ES | EU


2015ko Maiatza 08


BASKLINK ekimenak duela gutxi jaso du Euskal Euro-hiriaren eKop sarietako bat eta sari horren bidez aitortza egiten zaie jarduera ekonomikoa sortzen duen mugaz gaindiko lankidetzaren arloko eskualdeko eragile dinamikoenei. Ekimen ekintzaile honen sustatzaileetako batekin hitz egin dugu, Leire Agirrezabalarekin, hots, marketin eta komunikazio arduradunarekin.

 

eKop Sariaren banaketa-ekitaldian Baionako alkateak esan zuen “muga administratibo eta politikoek ez dutela zentzurik turismoaz ari garenean”. Hori al da zuen jarduerak abiapuntutzat hartzen duen filosofia?

Basklink.com ekimenaren ideia eta jarduera sortu aurretik gogoeta bat egin genuen existitzen den baina izen horrekin aurkezten ez den jomuga turistiko “berri” bati buruz. Euskal kulturaren lurraldeko eskaintza turistikoa biltzen eta sustatzen dugu, alegia guk benetako Euskal Herria deitzen dugun horrena, non ezaugarri komunak (hizkuntza, ohiturak edo festak) indartsuagoak baitira muga administratibo eta politikoak baino. Gure ustez hori da jomuga bat aurkezteko eta ezagutzera emateko modu naturalena.

Berriki egindako azterlanek diote Euskal Herrira datozen bidaiariek aurreiritzirik gabe gurutzatzen dituztela muga administratibo eta politikoak, eta nabaritzen dituztela EAE, Nafarroa edota Iparraldeko herrien artean dauden antzekotasunak. Hau da, identifikatzen dutela euskal kulturaren lurraldea, euskal nortasunarena. Jean René Etchegaray, Baionako alkateak eKop Saria eman zigunean esan zuen bezala, muga administratibo eta politikoek ez dute zentzurik turismoaz ari garenean, eta benetan uste dugu gure kasuan aukera handi bat dugula aurrean. Aukera paregabea dagoeneko existitzen den eskaintza turistikoa optimizatzeko eta bidaiariari aisialdirako aukera gehiago eta hobeak eskaintzeko. Aipatu nahi nuke bidaiariak atzerritarrak edo bertakoak izan daitezkeela, barne turismoa ere kontuan hartzeko moduko faktorea baita.

Funtsean, www.basklink.com ekimenaren helburua da euskal kulturaren lurraldea, benetako Euskal Herria eskaintzea, bidaiariarenganaino iristen den eskaintza zabalduz eta aberastuz eta aldi berean negozio aukera berriak sortuz turismoaren sektorean.

 

Proiektua beraz mugaren alde bietako pertsonen eta enpresen arteko lankidetzatik sortu da…

Hala da, bai. Eta hala izan behar duela uste dugu. Mugaz gaindiko eskaintza turistikoa denez, ezinbestekoak dira mugaz gaindiko aliantzak eta lankidetzak. Basklink ekimena bi enpresaren arteko lankidetzaren fruitua da: Gaindigo Koop. Elkarte Txikia (Oiartzun, Gipuzkoa) eta Studio Waaz (Hazparne, Lapurdi). 2014ko martxoan hasi ginen elkarrekin lanean, baina ordurako biok generabilen buruan ideia bera. Elkarrekin sortu genuen www.basklin.com, erabaki genuelako produktuak berak eta ekimenaren premia profesionalek horixe eskatzen zigutela.

2015eko martxoan publiko egin baino lehen, harremanetan egon gara mugaren bi aldeetako erakunde publikoekin, agente turistikoekin, mugaz gaindiko organoekin, eta abarrekin eta emaitza positiboa jaso dugu. Argitalpenari dagokionez, pozik gaude gure webak erabiltzaileen eta balizko bezeroen artean izan duen harrerarekin.

 

Zuen helburua da bidaiariei eskaintza turistiko zabala eskaintzea.

Bidaiariari benetako Euskal Herria aurkeztu nahi diogu. Eta bide horretatik aisialdirako dituen aukerak zabaltzen dizkiogu, kualitatiboki eta kuantitatiboki, toki bakar batean biltzen baitugu lehendik existitzen den eskaintza. Basklink atzerriko zein bertako bidaiariei zuzendutako tresna bat da, euskal lurraldea naturalki eta erraz ezagutzeko eta gozatzeko aukera ematen duena.

