ES | EU


2017ko Martxoa 24


Hondarribian, ingurune paregabe batean, kokatuta daude Teknika Akuikolan eta Nekazaritza arloko Ingeniaritzan prestatutako gazte batzuk, arreta handiz zaintzen dutenak beren instalazioa. Instalazio hori arrain eta landareen garapen eta produkzio industrialera bideratua dago eta Europan dagoen handiena da. 

Joseba Zubizarretak eta bere lantaldeak elkarrekin uztartzen dituzte ezagutza, pasioa eta teknologiak, produktu erabat natural, osasuntsu, sostengarri eta kalitate gorenekoak lortzeko. Era berean, esperientzia aditua eskaintzen dute horrelako inbertsioak egin nahi dituzten bezeroen premien arabera pertsonalizatutako proiektuak garatzeko: merkatu azterketak, instalazioen dimentsionamendua, eraikuntza eta martxan jartzea, prestakuntza, jarraipena, biologia arloko gaiei eta produkzioari buruzko aholkularitza… 

 

Arrain eta landareen produkzio sostengarriarekin konprometitutako pertsona bezala definitzen duzue zuen burua

Bai, hala da. Uste dugu ezin dugula gehiago hipotekatu etorkizuneko belaunaldien eta planetaren etorkizuna eta baliabideak. Elkarrekin uztartuz sostengarritasuna lehenesteko asmoa eta sustatzaile taldearen ezagutza biologikoak (BREEN à BE GREEN), instalazio desberdin bat jarri dugu martxan Hondarribian. Instalazio txiki batetik abiatuta eta lan asko eginda, teknologia bat garatu dugu, zeinari esker arrainak eta landareak ekoitz baitaitezke hondakinik sortu gabe eta euri-ura bakarrik erabiliz. Esan ohi dugu “desberdinak garela, gauzak desberdin ikusten ditugulako”.

 

Eta NER Group taldearekin bat egin duzue, zuen filosofia sostengarria Giza Garapen Justu eta Sostengarriarekin lotzeko.

Hala da, bai. Hasieran, BREEN ginen, instalazio pilotu txiki bat, eta bertan baliozkotu genituen gero NER BREEN izango zen honetan erabiltzen ditugun prozesu eta iragazki biologiko guztiak. Hala, akuaponian eta beste iragazki biologiko batzuetan oinarritutako Europako akuikultura instalazio handiena bihurtu gara.

NER taldean oso kontuan hartzen dituzte sostengarritasuna, elikadura subiranotasuna, ekologia eta antzeko baloreak. Berdintasunean eta eskuzabaltasunean oinarritutako kudeaketa-eredu sostengarri eta desberdina ere ongi uztartzen zen gurekin, esan nahi baita bata bestearentzat eginak geundela.

 

Bi antolakundeen arteko lankidetzarekin eta inplikazioarekin, arrainak eta landareak hazteko sistemak garatzen dituzue orain 

Esan bezala, Ner Group taldeak proiektuaren aldeko apustua egin zuen, eta horri esker, akuaponian oinarritutako Europako akuikultura instalazio handi eta sostengarriena daukagu orain Euskal Herrian. Ez dugu inolako hondakinik sortzen, euri-ura baino ez baitugu erabiltzen, eta 70 tona tilapia eta hainbat landare tona ekoizten ditugu. Instalazioetan daukagun teknologiari esker, erabat kontrolatzen dugu ekoizten dugun arrainaren uraren eta janariaren kalitatea. Beraz, erabateko elikadura segurtasuna eskaintzen dugu. %100eko bermearekin esan dezakegu elikagai osasuntsuak ekoizten ditugula, anisakis eta metal astunik gabeak.

 

Inolako kimikorik, intsektizidarik, bakterizidarik eta fungizidarik gabeko arrain eta landareak, %100 organikoak!

Sistemako ura berriro zirkulazioan jartzen dugunez, ezin dugu inolako kimikorik edo pestizidarik erabili landareen alderdian. Sistema akuaponiko guztietan bezala, landareak dira arrainen ura garbitzeko iragazki naturala, eta arrainek sortzen duten karga organikoa da landareen elikagaia. Oreka zaindu beharra dago ekosistema horretan. Urak berriro zirkulatzen duenez bi sistemen artean, ezin dugu erabili pestizidarik edo antzekorik. Gure praktikak guztiz ekologikoak dira, bai konbikzioz eta bai hartara behartuta gaudelako.

