ES | EU


2017ko Ekaina 14


Diabetesa da XXI. mendeko pandemia. 2 motako diabetes kasuak dira gehienak, hau da, prebenitu daitezkeenak. Garaiz atzeman eta ohiturak aldatuz gero, bizia salba dezakegu. Horregatik, Patia enpresan gogor ari dira lanean diabetes kasuak murriztu eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, tresnak sortuz eta bizimodu osasuntsua sustatuz.

PATIA startupa aukeratuetako bat izan da Europako Osasun Digitalaren Kongresuan bere produktuak aurkezteko. Kongresu hori 2017ko ekainaren 15 eta 16an egingo da Donostian.


Zuen produktuak aukera ematen du test baten bidez jakiteko pertsona batek disposizio genetikoa duen 2 motako diabetesa izateko. Zergatik da hain garrantzitsua gaixotasun hori jasateko arriskua ezagutzea?

­Diabetesa da estatuko eta munduko heriotza-eragile nagusietako bat . Pandemia bihurtu da jada. Diabetes kasuen %90 2 motakoak dira. Ez dago alarmista izan beharrik, baina bai errealista. 2 motako diabetesa prebenitu daiteke. 2 motako diabetesa izateko joera dugun jakitea informazio oso baliagarria da prebentziorako. Baldin eta badakigu arriskua dugula, aurrea har diezaiokegu gaixotasunari eta, kontrolatzen ez bada, ekar ditzakeen konplikazio larriei. Zenbat eta lehenago ezagutu arriskua, orduan eta lehenago hartu ahal izango ditugu neurriak.

Beste modu batera esanda, testaren emaitzak aldatu ezinezko arrisku faktore batez ohartarazten gaitu: faktore genetikoaz. Informazio hori eskura izanda, aldatu daitekeena aldatzen has gaitezke, hots, bizitza-ohiturak, elikadura eta ariketa fisikoa.

DIABETESprevent obesitatea eta 2 motako diabetesa prebenitzeko programa bat da. Lehenik eta behin, aukera ematen du jakiteko badugun joera genetikorik patologia hori garatzeko, eta bigarrenik, prebentziorako tresna baliagarriak ematen ditu.

 

Testaren emaitza osatzeko, kontrolerako app bat eskaintzen da. Nola funtzionatzen du sistema horrek?

“DIABETESprevent” prebentzio-sistema eraginkor bat da, arriskua neurtzeko testarekin batera doan app-ak eskaintzen dituen funtzionaltasunei esker. Tresna horrek oinarritzat hartzen ditu prebentziorako kontuan hartu beharreko bi alderdi nagusiak: ariketa fisikoa egitea eta elikadura osasuntsua sustatzea.

“DIABETESprevent” aplikazioak hainbat osasun-adierazle neurtzen eta erregistratzen ditu. Hala, erregistratutako datuak grafikoetan eskaintzen dira, grafiko horien bidez bilakaera aztertzeko edo medikuekin partekatzeko eta, bide horretatik, pixkanaka hobetzeko. Aplikazioak tresna bat du gorputz-masaren indizea (GMI) kalkulatzeko, aukera ematen du ariketa fisikoko erronkak planteatzeko eta erregistro guztien (tratamendu medikoak, errutinazko txostenak) jarraipena egiteko, eta badauka baita ere liburutegi mediko oso praktiko bat. Erabiltzaile guztiek eskuratu dezakete aplikazioa Google Play eta Apple Store plataformetan.

 

“DIABETESprevent” tresnak diabetesaren ikuspegi globala du eta bere baitan hartzen ditu prebentziorako tresna genetikoak, jarduera neurgailuak, nutrizio planifikatzaileak eta wearable tresnak. Nola sortu zen zerbitzu hain osoa eskaintzeko ideia?

Zerbitzu osoa eskaintzeko ideia sortu zen beharrezkoa zelako mundu mailako arazo bati erantzutea. 2 motako diabetesa eta obesitatea mundu mailako pandemiak dira, eta esponentzialki hazten jarraitzen dute. 2010. urtean SIGMA (Osasunaren Carlos Slim Erakundeak finantzatutako ikerketa zientifikoko proiektu handia) proiektuaren barruan hasitako prozesu baten emaitza da PATIA. Harvard Unibertsitateko Broad Institute erakundeak eta MITek (Massachusettseko Istitutu Teknologikoa) zuzendu zuten ikerketa.

Prozesu horretan, Patia ekimenak, Broad Institute erakundeko zientzialari eta endokrinologoekin lankidetzan, 2 motako diabetesaren prebentziorako balio handieneko aldagai genetikoak aukeratu zituen. Baina osasun publikoko arduradunek galdera bat egin ziguten berehala: zer egingo dugu arriskua detektatzen zaien pertsonekin?

Argi ikusi zen konponbide bat eman behar zitzaiela. Eta erantzuna da bizitza-ohitura osasuntsuak sustatzea.

