ES | EU


2016ko Martxoa 19


“Trafiko istripu batean pertsona bat hiltzen den bakoitzean, munduak bizitza baliotsu bat galtzen du. Zulo sakona uzten du bere familian. Ez ditu berriro ikusiko lagunak eta ez du biziko bere bizitzaren zati handi bat. Gizarteak, bestalde, hiritar bat galtzen du; hiritar bat, gauzak hobetu zitzakeena, agian gizarte libre eta berdinago baten alde borrokatuko zena, beste pertsona batzuk zainduko zituzkeena edo beharbada minbiziarentzako sendabidea aurkituko zukeena…” Horrelakoxe pentsamendu sakonekin azaltzen du Óscar Serradillak zergatik sortu zuen “Pothole Avoider”, lehorreko ibilgailuentzako segurtasun-sistema aktiboa, zeinak istripuak saihestu eta bideko intzidentziei buruzko informazioa partekatzen baitu gidariekin.

 

Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza informatikoko ikasle honek jakin-min handia du, ekintzailea baitzen ekiten hasi baino lehen ere. Proba eta lehiaketa ugari irabazi ditu, eta, bere ahaleginari esker, etorkizun oparoeneko Estatuko 10 ikasleetako bat da.

 

 

Datuak ez dira onak -1,2 milioi lagun hil dira errepidean!-, baina datu horiexei esker asmatu zenuen informaziozko segurtasun-sistema aktiboa

Segundo batetik bestera aldatzen da kontua; pentsatzeko, erabakiak hartzeko eta zeure kabuz bizitzeko gai izatetik oroitzapen soil izatera pasa zaitezke…

Posible da trafiko-istripuak SAIEHSTEA eta milioika bizitza salbatzea.

 

Nire asmoa da ahalik eta gehien zabaltzea trafiko-istripurik gabeko munduaren amets hau, gidariak jabetu daitezen zein garrantzitsua den bideko segurtasuna. Gidari horiek Pothole Avoider erabil dezakete, lehorreko ibilgailuentzako segurtasun sistema aktiboa, zeinari esker saihestu baitaitezke errepidearen egoeragatik abiadura desegokian doazen gidarien istripuak. Sistema horrekin %25 murriztu daitezke trafiko-istripuak, zehazki, gidariak errepideko arriskuak ikusi ez dituelako gertatzen direnak.

 

 

Erabiltzaileen komunitatea baliatu nahi duzu sistemaren erabilpena hedatzeko

Hala da, bai. Sistema erabiltzen duten gidarien komunitatea da aplikazioaren oinarria. Aplikazioak errepidearen egoeraren datuak jasotzen ditu (bihurgune arriskutsuak, zuloak, istripuak, trafiko motela…) eta bide-zati horretatik igaro behar duten gainerako gidariak abisatzen ditu, aldez aurretik izan dezaten arriskuaren berri eta istripuak saihestu ditzaten. Zenbat eta erabiltzaile gehiago, orduan eta azkarrago detektatuko dituzte arriskuak, eta orduan eta zehatzagoa izango da sistema.

Helburua da Pothole Avoider mundu osoan erabil dadila, ahalik eta pertsona gehien salbatzeko. Aplikazioak GPS geokokapen sistema baliatzen du, beraz, munduko edozein tokitan erabil daiteke.

 

Gainera, aplikazioa doakoa da!

Aplikazioa doakoa da, ahalik eta gidari gehienengana iristeko, eta Android sistema eragilerako garatu dugu, smartphone bat duen edozein pertsonak erabil dezan, baita garapen bidean dauden herrialdeetakoek ere.

Negozio-ereduari dagokionez, ibilgailuaren aseguruan deskontuak eskainiko genizkieke sistema hau erabiltzen duten gidariei; aldi berean, onuragarria litzateke aseguru-etxeentzat, bere bezeroen trafiko-istripu kopurua murriztuko litzateke eta. Hala, gure sistema probetxugarria da aseguru-etxeentzat zein haien bezeroentzat, eta, horri esker, dohainik eskaini ahal izango dugu.

 

Hainbat lehiaketa irabazi dituzu, eta, orain dela gutxi esan dizute etorkizun oparoeneko Estatuko 10 ikasleetako bat zarela!

Ez naiz geldirik egotekoa. Beti nabil gustatzen zaizkidan gaiak ikertzen, eta ahalegintzen naiz informatika munduan gertatzen denaren berri izaten. Nire ustez, arazo guztiak konpondu daitezke lanari gogor ekin eta pazientzia izanez gero.

2014aren amaieran hasi nintzen aplikazioa garatzen Telefónica, Bizkaia Talent eta Mondragon Unibertsitateak babestutako Talentum Startups programan, Ingeniaritza Informatikoko hirugarren ikasturtea egiten ari nintzenean. Esperientzia aparta izan zen, nire ideiak prototipo funtzional bihurtu nituen eta, gainera, fase guztietan lan egin nuen: diseinuan, garapenean, probetan…

Teknologia berriak ere ikasi nituen, eta StartUp-en munduari buruzko lehen prestakuntza jaso nuen. Zortzi garatzaile ginen, bakoitza bere proiektua garatzen. Gure lantokian elkartzen ginen eta elkarri laguntzen genion. Horrela, askoz errazagoa zen proiektuak garatzea, eta baita ere ikastea.

