ES | EU


2017ko Uztaila 14


Bizkaia Network azpiegitura digital bat da, Bizkaiko profesionalei, ETEei, enpresariei, erakundeei, inbertitzaileei, ekintzaileei eta ezagutza- nahiz ikerketa-zentroei zuzendua dagoena, eta helburutzat du eragile horiek elkarrekin konektatzea, lankidetzan aritu daitezen eta ideiak, proiektuak eta oro har garapen-ekintzak aurrera eraman ditzaten.

 

Pablo, nondik dator Bizkaia Network bezalako hain anbizio handiko proiektu bat sortzeko ideia?

Urbegi Fundazioak 6 urte daramatza lurraldearen garapenerako formula eta tresna berriak ikertzen, eta ikerlan horretatik sortu zen Bizkaia Network sortzeko ideia. Ikerketen ondorioz prototipo bat lortu zen, komunikazio eta kudeaketa arazo batzuk konpontzeko tokiko ingurunean. Bizkaiko erabiltzaile guztiei eskaintzen zaie dohainik, BBK Fundazioaren eta Urbegi Fundazioaren bitartez.

 

Nolako proiektuak barne hartzen ditu?

Mota guztietako proiektuak dira, hasi ideia teknologikoenetatik eta negozio tradizionaletaraino, jarraipen- eta kudeaketa-proiektu generikoak barne. Bizkaia.Network ekimenak txoko bat eskaintzen die proiektu eta pertsona profil desberdinei.

 

Zerk bereizten du beste lankidetza-sare batzuetatik?

Bere helburua da eskualdea sendotzea, espazio bakar batera bilduz probintzia mailako agente guztiak, harremana zuzenagoa eta errazagoa izan dadin. Horrez gain, eskualde mailako informazio garrantzitsua kontzentratzen du eta kanpoko enpresak eta talentua erakartzen ditu. Funtsean, desberdintasun nagusiak dira eskualde bakarrean zentratzen dela, erabilgarritasunak kontzentratuta daudela agente bakoitzarentzat eta formula berriak erabiltzen direla lankidetza eta komunikazioa ahalbidetzeko, onlineko azpiegituren bitartez.

 

Zein dira sare honen erabiltzaile ohikoenak?

Oro har, enpresa sektorean -batik bat proiektu berrien sorkuntzan eta kudeaketan- zuzeneko edo zeharkako eragina duten agente guztiak. Hona hemen erabiltzaileen profila: %70 dira ekintzaileak, ETEetako kudeatzaileak, negozio garapenerako jardueren arduradunak eta berrikuntzako arduradunak; gainerako %30a, berriz, inbertitzaileak, administrazio publikoak eta ikerketa- nahiz prestakuntza-zentroak (unibertsitateak, lanbide heziketa, e.a.).

 

Nolako funtzionaltasunak eskaintzen dizkie Bizkaia Network plataformak erabiltzaileei?

Zuzeneko harremana Bizkaiko antolakunde, profesional, ekintzaile eta proiektuekin, norbere antolakundearen potentziala erakusteko aukera, informazio interesgarria (albisteak, laguntzak edo ekitaldiak), beste proiektu ekintzaile batzuen eskaeren araberako lankidetzarako aukerak; erabiltzaileen artean eraginkortasunez komunikatzeko bideak (aurkezpenak, taldekako elkarrizketak…), proiektuei laguntzeko gidak eta sormen- eta lankidetza-espazioak.

 

Nola ikusten duzue Bizkaia Network 5 urte barru?

Proiektuak denbora eta ahalegin proaktiboa behar ditu parte hartzen duten erabiltzaileei laguntzeko tresna berrira egokitzen eta tresnari probetxurik handiena ateratzen. Baina ikusirik nolako erabiltzaileak eta antolakunde publiko nahiz pribatuak ari diren sartzen eta nolako maila duen sortzen ari den komunitateak, uste dugu bost urte barru egunero erabiltzeko moduko topagune eta kudeaketarako espazio bat izango dela, proiektu berriekin eta oro har enpresa munduarekin zerikusia duten Bizkaiko pertsona eta antolakundeentzat. Aldi berean, monitore funtzioa beteko du lurralde mailako ekintzailetzan eta lankidetza publiko-pribatuan erreferente izango den Bizkaiarentzat.

 

+info: www.bizkaia.network