ES | EU


2017ko Urria 10


Biak ari ziren lanean, bakoitza bere arloan, eta halere, erabaki zuten elkarrekin uztartzea beren ezagutzak, pasioa eta esperientzia eta klinika propio bat abiaraztea (María Díaz de Haro kaleko 49. zenbakian): “Bion asmoa zen nork bere zentroa martxan jartzea, kalitatezko zerbitzu pertsonalizatua eskaintzeko prezio lehiakorrean. Gure bideak elkartu zirenean eta ikusi genuenean gustuko genuela besteak egin zuen lana, ohartu ginen elkarren osagarri bikaina ginela…”  

Kezkatuta daude pertsonen bizi-kalitateagatik, horregatik, gogotik lantzen dute bai prebentzioa eta bai arreta. Rut fisioterapeuta da eta bere espezialitatea da pelbis-zorua, erditze aurreko nahiz osteko fasea, osteopatia, eskuzko terapia, drainatze linfatikoa eta liberazio miofasziala. Ana podologoa eta fisioterapeuta da eta bere espezialitatea da akupuntura, ziztada lehorra, mesoterapia, eskuzko terapia eta liberazio miofasziala. “Fisioterapia eta podologia konbinatu ditugu gure tratamenduetan eta uste dugu ondo egin dugula, gainera, hainbat espezialitate eskain ditzakegu bion artean…”.

 

 

Zuen proiektua bokaziozkoa da, eta pertsonen ongizatea lortzea du helburu. Dirudienez, Koena hitz hawaiiarra da, eta oreka esan nahi du; oreka eta ongizatea osasunaren sinonimo dira.

Gustatzen zaigu pertsonei tratu hurbila ematea, giro erlaxatua sortzea eroso senti daitezen. Batez ere, lesio, min edo ondoezen bat duten pertsonak tratatzen ditugu. Eta ba al dago laguntzeko modu hoberik gustura sentiaraztea baino? Gure helburua da gorputzak behar duen oreka bilatzea eta prebentzioa lantzen dugu patologia berriro agertu ez dadin.

 

Osasuna da garrantzitsuena. Koena Salud klinikan tratamendu pertsonalizatuak eskaintzen dituzue eta kasuan kasuko teknikak darabiltzazue, fisioterapiatik hasi eta podologiaraino, akupunturatik igaroz…

Gure tratamendua integrala da, hau da, oin-zolako faszitis bat tratatzeko (mina eta hantura oin-zolan), lehenik eta behin, pazientearen historia klinikoa eta esplorazioa egiten dugu. Ondoren fisioterapia bidez trata dezakegu, hainbat teknika erabiliz: masoterapia, luzaketak, ziztada lehorra, manipulazio osteopatikoa, drainatze linfatikoa, ultrasoinuak, ariketa terapeutikoak… Hori guztia beste teknika batzuekin uztartzen dugu, adibidez, akupuntura erabil dezakegu hantura murrizteko edo puntu minberak tratatzeko, eta plantilla pertsonalizatu eta egokitu bat ere jar genezake, oinaren edo ibileraren alterazioak kontrolatzeko.

 

Zuen bezeroen artean badira ondoezik eta minez dauden pertsonak, errehabilitazioa behar dutenak edo, besterik gabe, beren osasuna zaindu nahi dutenak.

Fisioterapeutak gara, beraz, giharretako eta tendoietako edozein motatako lesioak tratatzen ditugu (giharren kontrakturak, sorbaldako tendinitisa, orkatilako bihurrituak, oin-zolako faszitisa, zerbikaletako arazoak, zorabioak, buruko-minak, lunbalgiak, lunboziatikak edota belaunetako patologiak, adibidez, lotailu gurutzatuetako lesioak, meniskoak, belauneko bihurrituak, desgastea edo artrosia…), bai eta bizkarreko mina, gorputz-jarrerarekin lotutako arazoak, likidoen erretentzio arazoak, hanka nekatuak… Tratamendu bonoak dauzkagu etengabeko errehabilitazioa behar duten pazienteentzat. Bezeroak tratamendu puntuala edo prebentziozkoa behar badu, bakarkako saioak eskaintzen dizkiogu. Kasu bietan 45 minutuko eskuzko lana egiten da eta askotariko teknikak erabiltzen ditugu. Lehenik eta behin, pazientearen historia klinikoa eta esplorazioa egiten dugu, kasu bakoitzerako tratamendu egokiena aukeratzeko.

 

Emakumeen arazo espezifikoak ere tratatzen dituzue Koena Salud klinikan: erditzea eta erditze osteko fasea, inkontinentzia, mina sexu-harremanetan…

Gero eta tabu gutxiago dauzkagu, baina oraindik gutxi dakigu pelbis-zoruari buruz. Fisioterapiak konponbideak eskaintzen ditu gihar horretan sortzen diren arazoentzat. Erditze-aurreko fasean hainbat teknika egiten eta irakasten ditugu, adibidez, perineoko masajea. Erditze osteko fasean funtsezkoa da balorazio bat egitea eta errekuperazioa ondo bideratzea. Inkontinentzia eta ondoez kasuetan, bestalde, eskuz tratatu daiteke edo makina espezifikoekin ere bai.

