ES | EU


2016ko Urtarrila 30


Lau bazkidek  2011n sortu zuten Pulsar Concept. Lehen hiru urteetan neurrira eginiko proiektuak egin zituzten hirugarrenentzat, eta produktu arrakastatsuak lortu zituzten, esaterako, eskupilota ligako bideojoko ofiziala.

Espero dute 2016. urtea ona izango dela, bereziki industria arloan, Errealitate Birtuala sendotu egingo dela, eta horrek bidea erraztuko diela errealitate birtualeko entrenamenduan guztiz iraultzaileak diren produktuak integratzeko. 400.000 euroko finantzaketa erronda bat ireki dute horretarako, eta dagoeneko kopuruaren erdia lortu dute.

 

Jon, nola sortu zen enpresa, zein testuingurutan?

2011n bazkideotako hiru Ideatecan ari ginen lanean, joko mugikorrak garatzen. Laugarrena, nire unibertsitateko ikaskide bat, Errusian zegoen, CIE Automotive enpresarentzat lanean. Unibertsitatean geure enpresa proiektua garatu genuen, hau da, produktuaren ideiatik hasi eta merkaturatu bitarteko prozesu osoa gauzatu genuen. Une hartan ikusi genuen sakelako aplikazioentzako ekosistema hazten ari zela, eta bageneukala behar adinako gaitasuna eta ezagutza, behintzat, saiakera egiteko. Beraz, geure lanak utzi, eta erabaki genuen %100ean Pulsar Concept ekimenean murgiltzea.

 

 

Zeintzuk dira zuen bezero nagusiak? Nolako profil potentziala dago zuen jomugan?

Lehen hiru urteotan neurrira eginiko produktuak garatu ditugu batez ere; bagenuen produktua garatzeko behar den ezagutza, baina oraindik ez geneukan horretarako finantza-gaitasunik. Denbora horretan neurrira eginiko 18 proiektu baino gehiago garatu ditugu gure bezeroentzat, den-denak arrakastatsuak, hona hemen batzuk: “A la Cama” sehaska-kanta Dada Company-rentzat edo “Eskupilota” joko ofiziala Bainet Media enpresarentzat.

 

2015aren hasieran erabaki genuen pixkanaka ixtea neurrira eginiko garapenen ildoa eta produktu propioan zentratzea: LUDUS.  Errealitate birtualeko entrenamendu-simulagailu bat da. Simulagailua garatzeko, bideojokoetan baliatzen ditugun kontzeptuak uztartu genituen errealitate birtualarekin eta mundu industrialaz genuen ezagutzarekin, simulagailu horren bidez zerbitzuetako langileek eta langile industrialek modu seguruan jaso dezaten behar duten entrenamendua eta prestakuntza.

 

 

Merkatuak eta erakundeek erreparatu diote dagoeneko zuen lanari.

Pulsar enpresaren lehen urteetan hainbat aitortza jaso ditugu, besteak beste bideojoko independenteen “HoPlay” sarietarako izendapena. Azken aitortzak ilusio handia egin digu, “Barakaldo Enpresa Berritzailearen Saria 2015” eman baitzigun herriko alkateak.

 

 

Nola doazkizue gauzak orain?

Une honetan LUDUS produktuarekin ari gara buru-belarri. Erabaki dugu finantzaketa erronda bat egitea, LUDUS merkaturatzeko behar adinako bermearekin, eta prozesu horretantxe murgilduta gaude. Esan behar da, gainera, harrera bikaina izan duela. Errealitate birtuala bere burua berrasmatzen ari da, eta gure ustez, 2016a urte ona izango da haren aldeko apustua egin dugun enpresontzat.

 

 

Zuen ustez zein da gainerakoengandik bereizten zaituzten balorea?

Gure ikuspegia, eta gure lantaldea, nagusiki. Errealitate Birtuala eta simulazio teknologiak erabiltzen ditugu, baina orain arte inoiz erabili ez diren moduan, edo ez, behinik behin, modu masiboan. Eta lantaldea da horren guztiaren oinarria, proiektuarekin erabat konprometituta dauden 9 lagun gara, eta hori da gure balore nagusia.

 

 

Zein da atzerriko proiekzioaren papera zuen enpresan?

Nazioartekotzea da arrakastaren giltza. Ongi dakigu garatzen dugun teknologiak merkatu zabala duela, baina, era berean badakigu, merkatua geografikoki ere zabala dela, eta haraino iritsi behar dugula.

 

 

Hasi berria da 2016a, zer espero duzue? Nolako proiektu edo produktuak garatuko dituzue aurten?

Espero dugu industriaren arloan urte paregabea izango dela, Errealitate Birtuala sendotu egingo dela, eta bidea irekiko digula. Pulsar Concept enpresari dagokionez, markatutako helburu estrategikoak bete nahi genituzke.

 

Urtea hasi berria da oraindik, eta ezin dut produktu zehatzik aurreratu, baina urtearen erdialderako errealitate birtualeko entrenamenduarekin lotutako hainbat produktu izango ditugu integratuta, bai industrian eta bai larrialdi zerbitzuetan, denak ere zeharo berritzaileak.

 

+info: www.pulsarconcept.com