ES | EU


2017ko Maiatza 16


Bilboko RELEVO bideojoko enpresak titulu berri bat merkaturatu du: “Baboon!” du izena, bateragarria da PS4 kontsolarekin, eta eskuragarri dago “Game” dendetan. Jon Cortázarrekin hitz egin dugu bideojokoak izan duen harrera paregabeari buruz, eta zuhur agertu da: “Oraindik goiz da produktuaren salmenten emaitzak ikusteko, baina oso pozik gaude nazioarteko hedabideen erreakzioekin, oso positiboki baloratu baitute jokoa orijinaltasunari eta dibertsioari dagokienez…”

Hogei bat lagun urtebete baino gehiagoz aritu dira lanean “Tumbili” sortzeko; tximu txiki bat da, ez dena gai jauzi egiteko, eta hainbat ezaugarri dituzten bonba-sorta bat behar duena mugitzeko. Bide luzea izan da, eta oraintxe hasi da emaitza onena eskaintzen: “Erabiltzaileek jokoaz ematen diguten feedback-a oso positiboa da, beraz, oraingoz ez daukagu pozik ez egoteko arrazoirik!”

 

Relevo enpresak urte gutxi batzuk baino ez ditu, baina dagoeneko lan egin duzue bideojokoen sektoreko marka oso ezagunekin, hala nola “Yugenstudio” japoniarrarekin edo “PlayStation” berarekin. Nola lortu dituzue halako bidelagunak hain denbora laburrean?

Lan asko eginaz, produktuei balioa emanaz, eta beti aurrera begiratuz eta lankidetzarako bideak bilatuz. Moduren bat badago taldean lan egiteko, eta denoi irabaziak emango dizkigun harreman bat lortzeko, hortxe egongo gara aliantzak sortzeko eta ahalik eta urrunen iristeko.

 

“Baboon!” edo “Mindtaker” dira, azken hilabeteotan, Relevo enpresaren inguruan gehien entzun ditugun izenak. Lehenago egin dituzuen zein lan sartu beharko lirateke zuen top 5 zerrendan?

Hor dugu “British Bob Jumping Craze”, sakelakoetarako doako joko dibertigarria, “Android” eta “iOS” plataformetarako eskuragai dagoena. Hor dugu orobat “La Corona Encantada”, gure lehen jokoa, oso harrera ona izan zuena retro jokoak atsegin dituztenen artean. Eta baita ere “Battle for Asciion”, espaziontzien joko orijinal bat, non grafiko guztiak teklatuko karakterez eginda baitaude. Baina oso zaila da zerrenda bat egitea, azkenean, garapen guztietatik ateratzen dugu zerbait ona.

 

Nerabe joko-zale askoren ametsa izaten da estudio propioa sortzea, baina gutxik ematen dute azken urratsa. Zure kasuan, nola sortu zen “Relevo” sortzeko ideia?

Profesionalki, beti izan dut loturaren bat komunikazioaren sektorearekin, baina horrekin batera hainbat joko garatu ditut freelance gisa eta afizio bezala. Duela hainbat urtetatik publizitate-agentzia bat dut nire bazkidearekin, eta ikusi genuen bideojokoak eskain genitzakeela bezeroentzako komunikazio pieza bezala, orduan maila profesionalean esportatzen hasi ginen, negozio-ildo berri gisa. Pixkanaka, garapen horiek garrantzia hartzen hasi zirenez, produktu propio bat sortzen hasi ginen eta sozietate berria sortu genuen. Esan dezakegu batak bestea ekarri zuela eta erabaki genuela jauzi egitea…

 

2009az geroztik 17tik gora titulu garatu eta merkaturatu dituzue, ohikoa dena baino gehiago da hori. Zerk bereizten du “Relevo” sektoreko beste enpresa batzuetatik?

Relevo enpresan hainbat negozio-ildo dauzkagu. Garrantzitsuena da hirugarrenentzat enkarguz eginiko produktuena, eta baita ere produktu propioena. Produkzio horietako asko garapen kontrolatu eta azkarragoko enkarguen zati bat dira, eta arrisku gutxiago dituzte. Hirugarrenentzat egiten ditugun produktu horien abantaila da ikasteko aukera eta esperientzia ematen digutela gero guk gure produktuetan aplikatzeko, eta geure burua finantzatzen ere laguntzen digute, jakina. Bestalde, jokoak sortzen ditugu 80ko hamarkadako ordenagailuentzat, gustatzen zaigulako. Sekulako erronka da, eta gainerako estudioengandik bereizteko balio digu, “jokagarritasunaren” bihotzeraino goazelako potentzia grafikorik edo horretarako prozesurik gabe.

 

Gaming-ak -gorantz doan balorea da Espainiako merkatuan- elkarrekin uztartzen ditu aurrerapen teknologikoak eta talentu sortzailea. Uste duzu ematen zaizkiola behar dituen laguntza publikoak, edo oraindik bideojokoa hobby gisa ikusten da negozio seriotzat hartu beharrean?

Entretenimenduko bideojoko batzuek badute beren txokoa zenbait laguntza programatan. Gu, adibidez, “Bilbao Ekintza” nazioartekotze-programen eta BEAZen “Bizkaia Creativa” programaren barruan gaude, zeintzuetan oso babesturik sentitzen baikara eta laguntzak ere jasotzen baititugu. Uste dut gero eta argiago ikusten dela bideojokoena serio hartu beharreko negozioa dela.

 

“Baboon!”, “Mindtaker” eta “Project 8” misteriotsuaren ostean, badago proiekturen bat “itxaron zerrendan” bere momentua iristeko zain? Aukeratzerik bazenu, nolako jokoa egin nahiko zenuke?

Proiektu-zorro handia dugu etorkizunerako, baina hortxe daude zain, baliabideak behar ditugulako proiektuak berme guztiekin gauzatzeko. Project 8 jokotik harago (hori 2018 erdialderako iritsiko da), ez dugu argi zer egingo dugun, baina gustatuko litzaiguke estilo klasikoko abentura grafiko bat garatzea. Dagoeneko marraztu dugu istorio bat, baina oraingoz, itxaron egin beharko du!

 

Bideojoko bat sortzeak prozesu zaila dirudi, elkarrekin uztartu behar baitira teknika, narrazioa, ikus-entzunezko efektuak… Partekatu dezakezu gurekin zuen sorkuntza prozesuari buruzko anekdotaren bat?

Joko mekaniken ideia nagusi bat hartzen dugu abiapuntutzat, eta gero istorio batekin janzten dugu; pixkanaka pertsonaiak eta unibertso osoa sortzen dugu joko mekanika horien inguruan. Lehenik eta behin, izen bat bilatzen dugu jokoarentzat, izenburu batek errealago egiten duelako eta produktua barneratzen laguntzen duelako. Hortik aurrera, jokoaren aurpegi guztiak xehatzen ditugu, pixkanaka eraiki eta osatu arte. Lan zirraragarria da, eta oso sortzailea! Gero produkzioaren unea iristen da eta garapen-faseko arazoei aurre egin behar izatea, baina sorkuntza-prozesua da gehien gozatzen duguna, eta erosoena Relevo enpresarentzat.

 

+info: http://www.relevovideogames.com

Baboon reverso ps4