ES | EU


2016ko Otsaila 03


Lanaldi Euskadiko ikasleei laguntzeko programa bat da, eta helburutzat du Batxilergoko 1go mailako eta DBHko 4.eko ikasleen kezkak piztea eta beren etorkizun profesionalean ezinbestekoak izango dituzten gaitasun transbertsalak garatzea; hala, alternatiba desberdinak azaltzen zaizkie, lan- eta enpresa-inguruneko aukerak eta zailtasunak ezagutu ditzaten.

Ikasleek orientazio berritzailea jasoko dute goi-mailako ikasketak aukeratzen hasi baino lehen. Hainbat tailer eta zuzeneko esperientzia praktiko bat garatuko dituzte horretarako, eta lan-saio osoan zehar alboan izango dute ekintzaile bat, profesional aktibo bat edo enpresari bat.

Lanaldi programa 2011n jarri zen martxan, 16 urteko ikasle talde batekin. Harrezkero, harremanetan egon da enpresa eta profesional ugarirekin, bat egin dezaten hezkuntzarako eta lan mundurako orientazio-ekimen honekin. Enpresa eta profesional askok erabaki dute erronka hartzea eta beren ekarpentxoa egitea. Hala ere, askok esaten dute oraindik: “ez dut nire burua horretan ikusten”, “ez dut uste inori interesatzen zaionik 8 ordu ordenagailu aurrean igarotzea”, “ez daukat astirik” edo “horrelakorik ezin da egin nire enpresan”.

 

7 arrazoi Lanaldi ekimenean parte hartu nahi izateko

Lanaldin argi daukate denok egin dezakegula ekarpenen bat ikasleen kolektiboarentzat, zeren, kasurik onenean ere, behin goi-mailako prestakuntza amaitutakoan eta enpresa batean praktikak egiten dituztenean (aukerarik badute behinik behin) izango baitute lan mundua ezagutzeko lehen aukera.

Hona hemen, beraz, Lanaldi proiektuarekin bat egiteko eta ikasleen etorkizunari ekarpena egiteko 7 arrazoi, horrela ulertuko dutelarik zeinen garrantzitsuak diren hezkuntza eta prestakuntza XXI. mendeko profesionala izateko:

 

1.- Esan dugun bezala, badugu erantzukizuna kolektibo horrekin, ahalik arinen eta etenik gabe hurbildu behar ditugulako enpresa eta hezkuntza-mundua. Europako beste herrialde batzuetan lehen hezkuntzatik hasten da bi esparruen arteko harreman hori. Adibidez, egun batean eskolak hustu eta enpresak betetzen dituzte edo aukera ematen diete batxilergoko ikasleei hilabeteko praktikak egiteko.

 

2.- Ez dio axola zertan lan egiten duzun, beti izango duzu zerbait erakusteko. Seguru zuk ere posible duzula “ad hoc” esperientzia bat diseinatzea ikaslearentzat, zure laneko jarduerarik adierazgarrienak erakusteko. Hainbat zeregin egin ditzake, esaterako, taldeko bilera batean parte hartu, bezero bat bisitatu, proposamen bat aurkeztu… eta, jakina, baita ere eska diezaiokezu lan erraz batzuk egiteko.

 

3.- Aurrekoarekin jarraituz, disoziatu egin nahi dugu “zer ikasi hura zara” dioen ideia. Lanaldiren helburuetako bat da ikasleei ulertaraztea hori baino askoz gehiago direla, hau da, jakin behar dute besteak beste, gaitasun pertsonal, profesional eta transbertsal guztien batura ere badirela. Eta horretan, edozein profesionalek dauka zerbait erakusteko.

 

4.- Benetako “Rol Model” izango diren pertsonak nahi ditugu, ez neska-mutilek telebistan ikusten dituztenak. Kriminologia edo auzitegi-medikuntza ikasteko eskaerak ugaritu egin dira azken urteotan, CSI, El Cuerpo del Delito eta antzeko telesailek izan duten arrakastagatik, baina telesailek erakusten dituzten lanbideak oso urrun daude errealitatetik. Gure ustez, esperientzia askoz baliotsuagoa eskain dezakegu proiektu profesional propioa garatu duten ekintzaileekin, tradizionalki beste sexuak garatu dituen lanpostuetan dauden gizon eta emakumeekin, edo emakumezko zuzendaritza-karguekin, eta etxeko bizitza lanarekin bateratzen duten gizonezkoekin.

 

5.- Programa honen bitartez aukera izango duzu ikasleen kolektiboarekin enpatizatzeko. Kontuan izan lan-merkatura sartzen direnean asko eskatuko diegula; ekimen honen bidez aukera izango dugu ikusarazteko gaitasun profesional zehatz batzuk izan beharko dituztela, nahiz eta ez duten jasoko horretarako prestakuntzarik, eta are gutxiago hezkuntzarik.

 

6.- Sarri entzuten dugu pertsonak direla enpresen balio garrantzitsuena. Egia da hori, ala garrantzitsuagoa da emaitzen kontua? Hementxe dago etorkizunean inbertitzeko aukera, hemendik urte gutxira gure antolakundeetan sartuko diren pertsonen prestakuntzan eta orientazioan laguntzeko abagunea.  Antonio Marina filosofoak dioen bezala, “tribu osoa behar da haur bat hezteko”.

 

7.- Oraindik zalantzan bazaude, arrazoi sentimentalago bat emango dizugu. Pentsa ezazu zure 16 urteko seme-alabarengan, edo etorkizunean izango dituzunengan, hots, guztiz desorientatuta dauden nerabe horiengan, ez baitakite zer ikasi edo zertan lan egin nahi duten etorkizunean. Agian gogoratuko duzu zerorri nola zeunden 16 urte zenituenean. Hala bada, baliteke bideo honekin zure iritzia aldatzea.

 

Erronka handi honekin bat egin nahi baduzu, hezkuntza eta enpresa-mundua elkartu nahi badituzu, bisitatu www.lanaldi.es web orria, eta eman izena.