ES | EU


2017ko Uztaila 26


What About Technologies” aholkularitza teknologiko bat da, Data Management-ean espezializatua dagoena. Bere helburua da pertsonei ingurune intuitibo eta fidagarri bat ematea, ezagutza eskaintzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko, hala aukera izan dezaten beren denbora baliozko lanetan erabiltzeko.

Kataluniako konpainia horrek duela gutxi parte hartu du Health 2.0 Basque topaketan, joan den ekainean Donostian antolatutako Osasun Digitalaren Europako Kongresuaren barruan: “Naru Intelligence” eta “Patia-Diabetes Prevent” enpresekin batera, “What About Technologies” aukeratuetako bat izan zen ekitaldian aurkezteko eHealth arloan erabakigarriak izango diren zenbait teknologia, hala nola, Big Data, Business Intelligence eta “erabiltzaileak bere osasunaren jabe egitea” helburu duten beste aplikazio batzuk.

 

What About Technologies” enpresak Business Intelligence tresnetan oinarritzen ditu bere zenbait produktu. Zer dira tresna horiek?

Business Intelligence konponbideek aukera ematen dute lehendik existitzen diren kudeaketa-aplikazioetatik (datu-baseak, Excel fitxategiak…) datuak eskuratzeko, datu horiek tratatzeko eta lortutako ezagutza aurkezteko modu argi eta erabilgarrian, erabiltzaileek erabakiak har ditzaten egiazko informazioan oinarriturik.

 

“Datu Klinikoaren Diagnostikoa, Iragarpena, Preskripzioa” produktua aukeratuetako bat izan da Donostian berriki egin den profesionalentzako Osasun Digitalaren Europako Kongresurako. Zer egin behar dute medikuek berau erabiltzeko?

Produktu hori mediku interbentzionistek eta ingeniari informatikoek osatutako diziplina anitzeko talde batek garatu zuen, osasun arloko profesionalek erabakiak har ditzaten eskura dauzkaten datuetatik abiatuta, horretarako ez dagoelarik zertan ezagutu datu-baseetan kontsulta informatikoak egiteko behar den lengoaia. Profesionalek nahikoa dute “aginte koadroan” sartzea eta datuek aurkeztutako egoerak identifikatzea.

 

Beste problematika batzuetan ere aplikatu daiteke sistema hau?

Jakina. Baldin eta posible bada informazio-iturri batetik ezagutza erauztea, orobat posible da informazio hori aztertzea gure produktua garatzeko erabili ditugun Business Intelligence eta Data Science teknikak erabiliz.

 

Eskaintzen duzuen abantailetako bat da gai zaretela “gertakariak iragartzeko”, aldez aurretik eskuratutako informazioan oinarrituta. Nolako fidagarritasuna dute horrelako iragarpenek?

Iragarpena egiten da datuetan patroiak identifikatuz, eta patroi horien bidez posible da egoerak aurreratzea, kasuak sailkatzea, e.a.

Zenbat eta aldagai gehiago aztertu, hainbat eta hobeak dira lortzen diren iragarpen-ereduak eta, beraz, hainbat eta fidagarriagoak dira egiten diren iragarpenak. Ondorioz, ahalik eta aldagai gehien bildu behar dira, dagozkien ereduak definitzeko.

Ingurune oso kontrolatuetan, asmatze-portzentajeak oso altuak dira.

 

What About Technologies” enpresak datuen analisiarekin erlazionatutako produktu ugari eskaintzen ditu, baina bat bera ere ez dago osasun sektorearekin espezifikoki lotuta. Ikusirik nolako arrakasta izan duen diagnostikorako eta iragarpenerako zuen produktuak, aurrerantzean gehiago zentratuko zarete sektore horretan?

“What About Technologies” enpresak esperientzia handia du osasun zentroentzat garatutako proiektuetan. Gehienak gure bezeroen helburu zehatzetarako eginak dira, baina osasun sektoreko esperientzia guztiak estandarizatu nahi ditugu produktu gisa eskaintzeko.

 

Nola ikusten duzu enpresa etorkizun ertainean?

Enpresa une gozoan dago gaur egun, informazioaren azterketa oso beharrezkoa delako eta enpresak eta erakundeak horretaz jabetzen ari direlako. Baina etorkizunera begiratzea gustatzen zaigu eta hemendik urte batzuetara agertuko diren premiei aurrea hartzea, horrelakoak baikara gu; horregatik, gure diru-sarreren zati bat inbertitzen dugu datozen urteetan funtsezkoak izango diren teknologia analitikoen I+G-n: Big Data, Machine Learning, Data Science…

Uste dugu hemendik 5 urtera garatuko ditugun proiektuak oso desberdinak izango direla gaur egun garatzen ari garenetatik.

 

+info: http://whabtech.com/compania