ES | EU


2015ko Iraila 09


Oinarri Berme Sozietateak mugarri berri bat ezarriko du laster bere historian, sortu zenetik (duela ia 19 urtetik) eman dituen abalen zenbatekoa 900 milioi eurora iritsi baita. Abal horiek ekonomia sozialeko enpresentzat, ETEentzat, ekintzaileentzat eta autonomoentzat izan dira. Ekainera arte Oinarri SGRren jarduera kudeaketa-planean jasotako parametroetan mantendu da, formalizatutako abalen bolumena %14 hazi delarik.

Oinarri SGR 1996an sortu zen irabazi asmorik gabeko finantza erakunde bezala, ekonomia sozialeko enpresei  (kooperatibak, lan sozietateak, e.a.) finantzaketa-baldintza abantailatsuak eskaintzeko. Ondoren, bere jarduera esparrua zabaldu zuen EAEko ETEak eta ekonomia sozialarekin lotutako Estatu osoko proiektuak barne hartzeko.

Geroztik, Oinarrik kreditu-arriskua areagotu du, 12.500 finantzaketa operazio inguru sinatu baititu, metatutako zenbatekoa 900 milioi eurora iritsi delarik. Zifra horiek kontuan hartuta, Oinarri SGR Estatuko bosgarren EBEa da hornitutako kreditu-arriskuaren arabera. 

Kopuru horretatik 230 milioi inguru oraindik indarrean dauden operazioei dagozkie (hau da, arrisku bizikoak dira). Datu hori iazko datuak baino apur bat baxuagoa da, baina sektore osoko bilakaerarenak baino askoz hobea, adierazle hori %7 murriztu baita azken urte honetan.

 

Izan ere, Oinarri SGR enpresentzako “finantzaketa babesleku” bilakatu da azken urteotan, batez ere txikienentzat eta garapenerako funts berriak lortzeko zailtasun gehien dituztenentzat.

Hala, 2008an krisi ekonomikoa lehertu zenetik, Oinarrik 560 milioi euro baino gehiagoko abalak eman ditu, sortu zenetik eman dituen guztien ia bi heren.

Oinarrik –azaldu du Pío Aguirre, EBEko zuzendari nagusiak- egonkortasuna ematen die enpresetako balantzeei, epe luzerako finantzaketa eskaintzen duelako”. “Enpresan egon nahi dugu –jarraitu du Aguirrek– konpainiarentzat errazago izan dadin maileguak eta kredituak eskuratzea, Oinarri SGR-k konfiantza ematen dielako finantza erakundeei enpresari laguntzeko orduan”.

Arduradunak gogoratu du Oinarri enpresen, bazkide babesleen eta organismo publikoen –Eusko Jaurlaritza eta CERSA– ahaleginarekin eta elkartasunarekin sortutako Berme Elkartea dela. Horregatik, “bere negozio ereduaren xedea ez da irabaziak sortzea, baizik eta proiektuei finantzaketa eskuratzen laguntzea”.

 

Seihileko honetako jarduera

Bestalde, Oinarri SGRren jarduera-datuek 2015erako kudeaketa planean jasotako aurreikuspen baikorrak berresten dituzte. Hala, urtarrila eta ekaina bitartean berme elkarteak abal operazio berriak formalizatu ditu, guztira 33,8 milioi eurokoak, eta jarduera %14 handitu da iazko epealdi bereko datuekin alderatuta.

Era berean, aipatzekoa da lehen seihileko honetan 115 bazkide parte-hartzaile berri sartu direla elkartean, eta beraz, datorren hiruhilekoan sozietatearen oinarria 3.500 parte-hartzailera iritsiko dela.

Bestalde, lehen seihileko honetan Banco Santander sartu da bazkide babesleen multzoan, eta azken asteotan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Caspe Ganadu Kooperatibak ere sozietatearekin bat egiteko konpromisoa hartu dute. Hala, guztira 19 bazkide babesle izango ditu hemendik gutxira.

Gainera, sozietateak kaudimen ratio altua du, %13,5ekoa hain zuzen, aise gainditzen duelarik Espainiako Bankuak mota honetako sozietateentzat finkatuta duen %8a.

 

Oinarri SGRri buruz

Enpresa Txiki eta Ertainen eta Ekonomia Sozialeko enpresen (Kooperatibak, Sozietate Anonimo Mugatuak, Autonomoak, e.a.) finantzaketan espezializatutako Elkarrekiko Berme Elkartea da.

Konpainiak bazkide diren ia 3.500 enpresako oinarria du, eta Estatuko bosgarren Elkarrekiko Berme Elkartea da abalen bolumenari dagokionez (2014an 61,2 milioi euroko operazio berriak formalizatu ditu). 2015eko lehen seihilekoan sektoreko bosgarren postuan mantendu da Elkarrekiko Berme Elkarteek hornitutako abalen bolumenaren rankinean.

Info+: www.oinarri.es