Tratamendu guztiak pertsonalizatuak dira, patologia eta pertsona guztiak desberdinak direlako.

 

Gure hankek, oinek, gorputzaren zama jasaten dute, eta gaizki tratatzen ditugu askotan, edo ez diegu jaramonik egiten…

Min egiten digutenean bakarrik oroitzen gara oinekin, dela giharretako edo tendoietako patologiaren bat dugulako, dela azkazal bat haragian sartu delako edo kailu batek enbarazu egiten digulako. Posible da ondoez horiek prebenitzea podologoari bisita eginda; hark erakutsiko digu oinetakoak ongi erabiltzen, azkazalak behar bezala mozten eta fisioterapeutarengana bidaliko gaitu beharrezkoa bada.

 

Oro har, zein zerbitzu eskatzen dizuete gehien? Nolako teknologiak erabiltzen dituzue zuen lanaren emaitza osatzeko?

Podologiari dagokionez, Anak podoskopioa dauka oin-zolaren aztarna aztertzeko eta horrek balio du esplorazio biomekanikoa eta gorputz-jarreren nahiz ibileraren esplorazioa osatzeko. Era berean, presio-berozko vacum bat daukagu, plantillak zuzenean pazientearen oinaren gainean egokitzeko.

Badauzka baita ere kiropodiarako (azkazalak moztea, kailuak eta gogorruneak kentzea) azken teknologiak.

Pelbis-zoruari dagokionez, Rutek Phenix-a erabiltzen du pelbis-zoruaren tonu-muskularra baloratzeko, eta programa espezifikoak erabil daitezke giharren indarra lantzeko edo “biofeedback-a” pelbis-zoruaren kontzientzia hobetzeko.

Bestalde, presoterapia daukagu bere bitartez tratatzeko hanka nekatuak, zirkulazio arazoak, barizeak edo hanketako linfedemak; sabelerainoko prakak dira, airez betetzen diren konpartimenduak dauzkatenak, eta goranzko presioa egiten dute zirkulazio-itzulia hobetzeko, hanturak murriztuz eta toxinak suntsitzen lagunduz. Oso gomendagarria da ordu asko zutik igarotzen dituzten langileentzat edo luzaroan posizio berean eserita egoten direnentzat.

 

María Díaz de Haro kaleko 49. zenbakian gimnasio bat ere baduzue Fisiopilates, Yoga, Gimnasia Abdominal Hipopresiboa eta mugikortasun-mantenimendu saioak egiteko. Prebentzioa eta mantenimendua dira gure osasuna zaintzeko lehen urratsak?

Onena da patologiak agertu baino lehen prebenitzea, eta horretarako, gure fisioterapeutek 6-7 laguneko klaseak eskaintzen dituzte. Talde txikiak direnez, posible da parte-hartzaileen ondoezei egokitzea eta lesioak saihesteko ariketak nola egiten dituzten kontrolatzea. Adibidez, fisiopilates gomendatzen dugu tonifikazio globalerako, bereziki bizkarreko patologietarako. Hipopresiboak sabela eta pelbis-zorua lantzeko. Mugikortasun-mantenimendu saioak 60 urtetik gorako pertsonei zuzenduta daude eta helburutzat dute tonu muskularra eta malgutasuna mantendu edo berreskuratzea.

Evak, gure “Hatha Yoga” espezialistak, ematen ditu Yoga saioak. Urte askotako esperientzia eta prestakuntza ditu, eta bere saioetan gorputza eta adimena lantzen da, ariketak, arnasketa eta erlaxazioa jorratuz.

Asmoa da gure fisioterapia tratamenduen bidez pazientea arlo guztietan hobetzea. Lesio bati dagokion tratamenduaren ondoren, ariketa espezifikoak irakasten dizkiogu hasierako egoerara itzul dadin, eta, beharrezkoa izanez gero, mantenimendu eta prebentzio saioak gomendatzen dizkiogu.

 

Zuen lana da pertsonei laguntzea. Erakundeena, berriz, ekintzaileen eta enpresen ekimenak sortzen eta hazten laguntzea. Nolako laguntzak jaso dituzue zuen klinika martxan jartzeko?

Bilbao Ekintzako lantaldeak negozio-plana egiten lagundu digu “BIG Bilbao” zentro berrian. Aholkularitza eman digute gure ideia moldatzeko eta proiektua loratzen lagundu digute finantza-plan baten eta marketin-plan baten bidez.

Eskerrak eman nahi dizkiogu Pilarri eman digun laguntzagatik eta gure proiektuan erakutsi duen interesagatik, Mari Luzi ere bai, Koena zabaltzen eta antolatzen lagundu digulako, eta Eunateri, zenbakiekin izan duen pazientziagatik!

 

+info: www.KoenaSalud.es