Halaber oso garrantzitsua izan zen tutore teknologikoaren laguntza izatea proiektua zuzentzean; batez ere hasierako fasean, orduan definitzen baita nolakoa den garatu nahi den produktua. Programa amaitzean, nire lana hautatua izan zen Estatuko Talentum StartUps 2014 programako irabazleen artean. Eta saria izan zen programan parte hartzea.

 

Ezagutza, lankidetza, mentoring-a, teknologia… Indargarri positibo bikaina da, eta horrek lagundu zizun aurrera jarraitzen…

Bai, ikusirik nolako garrantzia zuen GPSak aplikazioan, Galileo Masters lehiaketan aurkeztu nuen proiektua. Hain zuzen, lehiaketa horren helburua da Europako Galileo geo-kokapen sistema (Galileo Amerikako GPS sistema da, baina Europako teknologiarekin egina) darabilten aplikazioak bultzatzea. Eta Gipuzkoako irabazle izan nintzen 2015eko programan.

Telefónicak harremanetan jarri ninduen Mediatek enpresarekin, hiru hilabeteko egonaldia egiteko Cambridgen (Erresuma Batua). Itzulitakoan, bigarrenez parte hartu nuen Talentum Startups programan, harako hartan Gorka Garcíarekin (EHUko Telekomunikazio Ingeniaritzako ikaslea), zeinak proiektuaren garapenean lagundu baitzidan. Talentum programaren barnean jarraitzen dut; laster hasiko naiz proiektua inkubatzen, eta ikasturtearen amaieran, Gradu Amaierako Lan gisa aurkeztuko dut aplikazioa. Aplikazioaren lehen bertsioa eskuratzen dudanean Play Store dendan plazaratuko dut, eta enpresa sortuko dut.

 

Cambridge! … Pertsona berriak, kultura berriak, ideia berriak!

Egia da bai, Cambridgen egon naiz, Mediatek enpresan, sakelakoetarako txipak egiten dituen munduko bigarren enpresan. “Internet of Things” esparruko aplikazioak garatu ditut, hots, dispositiboak Internetez elkarrekin konektatzen dituztenak. Aplikazio horiek Android eta “Linkit One” sistementzat egin ditut, Mediatek enpresak konexioetarako daukan plataformarentzat (Arduinoren antzekoa).

Estatu osoko beste bederatzi ikaslerekin batera aritu naiz lanean laborategian. Talentum programan bezala, elkarri laguntzen genion ikasteko eta proiektuak aurrera ateratzeko. Egonaldia amaitutakoan, prototipo hauek lortu genituen:

https://home.labs.mediatek.com/telefonica-talentum-iot-students-show-and-tell-the-drone-the-carhub-and-vlife-spring-to-life

https://www.youtube.com/watch?v=2FPW6_ZieQs

 

WatchDrone proiektuan lan egin nuen. Aireko espazioa monitorizatzeko sistema merke eta erabilerraz bat da, mundu guztiaren esku dagoena. Argazkiak ateratzen dituen heliozko dron bat da, eta argazki horiek gero Android aplikazio baten bidez bistaratzen dira, 360 graduko ikuspegiarekin eta denbora errealean. Sistema honek abantaila bat du egun merkatuan daudenen aldean: ordu askotako autonomia du, eta berrerabili egin daiteke:

https://www.youtube.com/watch?v=gXra8Ez8Z64

 

Mediatek enpresa teknologiko garrantzitsuaren tutoretza eta baliabideekin askoz errazagoa izan da proiektuak garatzea, eta asko ikasi dugu enpresaren funtzionamenduari buruz.

 

Eta Euskadira itzulitakoan, zeure proiektuetarako laguntzak bilatu eta lanari ekin diozu!

Une honetan SPRIren Ekintzaile eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Txekintek programen finantzaketa daukat.
BIC Gipuzkoa zentroan inkubatuko dut proiektua, non StartUpei buruzko tutoretza jasoko baitut; eredua definitzen eta baliozkotzen lagunduko didate, eta beren ekimenak garatzen ari diren beste ekintzaile batzuk ezagutuko ditut.

 

Seguruenik aukera zenezakeen ekintzailetza baino aukera erosoagoren bat, hain arriskutsua ez dena… Ongi pentsatu al duzu?

Izan dut lan eskaintzarik, baina ez dut onartu, neure enpresa abiarazi nahi dut. Uste dut bakoitzak bere ametsak jarraitu behar dituela. Eta, horretarako, ez dago norbere proiektua garatzea baino modu hoberik: aske izan garatu nahi duzuna aukeratzeko; bezeroekin elkartu negozio-eredua baliozkotzeko; gai izan zeure ametsetako sistema sortzeko, eta, gainera, errentagarria izan dadila; ezagutzak barneratu enpresa munduari buruz; eta inplementazio teknikoaz ahaztu, produktuari helburu bat, negozio ikuspegi bat emateko. Asmo oso onak izan ditzakezu, eta ahalegin handia egin, baliteke zure produktua ongi garatuta egotea eta arazo bat konpontzeko gai izatea,baina ez bada errentagarria, edo jendeak ez badu ezagutzen, ez du arrakastarik izango.