Horregatik, garatzaile informatikoak eta nutrizionistak batu zitzaizkion mediku eta zientzialari taldeari (bertan dago Jaakko Tuomiletho gure aholkularia, Findrisc testaren sortzailea), haiek diseinatu zutelarik osasuna, ariketa fisikoa eta elikadura kontrolatzeko eta detektatutako arriskua lantzeko aplikazioa.

 

Zuen webgunean diozue “DIABETESprevent” ez dela diagnostiko proba bat. Hain garrantzitsua al da faktore genetikoa gaixotasuna garatzeko?

Testak ez du gaixotasuna diagnostikatzen. Testak arriskua detektatzen du, eta informazio hori oso baliotsua da prebentziorako eta aurrea hartzeko.

Diabetesa faktore askok eragindako gaitza da. Arrisku faktore asko elkartzen dira gaixotasuna garatzeko. Batzuk prebenitu daitezke, ingurumen faktoreak dira: obesitatea, sedentarismoa, lo falta, estresa… Beste batzuk ezin dira prebenitu: aurrekari familiarrak, talde etnikoa edo adina. Faktore genetikoa oso garrantzitsua da. Testari esker, faktore hori ezagutu dezakegu modu merke eta eraginkorrean eta bizitza-ohitura osasuntsuagoen premiaz ohartarazten gaitu.

2 motako diabetesa hainbat generen eta ingurumen faktoreen arteko elkarreraginaren ondorioa da, eta bere bereizgarria da akatsak dauzkala intsulina produkzioan edo erresistentea dela intsulinarekiko. Orduantxe diagnostikatzen da diabetesa: odoleko etengabeko glukosa maila altua.

Arrisku faktore nagusietako bat da 2 motako diabetesa familiako historialean egotea. PATIAk 2 motako diabetesa izateko arriskua detektatzeko sortu duen testaren algoritmoak kontuan hartzen ditu arrisku faktore genetikoak, familiako aurrekariak eta datu antropomorfikoak.

 

“Diabetes Pregest” da zuen hurrengo proiektua. Zertan datza?

Haurdunaldiko diabetesa garatzeko arrisku genetikoa ebaluatuko duen lehen testa izango da. Haurdunaldiko diabetesa da haurdunaldiari lotutako osasun arazo garrantzitsuenetako bat. Haurdunaldiaren bigarren edo hirugarren hiruhilekoan diagnostikatzen da, karbohidratoekiko intolerantzia agertzen delako, eta arrisku larriak ekar ditzake amarentzat eta fetuarentzat. Kontuan harturik horrelako diabetesa gero eta ugariagoa dela, neurriak identifikatu behar dira haurdunaldiko diabetesa detektatzeko, prebenitzeko eta garatzeko arriskua murrizteko.

Patia-n identifikatu ditugu haurdunaldiko diabetesa garatzeko joeraz ohartarazten duten hainbat aldagai genetiko. Ingurumen eta jarrera faktoreek ere badute eragina diabetesean, baina arrisku genetikoa ezagutzea oso garrantzitsua izan liteke, konplikazioak saihesteko bai amarengan eta bai haurrarengan, eta neurriak garaiz hartzeko.

 

Ikusirik produktuak izan duen harrera ona –Osasun Digitalaren Europako kongresuan aurkezteko hautatua izan da-, zure ustez zein izango da enpresaren etorkizuna?

Osasun Digitalaren Europako Kongresuak joerak aurkezten ditu, Silicon Valley-k San Frantziskon egiten duen bezala, eta nabarmena da eHealth teknologiak funtsezko bihurtzen ari direla. Mundua digitala eta konektatua da jadanik. Pazienteak bere osasunaren kontrola har dezake, eta hartu behar du. Gainera, eHealth teknologiekin eraginkortasun handiagoz kudeatu daiteke osasuna.

Gaur egun Patia-k obesitatea eta 2 motako diabetesa prebenitzeko planak eskaintzen ditu beren langileen osasunarekin konprometitu nahi duten enpresa txiki edo handientzat. Era berean, enpresa arteko aliantzak sinatu ditugu hainbat sektoretan, epe laburrean gizarterako konponbide osasuntsuak sortzeko.

Gainera, konpainia sendotu eta gure merkatua mundura zabaldu nahi dugu Donostian dugun egoitzatik. Gure produktuen pipeline-an sartuko ditugu predikzio tresna genetikoak, diagnostikorako konponbideak eta, batez ere, obesitatea eta 2 motako diabetesa gainditzen laguntzeko garapen digitalak.

Teknologia aprobetxatzen jakitea da erronka handiena, batetik, produktu hobeak sortzeko eta, bestetik, erakusteko gure osasuna hobetzeko egin daitekeen gehien-gehiena guk geuk egin dezakegula.


+info: www.patiadiabetes.com

Patia Diabetes