ES | EU


2015ko Martxoa 23


Triperone.com startup sortu berri bat da eta modu alternatibo bat proposatzen du turismoaz gozatzeko, sistema bat bezeroek ahalik eta gehien ezagutu eta goza ditzaten bisitatzen dituzten tokiak. P2P zerbitzu bat da, zeinari esker bere hiriaz edo bere hiriko ohiturez nahiz zaletasunez pasioa sentitzen duen edonork aukera izango baitu bere esperientziak partekatzeko. Gaur Patxi Sánchez elkarrizketatu dugu, Diego Budavari-rekin batera ekimen kolaboratibo hau martxan jarri duena.

 

Patxi, nola sortu zen Triperone? Nortzuk hasi duzue enpresa abentura berri hau?

Duela denbora bat sortu zen, niri bidaiatzea gustatzen zait eta bikotearekin eta lagunekin joaten naiz. Munich bisitatu genuenean aipatu genuen bidaia dibertigarria eta interesgarria izan zela, funtsean huraxe izan zen gehien gogoratzen eta aipatzen dugun bidaietako bat. Gure buruari galdetu genionean zergatik ote zen hain berezia, berehala konturatu ginen arrazoia zela denbora guztian ibili ginela Munichen aspalditik bizi den neskalagun batek lagunduta. Neska hark eta bere senarrak –Municheko semea bera–, toki benetan interesgarri eta bitxiak erakutsi zizkiguten; bertakoek bakarrik ezagutzen eta gozatzen dituztenak, turismo-gune garrantzitsuetatik urrun daudenak. Beren ohiturak deskubritu genituen, ikusi genuen nola dibertitzen diren eta lagun mordo bat egin genituen…

Jakina, Municheko toki ezagun eta tipikoenak ere bisitatu genituen, baina bertako norbaiten ikuspegia lagun genuela. Gainerakoa erraz imajina dezakezu: denborarekin Diego nire lagun eta lankideari aipatu nion asmoa eta orain bazkide gara abentura berri honetan.

 

Zuen bezeroei esperientzia bakanak eskaintzea duzue helburu…

Bai, modu alternatibo bat proposatzen dugu turismoa egiteko, bisitatutako tokiak  ahalik eta gehien ezagutu eta gozatzeko. Formula tradizionaletatik urrundu nahi dugu, hala nola talde-bisita gidatuetatik edo autobus itzulietatik. Guk turismo zuzenagoa eta pertsonalagoa proposatzen dugu, eta bete-betean sartu gara turismo sortzailean. Gure asmoa da bisitariek hirian bizi direnen sentsazio berberak izan ditzatela, dibertitzeko eta jomuga bat deskubritzeko aukera berdinak izan ditzatela. Funtsean kontua bidaiatzea da, eta ez turismoa egitea.

 

Beraz, “turismo sortzailea” da beste ekimen batzuetatik bereizten zaituzten elementua.

Hori da, turismo sortzailea elementu bereizle handia da. Normalean “Turismo Esperientziala, Sostengarria, Arduratsua eta Kulturala” batzen dituen konbinazio gisa definitzen da. Guretzat bidaiak aberasteko modu bat da, zuzenean murgiltzen garelarik tokiko eguneroko bizitzan eta ohituretan. Gure helburua da benetakoa denaren emozioa sortzea, bezeroak bisitatzen dituzten tokien parte sentitu daitezen eta esperientzia horiek gogoratu ditzaten.

 

Azkenaldian, sektoreko kontratazio gehienak Internet bidez egiten dira, azkenean bidaia-agentzia tradizionalak desagertu egingo dira?

Nire iritziz, joerak hazten jarraituko du urtez urte. Horrek ez du esan nahi bidaia-agentziak desagertu egingo direnik, baina beren burua berrasmatu beharko dute joera berriei egokitzeko. Turismoaren sektoreak hazten jarraitzen du; krisi garaia izanik ere, osasun ezin hobea dauka, baina halere erraldoi handiak (esaterako “Orizonia”) erori egin dira proposamen berriak agertu ahala. Uste dut asko dagoela oraindik berritzeko eta hurrengo urratsak pertsonalizazioranzko bidean jarriko gaitu. Teknologia berriek (Internet, aplikazio mugikorrak, gailu adimendunak eta wearable teknologiak) kontratatzeko eta bidaiak ulertzeko modu berri bat ekarriko dute. Triperone.com-en argi daukagu zein den bidea, eta oraingoz lehen urratsa eman dugu.

 

Diozuenez, zuen helburua da ”bidaiariak bisitatzen dituzten tokien parte sentitu daitezela”. Enpresa gisa beste zein helburu duzue etorkizunerako?

Hainbat bide dauzkagu zabalik: alde batetik, komunikazio kanpainak beste herrialde batzuetara eramatea, eta, bestetik, plataforma eboluzionatzea balio erantsia emango dioten zerbitzu eta ezaugarri berriekin. Baina, lehen esan bezala, sinetsirik gaude sektorean aldaketa garrantzitsu bat gertatuko dela. Merkatua eskatzen ari da eta guk oso argi daukagu zer eskaini nahi dugun. Lehen urratsa emateko baliabide propioak baino ez ditugu erabili, baina ongi dakigu merkatu konplexua dela, oso lehiakorra, eta horregatik, gaur egun buru-belarri ari gara finantzaketa bila. Gure asmoak partekatzen dituen inbertsiogile baten bila gabiltza, abentura honetan lagun diezagun bere ezagutza eta esperientzia eskainiz.

 

Patxi, zeintzuk izan dira lehenengo bezero profilak? Zer bilatzen zuten eta zer aurkitu dute?

Nagusiki bilatzaileetan bilaketa organikoak egiten dituzten bisitariak jasotzen ditugu, gure proposamenekin bat datozen pasioak edo zaletasunak dituztenak. Arlo horretan asko daukagu egiteko, izan ere gure lehen gudu-lekua da, eta egunero saiatzen gara ahalik eta jende kopuru handienarengana iristen.

 

Ikusi dugu zuen webgunean “anfitrioi” izateko eta irabaziak lortzeko aukera ere eskaintzen duzuela…

Bai, hori da. Triperone.com funtsean P2P zerbitzu bat da, AirBnB edo Uber bezala. Bere hiriaz edo bere hiriko ohiturez nahiz zaletasunez pasioa sentitzen duen edonork aukera izango du bere esperientziak Triperone.com-en argitaratzeko. Modu sinple bat da diru-sarrera gehigarriak eskuratzeko eta benetan gustatzen zaizun hori partekatzeko.