XXI. mendeko bidaiariek gailu mugikorrekin bidaiatzen dute, uneoro daude Internetera konektatuta, baina gainera benetako esperientziak bilatzen dituzte, pertsonalizatuak, bertako jendearekin harremanetan jartzeko aukera ematen diotenak. Bisitariak nortasun handiko jomugak bilatzen ditu. Gure weba desio horri erantzuteko sortu da eta horregatik toki bakarrean bildu eta sustatzen dugu euskal lurralde osoko eskaintza turistikoa.

Bide batez, esan dezagun gure ustez ekimen hau onuragarria izan daitekeela sektoreko profesionalentzat ere, bezero berriak eta, besteak beste, negozio aukera berriak sortzen lagundu dezakeelako.

 

Zuen webean Euskal Herriko eskaintza turistiko osoa jasotzen duzue.

www.basklink.com web orriak 7 euskal probintzietako eskaintza turistikoa biltzen eta sustatzen du. Esan dezakegu proiektu aitzindaria dela, eskaintza hori toki bakarrean bildu duen lehenengoa delako. Web orri informatiboa da eta erabiltzaileak bertan aurkituko ditu, besteak beste, mugaz gaindiko ibilbide tematiko eta geografikoak, lurralde osoko ekitaldien agenda eta mugaren bi aldeetako ostatu, jatetxe edo bestelako zerbitzu turistikoen direktorioak.

Lehen esan bezala, web orria oraingoz informatiboa da. Dena den, lanean ari gara etorkizunean bestelako zerbitzu batzuk eskaintzeko, bai Euskal Herriko eragile turistikoei eta baita ere erabiltzaileei, hala nola gailu mugikorrentzako aplikazioak, erreserbak egiteko zentral bat, e.a. Uste dugu Internet dela gure habitat nagusia eta, beraz, web orria izango da gure motor garrantzitsuena. Norabide horretan lan egin behar dugu gure eskaintza hobetzeko.

Bestalde, euskal turismoari buruzko blog bat jarri dugu martxan eta sare sozialetan ere bagaude. Oraingoz, gorago aipatutako guztia hiru hizkuntzatan eskaintzen dugu: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Lanean ari gara albait azkarren ingelesezko bertsioa martxan jartzeko.

 

Zeintzuk dira zuen helburuak?

Euskal kulturaren lurraldea ezagutzera ematea eta sustatzea, esparru horretako erreferentzia bihurtuz. Horrela eta modu naturalean, mugaz gaindiko turismoa sustatuko dugu atzerriko bidaiarien eta Euskal Herriko biztanleen artean. Era berean, gure hondar aletxoa jarri nahi genuke mugaren bi aldeetako turismo eragileek bezero gehiago eta negozio aukera berriak izan ditzaten.

 

Beraz, zeintzuk dira zuen potentzialak?

Atzerriko bisitariak eta Euskal Herriko biztanleak. Asmoa da aisialdi eskaintza zabaltzea batzuentzat eta besteentzat. Batetik, Iparraldera iristen diren bidaiariak mugaren beste aldera erakarri nahi ditugu. Bestetik, barne turismoa sustatu nahi dugu asteburuetarako, zubietarako edo opor laburretarako planak eskainiz. Kontuan hartu behar da jaiegunak eta oporraldiak desberdinak direla eskualde eta probintziaren arabera. Hala, helburua da turismoa urtaroekiko menpekotasunetik askatzea.

 

Eta bezero potentzialak?

Mugaz gaindiko ekimen bat onuragarri izan daitekeela uste duten lurraldeko eragile turistiko guztiak; ekimen hau oztopo baino gehiago aukera turistiko gisa ikusten dutenak. Uste dugu elkar ezagutzea ez dela nahikoa, eta horregatik, zubi-lana egin nahi genuke.

 

Eta, azkenik, zein urrats emango dituzue hemendik aurrera?

Gogor lan egingo dugu arlo digitalean, gaur egun hori baita turismoaren esparru naturala. Alde batetik, ahalegina egingo dugu www.basklink.com erreferentziazko atari bihurtzeko eta, bestetik, etengabe hobetu eta osatuko dugu, egungo bidaiarien premiei erantzuteko: gailu mugikorrentzako aplikazioak, erreserbak egiteko zentralak, geo-kokapen aplikazioak…