Uste dut, arriskutsuagoa izan arren, proiektua gaizki atera arren, asko ikasiko dudala enpresa sorkuntzari eta teknologiari buruz, eta ezagutza hori baliagarria izango zaidala etorkizunean, bai besterentzat lan egiten badut eta baita ere neure enpresa sortzen badut. Horrelako ezagutzak ez dira soilik Masterretan lortzen; lan eginez eta huts eginez geureganatzen ditugu. Kontua ez da akatsik ez egitea, baizik eta arrisku neurtuak hartzea, akatsetatik ikastea eta zuzentzen jakitea.

Lehen uste genuen oso erosoa zela enpresa batentzat lan egitea, baina hori aldatu da jada. Soldata baxuagoak, kaleratzeak, langabetu mordoa lan bila… Uste dut garai ona dela ekintzaileontzat.

Gaur egun, gairen bati buruzko ezagutza baduzu autonomo izan zaitezke, edo enpresa bat sor dezakezu edozein sektoretan. Interneti esker, mundu mailan banatu dezakezu zure zerbitzu edo produktua kostu gutxirekin. Edozer sor daiteke garaje batean, lagunekin lankidetzan, birtualki lan eginez. Ekintzaile izatea inoiz baino errazagoa eta merkeagoa da; gainera, finantzaketa bilatu daiteke erakunde publikoetan, antolakunde pribatuetan (Venture Capital) eta baita ere crowdfunding bidez, ideia egokia bada eta finantzaketa-kanpaina ona egiten baduzu Sarean.

 

Steve Jobs-ek esan zuen: “ez baduzu lanik egiten zure ametsak egia bihurtzeko, beste norbaitek kontratatuko zaitu bereak lortzeko…” Baina Euskadin sustatzen ari garen Barnekintzailetza formulak helburuak eta ametsak partekatzen ditu enpresen eta ekintzaileen artean…

Uste dut aurrea hartu eta berritzen hasi behar dugula, izan amets pertsonala nahiz taldekoa, izan “barne ekintzailetza nahiz kanpokoa” . Enpresek barnekintzailetza behar dute, lehiakor izaten eta hazten jarraituko badute. Enpresan ez badira sustatzen sormena eta ekintzailetza, pertsonak, azkenean, “lanerako makina” bihurtzen dira, zeregin monotonoak egiten dituzte, eta agintzen zaiena baino ez dute egiten. Aitzitik, aske badira iritzia emateko, iradokizunak egiteko eta hanka sartzeko, hobekuntzak, ideiak edo produktu berriak proposatuko dituzte, oso baliagarriak izango direnak enpresarentzat eta langileentzat.

Hala ere, normalean startup-etan ematen da berrikuntza maila handiena. Nire ustez interesgarria litzateke enpresa handi bat Startup txiki askotan banatzea barnetik. Hala, sekzio bakoitzak enpresa txiki baten modura funtzionatuko luke, eta antolakunde beraren barneko beste Startup batzuk izango lituzke bezerotzat. Dena izango litzateke txikiagoa: lantaldeak, balantzeak, emaitzen kontuak. Hau da, Startup bakoitzaren neurrikoak, zeintzuek emaitza hobeak izaten baitituzte oro har. Hori bai, enpresa osoa berregituratu beharko litzateke.

 

Aholkuren bat emango zenieke ekintzaile izan nahi duten beste gazte eta ikasle batzuei?

Jakina! Gaztea bazara, saia zaitez zeure enpresa sortzen! Lan-bizitza osoa (oraingoz, 45 urte) duzu aurretik beste enpresa batean lan egiteko. Baina gutxitan egongo zara orain baino egoera hobean ekintzaile izateko; normalean, gaztetan ez duzu familia-kargarik, ezta diru premia handirik ere; hau da, egon zaitezke hilabete batzuk kobratu gabe, harik eta negozioa martxan jarri arte. Zure ametsak lortzeko lan egingo duzu, zeuretzat alegia. Gainera jende ona baduzu inguruan, zure ilusioak partekatzen dituena, gauza handiak egingo dituzue elkarrekin.

Hala ere, dena ez da urre kolorekoa; badakigu ekintzaileek ez daukatela ordutegirik, ezta soldata finkorik ere. Baina sinesten baduzu zeure proiektuan, motibagarriago izango zaizu zeuretzat lan egitea beste pertsona batzuentzat egitea baino; horregatik, proiektuak aukera handiagoa izango du arrakasta izateko.

Edozein adin da ona ekintzaile izateko, baina nire ustez arriskua txikiagoa da gaztea zerenean.

 

https://www.linkedin.com/in/oserradilla