baina birziklapenak aukera handiak ematen ditu.
Gaur egun Skuibo-n tamaina desberdinetako lau motxila modelo eta bi poltsa mota egiten ditugu, nahiz eta ez dugun baztertzen produktu-sortan osagarri gehiago sartzeko aukera, esaterako diru-zorroak. Produkzio erritmoa artisauena da, eta ezaugarri hori mantendu egin nahi dugu. 10 edo 20 piezako serieak eginaz, zorrotz kontrola dezakegu salmentara ateratzen diren produktu guztien kalitatea.

 

Artisautza eta produktibitatea, denbora eta irabaziak, bateraezinak direla dirudi… Hala ere, Slow Down eta Slow Food gisako kontzeptuek erakutsi dute gauzak ongi eginez gero, beti dagoela txokoren bat merkatuan.
Skuibo Slow Fashion mugimenduaren barruan kokatzen da, zeinak bide alternatiboak sustatzen baititu produkzio masiboa baztertuz eta lan egiteko era etiko eta ekologikoa bermatuz. Erosteko joera kontziente hau gero eta zabalduago dago, eta joera horren barruan nabarmendu egiten dira gurea bezalako proposamen bereziak. Horren adierazgarri esango dizut urtebete eskas igaro den arren gure konpainiak dagoeneko inguruko nahiz Estatuko denda-sare zabal batean saltzen dituela bere produktuak: Euskadin, Zaragozan, Galizian, Bartzelonan, Madrilen, e.a.

 

“Nazioartekotzen” ari zarete eta laster zinemako pantailetan ere ikusiko ditugu zuen produktuak!
Skuibo motxilak eta poltsak nazioartera iristen dira www.skuibo.com onlineko dendaren bidez, Italian, Alemanian, Frantzian eta Europako beste toki batzuetan ere saldu ditugularik. Eta, hala da, zinemara ere iritsi dira. Laster estreinatuko den “Cuerpo de Élite: Misión Palomares” (Joaquín Monzónek zuzendua) pelikulako protagonistek soinean eramango dituzte, besteak beste María Leónek.

Skuibo-k hainbat helburu ditu epe ertainera: produktua dibertsifikatzea eta denda berrietara iristea, marka erkidego eta probintzia guztietara hel dadin, bai proposamen berezi eta diseinatzaile hasberrientzat pentsatutako espazioetara, eta baita ere moda ekologikoko guneetara.

 

+info: www.skuibo.com