ES | EU


2017ko Apirila 18


Azken urteotan, modaren industriak pauso bat eman du ingurumenaren alde, birziklapen-programak sustatuz, ehunen berrerabilpena bultzatuz eta, bide horretatik, moda sostengarri eginez. Gipuzkoa erreferente bihurtu da, eta erakundeek bultzatu egingo dute esparru horretako jarduera ekintzailea eta enpresa jarduera. 

GK Green Fashion katalogoan Green etiketadun 8 konpainiaren bildumak daude, zeintzuek ehun birziklatu eta sostengarriekin lan egiten baitute. Ekintzaileak eta sortzaileak dira, eta erakutsi dute posible dela moda diseinatzea ingurunea babestuz: Akukuna, Kilate, Maripuri Tijeritas, Lavandera, Skunkfunk, Telarista Urbana, Tytti Thusberg eta Zergatik. Laura Chamorro Navarrorekin hitz egin dugu, “Donostia Moda – San Sebastián Moda” klusterreko arduradunarekin.

 

 

GK Green Fashion, Gipuzkoako ehungintza ekonomiaren motor bihurtzeko katalogoa… Zergatik da moda sostengarria hain garrantzitsua garapen ekonomikorako?

Donostia Moda Klusterra harremanetan dago erakunde publiko eta pribatuekin, eta harreman horren ildotik lankidetza berri bat abiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailarekin, moda sostengarrian diharduten marka eta konpainiekin lan egiteko. Katalogo honi esker, ikusgarritasuna emango diegu gure lurraldean lanean dabiltzan markei; konpainien hautaketa bat egin dugu moda sostengarriaren “Slow Fashion” delakoan diharduten enpresen artean, berau baita Klusterraren oinarrizko zutabeetako bat.

Uste dugu gure zeregina dela hiritarrei behar dituzten tresnak eta ezagutza ematea moda sostengarriaren garrantzia ulertarazteko, eta horrela, Gipuzkoako ehungintza gure eskualdeko ekonomiaren motor bihurtzeko.

 

Donostia Moda Klusterrak ehun birziklatu eta sostengarriekin lan egiten duten zortzi enpresa identifikatu ditu…

Azken urteotan, modaren industriak pauso bat eman du ingurumenaren alde, birziklapen-programak bultzatuz, ehunen berrerabilpena sustatuz eta, bide horretatik, moda sostengarri eginez. Horregatik, katalogo honetan Green etiketadun 8 konpainiaren bildumak daude, zeintzuek ehun birziklatu eta sostengarriekin lan egiten baitute. Ekintzaileak eta sortzaileak dira, eta erakutsi dute posible dela moda diseinatzea ingurumena babestuz. Donostia Moda klusterreko enpresak dira: Akukuna, Kilate, Maripuri Tijeritas, Lavandera, Skunkfunk, Telarista Urbana, Tytti Thusberg eta Zergatik (ikusi atxikitako artxiboa).

 

Eta zer ikus daiteke katalogoan, zehazki?

Katalogoak erakusten du zein den Gipuzkoako diseinatzaileen errealitatea, nolakoak diren beren bizipenak, eta baita ere beren prospekzioa. Eskualdeko ehungintzaren sorkuntza erakusten du; ibilbide orri bat da, zeinaren bidez ohartarazi nahi den zein beharrezkoa eta garrantzitsua den kutsadura prebenitzea ehungintzan, berau delako gehien kutsatzen duen planetako bigarren industria, uretara isuritako toxikoen %20 sortzen dituelarik.

Aurrera goaz prozesu zirkular baterantz, non gure diseinatzaileek behar dituzten tresnak izango baitituzte beren produkzio-zikloak modu sostengarrian osatzeko. Katalogo horrek erakusten du posible dela beste moda mota bat egitea, sostengarritasunean eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritua. Argitalpenaren helburua da kate baten barruan gauden guztiok elkarte bihurtzea, aurrera egiteko paradigma zirkular berri baterantz.

 

Lan duina, tindu organikoak, birziklapena… Nolako baloreak aurkituko ditugu “Slow Fashion” munduan?

Besteak beste, katalogo honen helburua da alderdi hauek sustatzea: lan-baldintza duinak, kimikorik gabeko tinduak, manufaktura osasuntsua, material organikoak, oihalen birziklapena… Horiek dira “Slow Fashion” edo moda sostengarriaren kontzeptuari esanahia ematen dioten baloreetako batzuk. Industria horrek ez dio lehentasuna ematen bakarrik produktuaren azken estetikari, horrezaz gain, garrantzia ematen dio baita ere arropa bakoitzaren atzean dagoenari; hala, protagonismoa hartzen ari da “pronto moda edo fast fashion” estiloko frankizia handien aldean, azken horien eredua sostengaezina baita, arropa erosi eta handik bost astera botatzeko pentsatutako denboralditxoetan oinarritzen delako.

 

Donostia Moda Klusterrak Diseinuaren eta Modaren arloko ekimen ekintzaile berriak barne hartuko ditu.

