ES | EU


2015ko Azaroa 28


Addimen metalaren fabrikazio gehigarrian espezializatutako enpresa bat da. Sortu duten teknologiak aukera ematen du edozein diseinu egiteko eta edozein produktu fabrikatzeko. Oso teknologia egokia da eta ingurumena errespetatzen duena, ez baitu inolako zaratarik sortzen. Addimen enpresa gai da produktu bat diseinatu, ekoitzi eta merkaturatzeko egun bakar batean. “Stock-ak ez dira existitzen” izeneko beren metodologiari jarraiki, produktuak pertsonalizatu egiten dira eta aukera eskaintzen da ia ezinezkoak diren piezak fabrikatzeko.  

 

Joseba, Addimen enpresan “konponbide berritzaileak proposatzen dituzue egitura konplexuak dituzten pieza metalikoak fabrikatzeko”.

Laser bidezko fabrikazioaren hainbat esparrutan esperientzia handia dugun hiru lagunek sortu genuen enpresa hau 2014ko maiatzean. 2012. urtearen amaieran murgildu ginen teknologia gehigarriaren munduan, batez ere, fabrikazio gehigarriak metalen sektorean izan ditzakeen aukerak aztertzeko, aurrerapen berritzaileak baitakartza bai diseinuan eta bai sektore industrial desberdinetarako pieza metalikoen pertsonalizazioan.

 

Duela denbora batetik hona jende askoren ahotan dabil fabrikazio gehigarria, baina zertan datza kontzeptu industrial berri hori?
Fabrikazio gehigarria da elementu metalikoak fabrikatzeko erabiltzen dugun teknologia; horri esker, hiru dimentsiotako osagaiak eraikitzen ditugu artxibo birtual batetik abiatuta. Piezak egiteko, metal hautsezko geruzak elkarren gainean kokatzen dira, eta ondoren dena bateratzen da laser izpi bat erabiliz.

 

Zer da MAM (Metalic Additive Manufacturing) teknologia? Zein abantaila eskaintzen ditu zuen bezeroentzat?

Abantailak ugariak dira jomugatzat ditugun sektore askorentzat; diseinatzeko askatasuna ematen du, produktu konplexuagoak ekoitz ditzakegu kostu gehigarririk gabe, pisua gutxitzen da piezaren tipologia optimizatuz… Bestalde, ezin dugu ahaztu hondakin kopurua murrizten dela, prozesu gehigarria delako eta, beraz, fabrikaziorako behar den oinarrizko materiala bakarrik erabiltzen delako eta soberakinak birziklatu eta berrerabili egiten direlako.

 

Oro har bost material erabiltzen dira fabrikazio gehigarrirako, eta  zuen berrikuntzetako bat da beste bi erabiltzen hastea.
Hori da, bai. “Tresna-altzairua 1.2709 ” eta “Inconel” dira material horiek.

 

Hauek dira “Tresna-altzairua 1.2709”ren propietateak:

– Gogortasun eta erresistentzia handia.

– Korrosioarekiko erresistentzia handia.

– “Makinagarritasun” ona.

Eta bere aplikazioak:

– Presio bidezko plastikozko injekzio eta urtze moldeentzako txertoak.

– Itsasorako osagaiak.

– Tresnak.

 

Inconel materialak propietate hauek ditu:

– Erresistentzia mekaniko bikaina.

– Korrosioarekiko erresistentzia handia.

– Hausturekiko erresistentzia handia.

– “Soldagarritasun” bikaina.

Eta hauek dira aplikazio nagusiak:

– Sektore aeroespaziala.

– Turbinak.

– Motorretarako osagaiak.

– Tresnak.

Beste material batzuk ere erabili daitezke teknologia honekin, esaterako titanioa edo aluminioa.

 

Zuen web orrian diozue zuen konpromisoa dela “bezeroei kalitatezko produktuak ematea kostu global lehiakorrean eta beren premiak kontuan hartuta”. Emaizkiguzu mesedez pare bat adibide.

Petronor: korrosioa ondo jasaten duten materialen karakterizazioa industria petrokimikorako.

Batz: hozte kanalak berriro diseinatzea eta txertoak fabrikatzea plastikozko injekziozko  moldeetarako.

Sener: sektore aeroespazialera bideratutako elementuen prototipoak egiteko piezen fabrikazioa.

 

Sektore honen etorkizunak interesgarria dirudi, baina hona iristeko ahalegin handia egingo zenuten, eta hemendik aurrera ere sakrifizio handiak egin beharko dituzue ikasten eta hazten jarraitzeko… Nolako laguntzak jaso dituzue?

2014an BEAZ eta SPRIri aurkeztu genien proiektua, eta harrera ona izan zuen. Erakunde horiek emandako euskarri eta laguntzari esker mamitu zen gure enpresa Bizkaiko Teknologi Parkeko KABI eraikinean.

Teknologia berria izaki, prozesu “ebanjelizatzea” garestiagoa da, eta denbora gehiago behar izaten da bezeroari dituen abantailak ikusarazteko. Ahalegin horri, gure motibazioari, eta teknologia honetan dugun fedeari esker erreferentzia bihurtuko gara egitura eta geometria konplexuak dituzten metalezko piezen fabrikazio gehigarrian.

 

Info+: www.addimen.com

BESTE BIDEO-ELKARRIZKETA