ES | EU


2015ko Uztaila 31


Mondragon Unibertsitateko (MU) Eskola Politeknikoan ikasi zuten, eta han, beste ikasle batzuekin batera, MUko ikasleentzako sare sozial bat sortu zuten, neurrira eginiko hainbat lan egin zituzten, eta, beren lagun ostalari batekin batera, negozio-ideia bati bueltaka hasi ziren, ideia hartan oinarriturik sortu baitute orain Iñaki Cortajarenak, Keldor Gerrikagoitiak, Joseba Nogalesek eta Josu Outeiralek Naian Software enpresa. Merkaturatu duten lehen produktua, Latipp, ostalaritzarako kudeaketa sistema bat da, erabiltzailearen esperientzia kontuan hartzen duena eta informazioa erraz eskuratzeko aukera ematen duena.

 

Zuen ezagutzak batera hazi ziren MUn eta lantalde ona osatzen duzue. Nola banatzen duzue lana?

Hala da, talde-lanean arituz bakoitzak profil definituago bat hartzen du, eta horregatik denborarekin taldea moldatuz joan da. Gehienbat, gutako bakoitzak zeregin zehatz bat dauka: Josuk, gure lagun eta bazkide ostalariak, merkataritza eta salmenta arloko lanak egiten ditu, trebeagoa baita giza-harremanetarako. Iñakik eta Keldorrek profil teknikoagoa dute eta garapenaz arduratzen dira. Azkenik, nik kudeaketa administratiboa daramat eta garapen prozesuan laguntzen dut.

 

 

“Sinplea, Intuitiboa eta Azkarra”. Zuen konponbideari esker ostalaritza sektoreak informazio ona izan dezake beren negozioetan gertatzen denari buruz…

Produktu hau sortu genuen Josuk hainbat arazo zituelako bere establezimenduan eta, beraz, bagenekien zertan huts egiten zuten ordura arte merkatuan zeuden produktuek. Arazo horietatik abiatuta erabaki genuen “erabiltzailearen esperientzia” delakoa ezartzea, ahalik eta gehien errazteko produktuaren erabilera. Erabilera hori sinpletuz, sistema azkarragoa eta arinagoa da. Bezeroari plus bat eskaintzeko, erabaki genuen ostalariaren kutxako informazio guztia (diru-sarrerak, gastuak, e.a.) modu logikoan eskaintzea grafikotan antolatuta, ondorioak erraz ateratzeko eran. Gainera, informazio hori noiznahi eskura daiteke nonahitik, saltokiaren sisteman jasotako datuen denbora errealeko kopia bat baitago jarrita lainoan. Labur esanda: ostalariak ez dauka establezimenduan egon beharrik gertatzen ari denaren berri izateko.

 

 

Nola sartu zarete merkatuan? Zein baliabide erabili dituzue zuen burua ezagutzera emateko?

Buelta asko eman genizkion horri eta hasieran foiletoak egin genituen, balizko bezeroekin geneuzkan “aurrez aurreko” bileretako tresna osagarri gisa. Orain, aldiz, bilerak planifikatu nahi ditugu interesa daukaten partnerrekin. Dakizuen bezala, merkatuan sartzeko lehen fasean gaude, eta planifikatzen ari gara gure produktua emeki zabaltzen lagunduko diguten merkatuko partner eta kolaboratzaileak identifikatu eta kontaktatzeko lana.

 

 

Horrelako jarduera bat hastea errazagoa da Mondragon Unibertsitatea bezalako ingurune batean…

Ingurunea berez industrialagoa izan arren, Mondragon Unibertsitateak laguntza eman zigun enpresaren oinarriak finkatzerakoan. Nola bulegoak eta zerbitzuak eskaini zizkiguten, behintzat gastu hori aurreztu ahal izan genuen, ez baita gutxi, hasieran dena baita zaila eta garestia. Geroztik beti egon dira prest, ahal izan duten neurrian, bai edozein kontsultatarako, bai une jakin batzuetan guretzat lagungarri gerta zitezkeen ikastaroak eskaintzeko.

 

 

Negozio guztien lehen urratsetan laguntzak eta aliantzak ez daude soberan; oso garrantzitsuak dira negozioa garatzeko.

Hala da. Une honetan ostalaritza munduko erabiltzaileen bila ari gara, gurekin kolaboratu nahi izango dutenak eta  gurea bezalako produktu bat merkaturatzeko interesa izan dezaketenak. Oraingoz Euskadin zentratu gara, baina beste edozein aukerari ateak itxi gabe. Proiektua nolakoa den ikusita, oso litekeena da irabazi-irabazi harremanak sortzea alderdi askorekin. Horregatik, aliantzak zehaztu eta sendotu nahi ditugu.

 

 

Latipp merkatuan sartu ahala hazi ere egingo da; konponbidea hobetuko duzue eta seguruenik konpondu beharreko arazo gehiago aurkituko dituzue…

Gaur egun Latipp programak eskaintzen duen abantaila nagusia da produktu sinplea dela. Ikusi dugu ostalari bakoitzarentzat “guztiz beharrezkoa” kontzeptua ezberdina dela, eta horregatik jadanik lanean ari gara horrelako funtzionaltasunak garatzen, nahiz eta beharbada sektoreko zati baten premiei baino ez dien erantzungo. Latipp produktuaren garapenari begira, gure asmoa da funtzionaltasun-sorta zabala eskaintzea ostalariari, berak aukeratu dezan eta, hala, produktua hobeto egokitu dadin bere premietara.

 

 

Latipp produktuari buruz:

Ostalaritza sektoreari zuzendutako softwarea da, azkar, erraz, denbora errealean eta munduko edozein tokitatik establezimenduaren kudeaketara sartzeko aukera ematen duena. Hori guztia instalazio konplexurik gabe eta prezio merkean. Gainera, ostalariak erosketa-aukera bat baino gehiago ditu, bere establezimenduaren premien arabera, hasi oinarrizko software batetik eta aurreratuago bateraino.  TPV berritzaile hau erabiltzeko baldintza bakarra dago: web nabigatzaile bat izatea. 

Info+: www.latipp.com