Donostia Moda Klusterra duela urtebete baino gehiago abiarazi zen, eta Ekintza Plan bat diseinatu du 2017rako, sektoreko erronka orokorrak betetzeko:

  • Enpresa-sare sendo bat sortzea eta enpresa horien gaitasun profesionalak hobetzea.
  • Tokiko produktu bereizia indartzea.
  • Atzerrirako sustapena egitea irudiaren eta hiri-markaren bitartez.
  • Modaren kulturaz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainak egitea fabrikatzaile, saltzaile eta kontsumitzaileen artean.

 

Eta helburu horiek betetzeko, Klusterrak hainbat ekitaldi jarriko ditu martxan.

Hala da, besteak beste, Donostiako konpainiak sustatuko ditu Barcelona Bridal azokan, “Donostia Moda San Sebastián” markaren azpian, eta GdM Donostia Moda Festival antolatuko du. Donostiako moda Jaialdiaren barruan, Donostia Moda KLusterrak antolatutako jardunaldi profesionala egingo da. Jardunaldi horretan hitzaldiak, konferentziak eta maisu-eskolak eskainiko dira, eta gainera, bertako diseinatzaileen merkatua antolatuko da, zeina maiatzean eta urrian egingo baita.

Era berean, azaroan ekitaldi bat egingo da Cristobal Balenciagak Donostian bere lehen denda ireki zueneko mendeurrena ospatzeko. Urteurren horren barruan abiaraziko dira lehen Udako Eskola eta Udazkeneko Eskola, Balenciaga Museoarekin lankidetzan.

Urtearen amaieran, abenduan, ALFA enpresarekin batera eta Balenciaga Museoarekin elkarlanean antolatutako “Historias hiladas” Lehiaketaren beste edizio bat egingo da.

Era berean, Gabonak aprobetxatuz, lehiaketa bat egingo da kabalgatako Erregeen jantziak diseinatzeko. Horretarako, deialdi publikoa zabalduko da ekainetik aurrera.

  

Jarduera gehiago ere aurreikusi dituzue urtean zehar egiteko…

  • Arropa Sostengarriaren Tailer-Laborategia jarriko dugu martxan Donostiako Sustapenaren CEMEI Enpresa Zentroan, AEG Ikastetxearekin lankidetzan.
  • “Corners de moda” programan parte hartzen duten tokiko diseinatzaile kopurua handituko dugu, eskualdeko eta hirietako saltokiek ekimen horren bidez merkaturatzen baitituzte beren bildumak.
  • Espazio bat lagako diegu dohainik tokiko diseinatzaileei hiriko merkataritza-gune handi batean, beren bildumak erakutsi eta saldu ditzaten. Proiektu pilotua da, diseinatzaileak merkatuan posizionatzeko pentsatua.
  • Enpresa-misioa Japoniara edo herrialde anglosaxoi batera. Klusterra merkatu berrien prospekzio lanetan ari da, eta asmoa du merkataritza misio bat antolatzeko herrialde hartara.
  • Lankidetza proposamena Nazioarteko Zinema Jaialdiarekin. Harremanetan jarri nahi ditugu ekoizpen-etxeak bertako diseinatzaile eta markekin, eta beren bildumak aurkeztuko dizkiete, presentzia izan dezaten alfonbra gorrian.
  • Isabel Zapardiez diseinatzaileari lagunduko diogu, Barcelona Bridal Week (Gaudí Novias) desfilean parte hartuko baitu bere hamabosgarren urteurrenean.

 

Donostiako Sustapenaren bitartez, Klusterrak hainbat zerbitzu eskainiko ditu ekintzaile eta enpresentzat

2016an bezala, laguntza emango diegu ekintzaileei beren enpresa edo negozio-eredua aztertzeko eta sortzeko prozesuetan.

Bestalde, dagoeneko finkatuta dauden enpresei lehiakortasuna hobetzeko zerbitzuak emango dizkiegu, berrikuntza eta nazioartekotze esparruetan, batik bat.

Komunikazioaren atalean, “Donostia Moda” profil berriak irekiko ditugu Twitter, Instagram eta Facebook sareetan, garatuko ditugun jardueren berri emateko. Gainera, indartu egingo dugu asteroko Newsletter-a, non modaren industriarekin lotutako albisteak jasotzen baitira.

 

Lankidetza estuan ari zarete Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailarekin.

Donostia Moda Klusterrak Ingurumen Sailarekin batera lan egiten du Moda Sostengarriaren Desfilea lehen aldiz eta arrakastaz antolatu zuenetik. Miramar Jauregian egin zen ekitaldi hark jarraipena izango du aurten bigarren edizioarekin.

Foru Aldundiko Ingurumen Sailarekin batera beste jarduera bat ere garatuko dugu aurten, diseinatzaile sostengarrien katalogo bat kaleratuko baitugu: GK Green Fashion.

 

+info: https://www.gipuzkoa.eus/es/-/gk-green-fashion-katalogoari-ekin-diote-gipuzkoako-ehungintza-herrialdeko-ekonomiaren-eragile-bihurtzeko