 

Une oso delikatuan egin duzue hori dena, gaur egun ez baitakigu nondik datozen kontsumitzen ditugun elikagaiak…

Produktuen banaketan ere sostengarri izan nahi dugu. Horregatik, gure instalazioa behar bezainbeste handia da errentagarritasuna bermatzeko, baina aldi berean ez handiegia, segurtatu behar dugulako produktuen ekoizpena hurbil dagoela beren jatorritik.

Alternatiba hurbila, osasuntsua, segurua eta sostengarria gara, batetik, hurbil gaudelako, eta bestetik, gure teknologiak eskaintzen duen trazagarritasunari esker, segurtasun handia ematen dugulako elikadura arloan. Puntu honetan ere desberdinak gara elikagaiak non eta nola produzitzen diren ezkutatzen duten beste proposamen batzuen aldean. Gure instalazioa zabalik dago edozein interesaturentzat. Webean argi esaten dugu: Zatoz eta konta ezazu.

 

Zuen Hondarribiko instalazioetan elkarren ondoan bizi dira produkzio akuikola eta landare produkzioa; horrek erakusten du posible dela gauzak ondo egitea eta, horrezaz gain, lana errentagarri bihurtzea…

Sostengarriak izan behar dugu urarekin, beraz, euri-ura bakarrik erabiltzen dugu ibairik edo akuiferorik ez zikintzeko. Akuaponiari eta inplementatu dugun teknologiari esker lortzen dugu hori. Orobat sostengarriak izan nahi dugu arrainek sortzen dituzten hondakin solidoekin (landareek diluitzen den zatia bakarrik iragazten dute). Horretarako sartu dugu bermikultura, humusa sortzeko iragazki biologikoa, ez dugulako erabili nahi kopuru handitan toxiko izan daitekeen solidorik.

Baina hori ez da nahikoa, errentagarri ere izan behar dugu. Errentagarri izan behar dugu sostengarri izaten jarraitzeko, eta frogatzeko gauzak beste era batera egin daitezkeela. Behin frogatu ondoren errentagarria dela, Hondarribiko instalazioa izango da gure teknologiaren erakusleiho eta frogarik onena. Eta orduan, sistema hori beste eremu geografiko batzuetan erreplikatu ahal izango da.

 

Nabaritzen da inbertsio handia egin duzuela; jaso duzue laguntza publiko edo pribaturik?

Ner Group taldea da NER BREEN instalazioen akziodun nagusia. Bestalde, jaso dugu baita ere Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailaren laguntza. Laguntza horiek gabe ezin izango genuen instalazioa martxan jarri. Oso eskertuta gaude.

 

Antzeko sistemak garatu nahi dituzten bezeroek dagoeneko aplikatu dezakete proiektu honetan bildu duzuen ezagutza…

Oso harro gaude sistemaren diseinu biologikoa eta teknikoa eta automatizazio osoa Ner Breen enpresan egin dugulako. Horrelako ezaugarriak dituen Europako instalazio handiena gure teknologian oinarrituta dago, eta horri esker, gure teknologia eskain dezakegu interesatuek instalazio industrialak garatu ditzaten. “Ner Breen Tech” deitu diogu negozio-ildo horri.

Lehenik eta behin, Hondarribiko instalazioaren errentagarritasuna eta funtzionamendu ona frogatu behar dugu. Hori lortutakoan, gure konponbideak eta aholkularitza globala eskainiko dizkiegu teknologian interesatuta daudenei.

 

Zaindu jaten duzuna, eta Ingurumena zainduko duzu… EcoFriendly produktuak eta teknologia!

Jaten duguna gara. Baina baita ere sentitzen duguna, eta orobat pentsatzen eta egiten duguna. Asko kostatzen zaigu arlo guztietan koherente izatea, baina posible da hautu txikiekin mundua aldatzea. Mundu sostengarri bat nahi badugu, bidezkoagoa izango den mundu osasuntsu bat, orduan kalitatezko produktu osasuntsu, sostengarri eta hurbilak aukeratu behar ditugu. Egiten dugun erosketa-hautu bakoitzak erabakitzen du hurrengo belaunaldiari utziko diogun mundua. Geure esku dago.

 

+info: http://nerbreen.com