ES | EU


2015ko Azaroa 03


Eneko Neirak lau lagun bildu zituen Barakaldoko lokal txiki batean: Sergio Valiente, Txus Cabrera, Aingeru del Campo eta Eder García. Garagardo-zaletasuna aitzakiatzat harturik eta “garagardo industrialak menperatutako panorama aspergarri hau aldatzeko egarriz”, errezeta desberdinak probatzen hasi ziren. Denborarekin, eta ikusirik  onarpena zutela lagun artean eta taberna, azoka eta jaialdietan, enpresa bihurtu ziren eta  orain hainbat motatako garagardo finak eskaintzen dituzte merkatuan.

Kalitate handiko lehengaiak erabiltzen dituzte, arima jartzen dute garagardo bakoitzean, eta etengabe berritzen dute beren artisau erako prozesua. Laugar enpresak estilo klasikoak erabiltzen ditu, baina berrinterpretatu ere egiten ditu, esperimentatuz eta emaitza bereziak lortuz; Gordexolan egiten den produktu tradizional honek ez du inor epel uzten.

 

Dirudienez, Eneko, zuk eman zenuen lehen urratsa: lagun talde bat bildu zenuen garagardoa egiteko eta prozesuan esperimentatzeko…

Bai, duela 4 urte baino gehiago izan zen. Barakaldoko lokal txiki batean hasi ginen garagardoa egiten, hasieran geuretzat bakarrik. Handik gutxira, ikusi genuen gure garagardoek gero eta kalitate hobea zutela, eta lagunartetik tabernetara eraman genituen. Gero, Estatuko eta nazioarteko azoketara atera genituen, eta produktuak harrera ona izan zuen.

 

Orduan, Sergio, jarduera profesionalizatzea erabaki zenuten, eta horretarako instalazioak sortu zenituzten Gordexolan.

Ikusirik produktuak harrera ona zuela, gure pasioa ogibide bihurtzea erabaki genuen eta Gordexola aukeratu genuen mikro-garagardotegi bat eraikitzeko. Egoera goitik behera aldatzen da hobbya negozio bihurtzen denean. Baina gure betiko filosofiari eutsi diogu, Barakaldoko lokalekoari; produktua etengabe berritu dugu, kalitatea lehenetsiz kantitatearen gainetik, eta ikasten eta gozatzen jarraitu dugu izugarri gustatzen zaigun langintza honetan.

 

Lanean hasi zinetenean sortu zen EPA! Baina ez da zuen produktu bakarra, ezta Txus?

“EPA!” izan da Gordexolako instalazioetako lehen erreferentzia, %5,2 alkohol gradu dituen American Pale Ale garagardoa. Baina geroztik bestelako errezetak ere probatu ditugu, etengabe. Esan genezake gaur egun 3 erreferentzia dauzkagula beti stockean:

lehen aipatutako EPA!; Kiskale: %7,3 graduko alkohola duen brown ale garagardoa; eta Fibonatxi 0: %4,9 graduko saison garagardoa, zekale eta jengibrezkoa.

Hilean behin edo hilabete eta erdian behin garagardo berezi bat ateratzen dugu, merkatuan (ez tokikoan bakarrik) ez dagoen zerbait eskaintzeko: “Hopshock”: session IPA* (*India Pale Ale), %3,5 gradukoa; “Patxi Hopman”: IPA, %6,8 gradukoa; “Hopzale”: IPA bikoitza, %9,2 gradukoa; “Aupa Tovarisch”: Russian Imperial stout, %11,3 gradukoa; “Basurde”: Amber ale %5,2 gradukoa; Brandy edo Xerez upeletan ondutako garagardoak… Eta kolaborazioak ere egiten ditugu, besteak beste, “Ich bin ein Berliner Ryesse”, Belgikako Alvinne mikro-garagardotegiarekin.

Gainera, hemendik gutxira nobedadeak ere izango ditugu, lankidetzak egingo ditugulako hemengo eta atzerriko mikro-garagardotegiekin.

Bestalde, baliteke gure instalazioak zabaltzea, stockean erreferentzia gehiago izateko eta merkatuko eskaerari erantzuteko.

 

Eder, zuen produkzio filosofian argi dago kalitatea kantitatearen gainetik dagoela…

Oso argi daukagu hori, egiazko produktu bat eskaini nahi dugu, geure nortasuna islatuko duena, eta kalitate handiko lehengaiak bakarrik erabiltzen ditugu produkzioan (Nafarroako, Alemaniako nahiz Erresuma Batuko garagar maltatua eta Europako eta Estatu Batuetako lupuluak). Ez dugu produktua iragazten ez eta pasteurizatzen, garagardoari propietate organoleptikorik onenak emateko.

Garrantzitsua da dastaketa, azoka, jaialdi eta abarren bidez garagardoaren kultura hedatzea, publikoa kontzientziatu dadin eta uler dezan zeintzuk diren artisau erako garagardoaren eta industrialaren arteko desberdintasunak.

 

Aingeru, zure zeregina da zuen filosofia horrek bizitzeko adina diru ematea. Inbertsioak, lehengaiak, marketina, erregaia, autobideak… Dirutza bat. Laguntza jaso duzue abentura ekintzaile honetarako?

Bai, laguntzak jaso ditugu Eusko Jaurlaritzako Lehiatu eta Bizkaiko Foru Aldundiko AFA programetatik. Eta hori guztia Bultz-Lan aholkularitzaren bidez kudeatu dugu. Gehiago ere ongi etorriko litzaizkiguke, jakina, batez ere ekintzaileei laguntzeko direnak.

 

Urte batzuk daramatzazue zuen proiektua merkatuan errotzen. Non egon nahiko zenukete 2020an?

Presentzia gehiago izan nahiko genuke tokiko merkatuan, Estatukoan eta nazioartekoan. Lankidetzak egin nahi ditugu beste mikro-garagardotegi batzuekin eta orain gozatzen dugun bezala gozatzen jarraitu.

 

Info+: http://www.laugarbrewery.com